Afganistan

Abuztu amaierarako AEBetako tropa guztiak Afganistandik kanpo nahi ditu Bidenek

Etxe Zuriak aurreratu egin du irteera data. Bidenek esan du AEBek ez zutela Afganistan inbaditu «nazio bat eraikitzeko».

Joe Biden AEBetako presidentea, atzo, Etxe Zurian egindako agerraldian. TOM BRENNER / EFE
Julen Aperribai.
2021eko uztailaren 9a
12:23
Entzun

Talibanen erasoen areagotzeak aldarazi egin du Joe Biden AEBetako presidenteak Afganistanen dituen tropak erretiratzeko asmoa, baina ez askok uste zuten modura. Tropek utzitako zuloak bereganatzen ari dira talibanak, eta horrek Bideni bertan jarraitzeko bertan jarraitzeko justifikazioa eman ziezaiokeen arren, kontrakoa egin du, eta azkartu egin du erretiratzea. Atzo baieztatu zuen abuztuaren 31ra aurreratu duela soldadu guztiak herrialde horretatik kanpo izateko epemuga, aurrez horren inguruko informazioa zabalduta zegoen arren. Hasiera batean, irailaren 11n amaitu nahi zuen irteteko prozesua, New Yorkeko dorre bikien aurkako atentatuaren urteurrenean.

«Status quo-a» ez zela aukera bat, eta Afganistanen geratuz gero tropa estatubatuarrek "bajak" izango lituzketela esan zuen Bidenek. Afganistanen esku hartzeko arrazoia «Irailaren 11 hartan AEBetako bihotzean atentatua egin zuten terroristekin amaitzea», Osama Bin Ladenekin «justizia egitea» eta «Al-Qaedak AEBetako segurtasunari eragindako mehatxuarekin amaitzea» zirela adierazi zuen presidenteak, eta ez «nazio bat eraikitzera».

Asteon, Pentagonoak jakinarazi du tropen erretiratzeko prozesuaren %90 egin dutela, eta AEBetako armadak kontrolatutako zazpi instalazio militar Afganistangoaren esku utzi dituela.

Bitartean, geroz eta eremu handiagoa hartzen ari dira talibanak; batez ere, herrialdearen iparraldean. Barrutiak eta errepideak kontrolatzen ahalegintzen ari dira, eta horietako batzuk ia borrokarik egin gabe lortu dituzte. «Militarki, 2001etik izan diren indartsuen daude talibanak», aitortu zuen Bidenek, eta ez zuen baztertu herrialdearen kontrola hartzea. Hala ere, «ondo hornitutako 300.000 soldadu afganiarrekiko konfiantza» dutela nabarmendu du, zeinak, haren arabera, munduko beste edozein armadatakoak bezain onak diren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.