Burua lehengo lepotik duela hasi da urtea Mexikon. 24 orduren buruan, 24 hilotz aurkitu dituzte hegoaldeko Acapulco hiri turistikoan, bortizki hilak guztiak. Poliziaren arabera, droga trafikoan aritzen diren taldeen arteko borroken ondorio izan dira hilketa horiek. Urtea hasi denetik, gisa horretako lehen hilketak izan dira.
24 hildakoetatik hamabortz, merkataritza gune baten pareko espaloian aurkitu ditu Poliziak. Burua moztuta zuten denek, eta haietariko hamalauren buruak handik hurbil aurkitu dituzte, pilatuta. Gorpuen ondoan bi mezu aurkitu dituzte, baina Poliziak ez du eman bertan idatzitakoaren berri. Narkotrafikoan aritzen diren taldeek sarri utzi ohi dituzte arerioen aurkako mezuak gorpuen ondoan.
Gainerako hilotzak hiriko gune ezberdinetan aurkitu dituzte. Lau taxi baten barrenean agertu dira, bi denda baten parean, eta bertze bat La Cima auzoan. Herenegun arratsean, berriz, polizia bat eta haren bizkartzain bat hil zituzten tiroz.
Felipe Calderonek 2006an Mexikoko presidentetza hartu zuenetik, 30.000 lagun inguru hil dira droga trafikoan aritzen diren taldeen inguruko gatazketan. Urterik odoltsuena iazkoa izan zen, 10.000 hildakorekin. Calderonen iritziz, gobernuak «hagitz gogor» jo zuen iaz talde horien kontra.
Acapulcon 24 lagun hil dituzte, horietako 15 burua moztuta
Droga trafikoarekin zerikusia duten taldeen arteko urteko lehen hilketak izan dira herrialdean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu