Washingtonek eta Teheranek beste aukera bat emango diote diplomaziari

AEBetako eta Iraneko delegazioak datozen egunetan dira elkartzekoak, Islamabaden. AEBek Ormuzko itsasartea itxi duten arren, hiru petroliontzik pasabidea igaro dute gaur. Libanoko eta Israelgo ordezkariak Washingtonen bildu dira.

Iranek eta AEBek Islamabaden izandako elkarrizketen iragarki bat Islamabaden, larunbatean. SOHAIL SHAHZAD / EFE
Iranek eta AEBek Islamabaden izandako elkarrizketen iragarki bat Islamabaden, larunbatean. SOHAIL SHAHZAD / EFE
Beñat Mujika Telleria - Julen Otaegi Leonet
2026ko apirilaren 14a
18:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan zen asteburuan ordu luzez bilduagatik ere, Ameriketako Estatu Batuak eta Iran ez ziren ados jarri ez gatazka konpontzeko moduez, ezta Ormuzko itsasartearen kudeaketaz ere. Biltzen segitzekoak dira, ordea; hala adierazi dio gaur negoziatzen ari den Irango delegazioko iturri batek Reuters albiste agentziari. Litekeena da aste honetan bertan edo datorren astearen hasiera partean biltzea, Islamabaden. Donald Trump AEBetako presidenteak ere iradoki du datozen bilerek emango dutela zeresana: «Han jarraitu beharko lukete [delegazioek], baliteke-eta zerbait gertatzea datozen bi egunetan», esan dio New York Post egunkariari.

Pakistanek, aldeen arteko bitartekariak, ez du nahi diplomazia saiakera hori elkarrizketa saio bat eta bakarrean geratzea. Shehbaz Sharif herrialde horretako presidenteak adierazi du lehenbiziko bilera hori «gertakizun historikoa» izan zela; prentsaurrekoa egin du gaur, eta nabarmendu du «ahaleginetan» ari direla Washingtonek eta Teheranek «irtenbidea» topa diezaieten konpontzeke dituzten gai guztiei.

Aldeek bi asterako tregoa bat adostu zuten joan zen asteko asteazkenean, eta apirilaren 22an da amaitzekoa. Bada, Sharifek jakinarazi du Txinarekin, Saudi Arabiarekin eta G7ko herrialdeekin hizketan ari dela, «abian dagoen meniak etenik izan ez dezan», eta AEBek eta Iranek datorren asteazkena baino lehen beste bilkura bat egin dezaten. Hala ere, erantsi du «hilabeteak edota urteak» behar izaten direla «bakea» ezartzeko.

Horrekin lotuta, JD Vance AEBetako presidenteordeak ukatu egin du Iranekin izandako elkarrizketek porrot egin dutela, eta azpimarratu du lehen bilera horretan «aurrerapausoak» eman zituztela. Hala ere, pilota Iranen teilatuan dagoela esan du, Fox News hedabidean bart eman duen elkarrizketan. Izan ere, AEBetako presidenteordearen hitzetan, Iranek «nolabaiteko malgutasuna» erakutsi zuen Islamabaden egin zen eta Pakistan bitartekari eduki zuen bilera horretan, baina ohartarazi du ez dela nahikoa: «Zalantza nagusia zera da: Iranek aurrera egiteko behar ditugun funtsezko puntuak onartuko dituen ala ez».

Adostasunik ez dute Ormuzko itsasarteari buruz: Teheranek horren gaineko kontrola aitor diezaiotela nahi du, eta Washingtonek itxia du pasabidea atzo arratsaldetik. Zehazki, helmuga edo irteera Irango portuetan duten ontziak blokeatzen ari da; 10.000 soldadu, dozena bat gerraontzi eta dozenaka gerra hegazkin zabaldu dituzte horretarako, AEBetako armadako Agintaritza Zentralaren arabera. Hala ere, blokeoa gorabehera, hiru petroliontzik AEBen blokeoa saihestu eta Ormuzko itsasartea zeharkatu dute gaur, Reuters albiste agentziak jakinarazi duenez; AEBetako armadak gezurtatu egin du.

Erresuma Batuak eta Frantziak iragarri dute goi bilera antolatu dutela ostiralerako, Ormuzerako «nazioarteko misio bakezale» bat eratzea eztabaidatzeko. Emmanuel Macron Frantziako presidentearen hitzetan, «gerrazaleak» ez diren herrialdeek hartuko dute parte, guztira berrogei herrialdek baino gehiagok. Bestalde, Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Guo Jiakunek gaur adierazi du AEBek ezarritako blokeoa erabaki «arriskutsua eta arduragabea» dela, «tentsioa areagotu baitezake, eta indarrean dagoen su etena arriskuan jarri».

Italiak EZ DU BERRITUKO israelekin DUEN arlo militarreko akordioa

Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak 

jakinarazi du ez dutela berrituko Italiak Israelekin duen lankidetza militarra. 2016an ezarri zuten bi herrialdeen arteko akordioa, eta bost urtean behin berritu izan dute; astelehenean ziren lankidetza luzatzekoa, baina «oraingo egoera» ikusita, Melonik azaldu du Italiak atzera egin duela. Akordio horrek bide ematen du ekipamendu militarra eta beste teknologia batzuk trukatzeko; Israelgo Atzerri Ministerioko bozeramailearen arabera, ordea, erabakiak ez du inolako ondoriorik izango: «Ez daukagu segurtasun akordiorik Italiarekin, eduki zehatzik inoiz eduki ez duen memorandum bat baizik».

Asteburuan, bestalde, Washingtonek Teherani proposatu zion ez dezala uranioa aberastu hogei urtez, eta hark erantzun zion prest zegoela uranio aberastuaren ekoizpena gehienez hamar urtez eteteko; horixe jakinarazi dio negoziazioetako iturri batek Israelgo Hareetz egunkariari. AEBetako The New York Times egunkariak emandako informazioaren arabera, programa nuklearra bost urtez bertan behera uztea eskaini zuen Iranek, eta AEBek atzera bota zuten proposamen hori. Aintzat hartzekoa da AEBek eta Israelek Iranen kontra otsailaren 28an hasitako erasoaldiak bete-betean etenarazi zituztela Teheranen programa nuklearra mugatzeko elkarrizketa saioak.

Teheranen aberastutako uranio erreserbak beste herrialde batera eramateko exijitu izan du Washingtonek; negoziazioetako iturrien arabera, ordea, Iranek aberastutako uranioa «diluitzea» proposatu zion, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren ikuskaritzapean —Iranek %60 aberastutako 400 kilo uranio pilatu zituen iaz arte, eta %90 aberastutako uranioa beharko luke arma nuklearrak garatu ahal izateko—.

Israel eta Libano, hizketan

Libanok eta Israelek AEBetan dituzten enbaxadoreak —Libanoko Nada Hamadeh eta Israelgo Yechiel Leiter— aurrez aurreko bilera egin dute Washingtonen, eta horiekin batera da AEBetako Estatu idazkari Marco Rubio; haren hitzetan, gaurkoak aurreragoko elkarrizketak «prestatzeko» balioko du. Bilera amaitu ostean egindako adierazpenetan, Israelgo enbaxadoreak jakinarazi du Beirut eta Tel Aviv «batuta» daudela «Libano Hezbollahrengandik askatzeko»; eta bi herrialdeen arteko muga «zehatz eta argi» bat finkatzeko asmoa dutela. 

Alde bakoitzak bere lehentasunak ditu: Beirutek herrialderako su etena negoziatu nahi du, Iranek eta Pakistanek kontrakoa esanagatik ere AEBek eta Israelek esana baitute Ekialde Hurbilerako tregoak ez diola eragiten Libanori; Tel Aviven lehentasuna, berriz, Hezbollah Libanoko milizia xiita armagabetzea da.

Libanoko enbaxadore gaur, AEBetako Estatu Idazkaritzara iristen. LUKE JOHNSON / EFE
Libanok AEBetan duen enbaxadore Nada Hamadeh Washingtonen, gaur Israelgo enbaxadorearekin batzartu aurretik. LUKE JOHNSON / EFE

Ohar batean, Joseph Aun Libanoko presidenteak gaur esan du espero duela gaurko bilera «amaieraren hasiera» izatea, eta nabarmendu du Israelen okupazioaren konponbide bakarra herrialdeko armada zabaltzea dela, hura arduratu dadin herritarrak eta nazioarteak ezarritako mugak «zaintzeaz».

Israelgo Atzerri ministro Gideon Saarrek adierazi du Israelek «bakea eta normaltasuna» nahi dituela Libanorekin, baina erantsi du Hezbollah oztopo bat dela hori lortzeko bidean: «Israelek eta Libanok ez daukate arazo handiegirik elkarrekin. Hezbollah da arazoa».

Hezbollahko buru Naim Qassemek salatu du Libanok Israelekin «zuzenean» negoziatzea «amore ematea» dela, eta Joseph Aun Libanoko presidenteari ohartarazi dio Hezbollahren aurkako jarrera erakustea «Israelen mesederako» dela. «Erakunde sionistarekin negoziatzeari uko egiten diogu, ez baitauka zentzurik», adierazi du bart Qassemek, Libanoko telebista publikoan zuzenean eman duten agerraldi batean.

Bi aldeen arteko negoziazioak hasi diren egun berean, Israelen erasoek 35 herritar hil dituzte Libanon, herrialdeko iturrien arabera; gatazka hasi zenetik 2.100 baino gehiago hil dira, Libanoko Osasun Ministerioak emandako datuen arabera. Bestalde, Hezbollahk jakinarazi du Israel iparraldeko hamahiru herrialderi eraso diela gaur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA