Gauerdia baino lehen irten da AEBen azken hegazkina Afganistandik, zehazki, 23:29an. Modu horretan, amaiera eman diote hogei urtez herrialdean izan duten presentzia militarrari. Handik ordubetera sartu dira Talibanak Kabulgo aireportuan, Ameriketako Estatu Batuek Afganistanen izan duten azken basea bereganatzeko. Qari Yusuf Ahmadi Talibanen bozeramaileak herrialdearen independentzia aldarrikatu du: «Afganiarrek eta gure herrialdeak independentzia osoa lortu dute azkenean».
Video footage distributed by the Taliban showed fighters entering the airport in Kabul after the last U.S. troops left Afghanistan https://t.co/0qBxwbDOUQpic.twitter.com/HNS3UQWf7K
— Reuters (@Reuters) August 31, 2021
Kabulen eta herrialdeko beste hiri askotan tiro hotsak entzun dira ordubetez, AEBak herrialdetik irten direnean. Hala ere, Talibanek jakinarazi dute airera bota dituztela tiroak, «Ameriketako Estatu Batuak azkenik erretiratu direla» ospatzeko. «Afganistango Emirerri Islamikoa herrialde subiranoa da orain. Gure balioak, independentzia eta balio islamikoak babestuko ditugu. Amerika menderatuta, harreman onak nahi ditugu gainerako herrialdeekin».
Ebakuazio militarra amaitu bada ere, Washingtonek zehaztu du misio diplomatikoak jarraitu egingo duela, «alde egin nahi duten estatubatuar eta afganiar gehiagoren irteera ziurtatzeko». Adierazi du momentuz 79.000 zibil eta beste nazionalitate batzuetako 73.000 afganiar eta laguntzaile atera dituela Afganistandik. Frank McKenzie armadaburuak aitortu du ez dutela lortu nahi zuten jende guztia ateratzea, baina zehaztu du hamar egun gehiago geratuta ere ez zuketela lortuko.
AEBetako tropek gaurkoa zuten hogei urtez okupatu duten herrialdetik ateratzeko azken eguna. Maiatzean hasi zuten erretiratze ofizialki, nahiz eta aurreko urteetan han zituzten soldadu kopurua apurka murriztuz joan. Joe Biden presidentea saiatu zen ebakuazioetarako epemuga luzatzen, baita horretarako CIAko arduraduna talibanekin hitz egitera bidaliz ere, baina miliziek eutsi egin zioten jarritako datari, eta ohartarazi zioten «ondorioak» egongo zirela okupazioa luzatzen bazuten. Hala, estatuburuak ez zuen izan amore eman beste aukerarik.
Nazioarteko armadak irtenda, Kabulgo aireportuko hegaldian etenda daude behin-behinean. Baina talibanak Qatarrekin eta Turkiarekin hitz egiten ari dira horiek berriz abiatzeko. Ankarak bere burua eskaini du aireportua kudeatzeko, baina talibanek segurtasuna euren gain hartu nahi dute. Hainbat iturriren arabera, Turkiak segurtasuna mertzenarioen esku uztea eskaini dio miliziari.
Errefuxiatuen krisia saihestea helburu
EB Europako Batasuneko Barne ministroek goi bilera egingo dute gaur Afganistango krisiaz hitz egiteko. Errefuxiatuena izango da mahai gainean izango duten eztabaidagai nagusia. EBko estatu kideek ez dute beste iheslari olderik nahi, eta hori saihesteko Afganistanekin mugakide diren estatuei «laguntzeko prest» agertu dira. Dena den, laguntza hori zer-nolakoa izango den gaur zehaztuko dute.
Bitartean, mugak itxita daude oraindik ere. Turkiak Iranekin mugan zuen hesia gotortu du, eta ohartarazi dio Bruselari ez dituela iheslari gehiago hartuko. Uzbekistanek ere, hasieran errefuxiatuak hartzeko prest agertu zen arren, mugako pasabideak itxi egin dituela iragarri zuen atzo.
Talibanak abuztuaren 15ean heldu ziren Kabulera, bi aste eskasean herrialde osoa bereganatu ostean. Geroztik nazioarteko indarrek ahalegin berezia egin dute herrialdean zituzten ordezkariak ateratzeko, baina hogei urteotan NATOko indarrei lagundu zieten milaka herritarretatik asko bertan geratu dira. Horietako askok ezkutura jo dute, eta beste askok Pakistan aldera. Miliziak esan duen arren ez duela mendekurik nahi, ugari izan dira salatu dutenak exekutatu egin dituztela haiekiko kritiko zirenak.