«Adjaria aurreneko pausoa da Georgia berriro bateratzeko bidean»

Kristina Berasain Tristan.
2004ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Sobiet Batasun ohiaren gainbeheraren ondoren sortu ziren estatuen garapena izan da Ariel Cohen ikerlariaren lanaren ardatza. Errusiako inperialismoa: Garapena eta krisia liburua idatzi zuen 1996. urtean. Jatorri judutarra duen arren, Itsaso Beltzan dagoen Crimea uhartean jaio zen, Yaltan (Ukraina). Gerora Tel Aviveko Unibertsitateko irakaslea izan zen. Egun Londresko Nazioarteko Ikerketa Estrategikoen Institutuko kidea eta Washingtongo The Heritage Fundazioko ikerlaria da. Bertatik erantzun die berriaren galderei.

Georgiako presidente Mikhail Saakashvilik hamar eguneko ultimatuma eman dio Adjariako presidente Aslan Abshidzeri paramilitarrak desarmatu eta autonomia bertan behera uzteko. Zer gerta liteke?

Saakashvilik besoa luzatu dio Abashidzeri elkarren artean eta modu baketsuan Adjaria eta Georgia arteko arazoa konpondu ahal izateko. Georgiako presidente izendatu zutenetik Saakashvilik helburu bakarra du, etaGeorgia berriro ere bateratzea da. Adjaria aurreneko pausoa da bide horretan.

Errepikatzen ahal da Adjarian Abkhazian eta Hego Osetian izandako independentzia prozesua?

Ez dut uste. Adjariako herritargehienek Georgiartzat dute euren burua eta georgieraz mintzo dira. Gehienak kristauak dira, nahiz eta islamaren jarraitzaileak egon, baina taldea txikia da oso. Adjaria Georgiaren baitan sartzeko prozesuaren giltza Errusiaren jarreran dago.

Zalantzan jartzen da Georgiak beste gerra zibil bati aurre egiteko gaitasuna izatea...

Nire ustez Georgiak ez du gerra zibil bat sustatu nahi, inork ez du gerra zibilik nahi. Horretarako prest dagoen bakarra Abashidze da.

Adjariako oposizioko Adjaria Gurea eta Adjaria Demokratikoa mugimenduek euren kideak atxilotu izana salatu dute. Egunotan ahots asko altxatu dira Abashidze presidentearen kontra. Zenbateraino du herritarren sostengua?

Argi dago batzuk Abashidezeren alde daudela eta beste batzuk kontra, baina hori ez da kontua. Kontua da Abashidze ez dela agintari demokratikoa eta azken hamabost urteotan bertako kazikea izan dela. Beraz, komenigarria da Adjaria Georgian integratzea; izan ere, modu horretan Georgia bera hobeto integratuko da Kaukason eta, era berean, Kaukasoa Europan. Hau denen onerako izango litzateke.

Errusiako militar ohiek Abashidzeri babesa eman izana salatu dute Georgiako agintariek. Adjariak beti izan du Moskuren sostengua. Dena den, agintari errusiarrak irtenbide baketsuaz mintzatu dira aste honetan. Zer punturaino dago prest Kremlina Adjaria laguntzeko?

Errusiak, traidizionalki, separatista guztiei eman die babesa. Adjaria eta Hego Osetiako independentistak sostengatu ditu, bereziki, nahiz eta ofizialki ez duen hori onartu. Beraz, interesgarria da ikustea zer nolako politika eramango duen oraingo honetan, hau da, armak, dirua eta sostengu politikoa emango dien ikustea. Memento honetan, Errusia erabat neutral mantentzea gauzarik onena izango litzateke Saakashivilirentzat.

Georgiako soldaduak, berriz, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Armadaren sostengua dute. Hainbatek Washingtongo esku hartzea ikusi du Shevarnadzeren kontrako ekimenean. Zeintzu dira AEBen interesak Adjariako krisian?

Washingtonek 2003. urtean utzi zion Shevardnadzeri babesa emateari, hain zuzen ere, bere politikek krisi ekonomiko eta politikoa eragin zutenean. AEBek ez dute interesik Adjarian, baina bai Georgia herrialde oparoa izatean eta, ondorioz, presidente demokratikoa den Saakashviliri babesa emango diote.

Washingtonek Shaakashviliri babesa ematea Moskuren kontra aritzeko modu bat dela uste al duzu?

Antza denez Saakashvilik harreman ona du Putinekin, behintzat, harremana hobetzeko saiakera egiten ari da. Hemendik aurrera bi potentzien arteko jokoa serioa izango da. Etxe zuria eta Kremlima, biek, nahi dute Sobiet Batasun ohiko herrialdeetan egonkortasuna, garapena eta ekonomia, aurrera egin dezaten.

Shevardnadzek dimisio ematea lortu eta bozak irabazi ondoren, Saakashvili herrialdeko eskualde guztiak bateratzeaz mintzatu zen. Zer esan nahi izan zuen horrekin?

Hego Osetia eta Adjaria Georgian sartzea erraza da Saakashvilirentzat. Arazo larriena Abkhazia da. Bertan oso handia da errusiarrek emaniko sostengua. Halaber, kontrabandoari esker aberastu egin den elitearen babesa dute agintariek. Abkhaziako gerrilariek erabateko miserian bizi diren eta euren etxeetara bueltatu nahi duten 350.000 errefusiatu eragin dituzte. Georgian daude. Nazioarteak, Nazio Batuen Erakundea barne, ezertxo ere ez du egin arazo hau konpontzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.