Pennsylvaniako Auzitegi Gorenak zabaldu du txostena. Bertan, mila adingaberi baino gehiagori sexu abusuak egiteaz akusatutako 300dik gora monsinore, apezpiku, artzapezpiku eta kardinalen izenak agertzen dira. "Apaizek haurrak bortxatu zituzten, eta haien gainetik zeudenek ez zuten ezer egin, eta, gainera, urteetan ezkutatu egin zituzten abusuok".
Ikerketak 1947az geroztik Pennsylvaniako sei elizbarrutitan gertatutako erasoak biltzen ditu. Ondorioek hautsak harrotu badituzte ere, auzitegiak zehaztu du kasu gehienetan ezinezkoa dela epaiketarik egitea delitua preskribatua dagoelako edota erasotzailea hilik dagoelako. Dena den, Erie eta Greensburgeko elizbarrutitako bi apaizen kasuan salaketek aurrera egin dute.
Ikertzaileen lana txalotu du John Shapiro fiskal nagusiak ere, eta zehaztu du AEBetan eta Eliza katolikoaren barruan egindako haurren kontrako sexu abusuen inguruko orain arteko ikerketarik zabalean dela hau.
Shapirok salatu du Elizak nahiago izan zuela biktimak alde batera utzi eta apaizak babestea, gertatutakoa salatzea baino. "Arduradunek txorakeria edo jarrera desegoki gisa deskribatzen dituzte abusuok; baina ez da halakorik, bortxaketez ari gara".