Peskoven arabera, Putin prest dago Zelenskirekin biltzeko eta Ukrainako meniaz negoziatzeko

Trumpek ostirala baino lehen lortu nahi du Kieven eta Moskuren arteko menia, eta zigor ekonomikoak ezartzeko mehatxua egin du. AEBak eta Errusia asteazkenean elkartuko dira.

Ukrainako erreskate zerbitzuetako langileak Kieven, joan den astean, Errusiaren erasoaldi baten ostean. SERGEI DOLZHENKO/EFE
Ukrainako erreskate zerbitzuetako langileak Kieven, joan den astean, Errusiaren erasoaldi baten ostean. SERGEI DOLZHENKO/EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko abuztuaren 4a
16:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Vladimir Putin Errusiako presidenteak izkin egin dio orain arte Volodimir Zelenski Ukrainako bere homologoari, ez baitu parte hartu nahi izan su eten bati buruzko aurrez aurreko negoziazioetan. Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskoven arabera, ordea, Putin prest egongo da Zelenskirekin biltzeko, baldin eta bi presidenteen hurbileko «adituek beharrezko lana» egiten badute aldez aurretik; halaxe adierazi du telefono bidez egunero eman ohi duen prentsaurrekoan: «Gogorarazi nahi dizuet [Putin] presidenteak ez duela baztertzen bilera bat izatea». Horretarako «prestaketa lanak» egiteko daude, Peskoven iritziko.

Bien bitartean, bukatzen ari da joan zen asteko asteartean Donald Trump AEBetako presidenteak ezarritako epea, Moskuk eta Kievek elkarren artean tregoa hitzartzekoa, alegia. Trumpek hamar egun eman zizkion Vladimir Putin Errusiako bere homologoari, eta badirudi negoziazioak aurrera doazela, Etxe Zuriaren Ekialde Hurbilerako eta Errusiarako ordezkari Steve Witkoff Errusian izatekoa baita asteazkenean eta ostegunean, Trumpek atzo gauean —gaur goizaldean Euskal Herrian— emandako prentsaurrekoan iragarri zuenez, New Jerseyn. Aintzat hartzekoa da datorren ostiralean bertan amaituko dela Trumpek ezarritako epea. Peskov Kremlineko bozeramailearen ahotan, «pozik» hartuko dute Witkoff haienean. Bestalde, Etxe Zuriaren Ukrainarako ordezkari Keith Kellogg Kieven egongo da aste amaiera aldean, Ukrainska Pravda hedabideak iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez.

AEBetako presidenteak mehatxu egin zuen «epemuga helduz gero eta Errusiak su etenik onartu ezean» zigor ekonomikoak aplikatuko dizkiola. «Antza denez, [Mosku] nahiko ona da zehapenak saihesten; azkarrak bezain trebeak dira». Dena den, kazetarien galderei erantzunez, esan zuen zigorrak saihesteko baldintza bat eta bakarra akordio bat onestea zela, «jendea ez dadin hil». Errusiari petrolioa erosten dioten herrialdeei ere muga zergak jartzeko aukeraz ere hitz egin du Trumpek azken egunotan, Indiari edota Txinari, esate baterako. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak sare sozialetan salatu du Errusiako armadak «bizirik dagoen guztia hiltzen» duela, eta nazioarteak «nahikoa botere» duela hori gerarazteko: «AEBen, Europaren eta munduaren erabaki sendoekin fidatzen gara, Errusiako energia eta banku sektoreen kontrako zigorrei dagokienez».

Kremlineko bozeramaile Peskovek nabarmendu du «garrantzitsuak, funtsezkoak eta lagungarriak» izan direla orain arte Putinen eta Witkoffen arteko bilerak —ikusteko dago ea Errusiako presidentearekin bilduko ote den oraingoan ere—. Aurten bost bider bildu dira dagoeneko; azkenekoz, apirilaren 25ean. Ukrainan okupatutako lurraldeen estatusari buruz ez ezik, Kieven eta Moskuren arteko negoziazio zuzenen inguruan ere eztabaidatu zuten.

Eta, orduz geroztik, Ukraina eta Errusia hirutan bildu dira Istanbulen —maiatzaren 16an, ekainaren 2an eta uztailaren 23an—, Turkia bitartekari ari baita. Preso trukea eta gerra frontean hildako soldaduen gorpuak entregatzea hitzartu dute bilera horietan. Zelenskik joan den asteburuan iragarri zuenez, alde bakoitza beste 1.200 gerra presoren trukea ari da prestatzen. Putin eta Zelenski oraindik ere ez dira juntatu Istanbuleko bilkuretan, eta, uztaileko bilera amaitu berri, horixe bera egitea proposatu zion Kievek Moskuri.

Bart gaueko ordu txikietan Ukrainaren 61 drone eraitsi dituela jakinarazi du ohar bidez Errusiako Defentsa Ministerioak, horietako gehienak Itsaso Beltzean, Ukraina ekialdearekin muga egiten duen Voronezh eskualdean eta Krimeako penintsulan. Ukrainako segurtasun zerbitzuek, berriz, Errusiaren Krimeako aerodromo baten kontrako drone bidezko eraso baten berri eman du gaur. «Itsaso Beltzeko operazioetarako aire base erabakigarria da», kaleratu duten oharraren arabera, eta gerra hegazkin bat suntsitu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.