Adin txikikoek ere pairatzen dituzte gatazken ondorioak; horixe bera salatu du Save the Childrenek, urtero kaleratu ohi duen txostenean. Eman dituen datuen arabera, iaz inoiz baino adin txikiko gehiago bizi ziren gatazka eremuetan, 520 milioi; eta inoiz baino krimen larri gehiago egin ziren haien kontra, 40.000 pasa. 2023arekin konparatuz gero, %30 egin zuten gora.
Mundu osoko bost adingabetik bat bizi da gatazka eremuetan; are, Afrikan bizi dira gehienak, ia herenak (%32,6), eta aintzat hartzekoa da gobernuz kanpoko erakunde horrek erregistratutako krimenen erdiak lau herrialdetan egin zituztela: Palestinan, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Nigerian eta Somalian. Zerrenda horretako lehen herrialdea nabarmendu du Save the Childrenek, Palestinako lurralde okupatuetan egon baitira «bortxa larri» gehien. Han hil edo mutilatu dituzte adin txikiko gehien: hirutik bat, hain zuzen.
NBE-ren arabera, zeintzuk dira ADINGABEEN KONTRAKO krimen larriak?
Hiltzea eta mutilatzea.
Armadek eta talde armatuek errekrutatzea.
Bahitzea.
Eskolei eta ospitaleei eraso egitea.
Indarkeria sexuala.
Laguntza humanitarioa jasotzea eragoztea.
Save the Childrenen arabera, iaz 7.405 adingabe errekrutatu zituzten armadek eta talde armatuek. Aurreko urtearekin konparatuta, zertxobait gutxiago izan ziren, %4,5 gutxiago, nahiz eta atzerago begiratuz gero bortxa larri horren joera gorantz doan. Iazko kasu gehienak (%70) Afrikako herrialdeetakoak dira: Kongoko Errepublikakoak, Nigeriakoak eta Somaliakoak, hain zuzen ere. Gauza bera esan daiteke bahiketen inguruan: iaz, inoiz baino bahiketa gehiago egin zituzten indar armatuek; gehienak, aipatutako hiru herrialde horietan.
Mutilen eta nesken artean ere badago aldea. Krimen larri guztiak aintzat hartuta, hamarretik sei mutilek sufritu zituzten, eta ia lau neskek —kasu gutxi batzuetan ezin izan dute zehaztu adingabearen sexua—. Dena den, indarkeria sexualak «neurriz kanpo» eragin zien neskei, erregistratutako kasu ia denak haien kontrakoak izan baitziren.
«Segurtasuna norentzat?»
Bestalde, azken lau urteotan, gorantz egin dute eskolen eta ospitaleen kontrako erasoek. Ia 2.500 egin zituzten iaz: eskolen kontrako eraso gehienak, Ukrainan; eta ospitaleen kontrako gehienak, berriz, Palestinako lurralde okupatuetan.
Izan ere, Save the Childrenek ituan jarri du gastu militarra, eta kontuan hartzekoa da gaur kaleratu duen txostenaren beraren izenburua: Security for whom? Militaries funded, childhoods forgotten (Segurtasuna norentzat? Armadak finantzatuta, haurrak ahaztuta). Erakundeak nabarmendu du munduko gastu osoaren %2 ere ez dutela erabiltzen helburu bakezaleetarako. «Segurtasunerako jarritako gastua gorantz doan arren, adin txikikoak ez dira egon inoiz hain babesgabe», esan du txostenean, gastu militarra «planteatuta dagoen moduak» ez baititu adin txikikoak gatazken ondorioetatik salbatzen. Halaber, Inger Ashing Save the Childreneko zuzendari exekutiboak adierazi du segurtasunak ez duela zerikusirik «armekin edo harresiekin», baizik eta haurrak «seguru egotearekin, ikastearekin eta beldurrik gabe bizitzearekin».
400.000Hogei urtean zenbat krimen larri erregistratu dituzten Save the Children 2005ean hasi zen gatazka guneetako krimen larrien gaineko datuak biltzen, eta hogei urtean 400.000 kasu erregistratu dituzte, gaur kaleratu duten txosten baten arabera. Horien artean, hildako edo mutilatutako 160.000 adin txikiko eta indar armatuek errekrutatutako 100.000. Datu horiek 33 herrialderi dagozkie.
27.000 gatazka erregistratu zituen iaz Save the Childrenek, aurreko urtean baino 3.000 gehiago. Are, 2010etik iaz arte, %60 egin dute gora gatazka guneetan bizi diren adin txikikoek, eta krimen larriak halako bost dira ia. «Horrek frogatzen du gatazkak geroz eta ohikoagoak direla, baita hilgarriagoak eta latzagoak ere», Save the Childrenen arabera. Dena den, erakundeak zehaztu du gatazkak ugaritzeak soilik ez duela azaltzen zergatik ugaritu diren hainbeste krimenak; bi emendatze horien arteko «desberdintasunak» zera uzten du agerian: «Haurrak babesteko nazioarteko arauen erosioa».
Gatazken aldeetako «elkarrizketek» krimen horiek gertatzea eragotzi dezaketela adierazi du erakundeak, horrek nazioartearen «konpromiso sendo eta koherentea» galdegiten duen arren. Horretarako gomendioak ere zerrendatu dizkie herrialdeei: gatazketan dauden adin txikikoak babestea; krimenak egiten dituztenen kontrako erantzukizuna bermatzea; gatazkak prebenitzeko eta bakea sortzeko inbertitzea; eta adin txikikoei entzutea.