«Txostenaren tonuak, jasotzen dituen ideiek eta ateratzen dituen ondorioek kezkatzen gaituzte», adierazi zuen atzo Eileen Chamberlain Donahoe AEBek Giza Eskubideen Batzordean duen ordezkariak; emaitzen edukiaz, haatik, ez zuen aipamenik egin Washingtonek. Flotillan gertatutakoak argitzeko eskumena duen bakarra Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak izendatutako aditu taldea dela adierazi du, baina, AEBetako Gobernuak. Tel Aviveko gobernuaren onespena du talde horrek, eta joan den maiatzean gertatutakoa argitzeko zeregina aitortu diote nazioarteak eta Israelek.
Tel Aviven erreakzioa AEBena baino haratago joan da. Hala, ikerketaren emaitzak aintzat hartuko ez dituela jakitera emateaz gain, NBEko Giza Eskubideen Batzordea Israelekin obsesionatua dagoela salatu du.
Herrialde askok, bestela, ontzat jo dute batzordean aurkeztutako txostena, eta larritzat Israelen jokaera. Txostena bera aintzat hartu dutenen artean da Europako Batasuna. «Ikerketa burutzeko misioak egindako lana txalotzen dugu». Bruselak Gazaren aurkako blokeoa bertan behera uzteko eskatu du; halaber, Askatasunaren Flotillaren aurkako erasoan soldadu israeldarrek bederatzi lagun hil zituztelako, gertaerak gaitzetsi ditu.
Argitara eman berri duten txostenean jaso dutenez, Israelek legez kanpoko neurriekin egin zien aurre flotillan zihoazenei; inolako arrazoirik gabe kolpatu zituzten, torturatu eta tratu ankerra eman. Haietako sei arrazoirik gabe tirokatu zituzten gainera. Tel Avivek zabaldutako bertsioaren aurka, halaber, giza ekintzaileek armarik ez zeramatela diote ikerketaren emaitzek.
Horrez gain, ikerketa taldeak dio Israel frogak suntsitzen ahalegindu dela hasieratik. «Ontzien kontrola hartu zutenean, militarrek bidaiariek grabatutako irudi denak konfiskatu zituzten; horrez gain, kamerak, sakelako telefonoak eta ordenagailu eramangarriak». Hala, euren bertsioa zabaldu nahi izan dutela eta gertatutakoa monopolizatu nahi izan dutela ondorioztatu dute nazioarteko juristek.
Beste flotilla bat bidean
Askatasunaren Flotillari Gazarako bidea indarrez itxi ziotenetik, hara giza laguntza banatzeko antzerako ekimen bat baino egin dituzte. Azkena aste honetan bertan: hamar juduk Gazako blokeoa hautesteko hamaikagarren ahalegina egin dute; atzo, baina, Israelgo armadak flotilla hartu zuen. Ontzian zihoazenek ez zuten aurre egin, eta soldaduek ere ez zuten indarrik erabili.
Gazako egoerak, bestalde, bere horretan jarraitzen du. Atzo bertan, soldadu israeldarrek ustezko hiru ekintzaile palestinar hil zituzten, airez egindako eraso batean. Hamaseko iturriek aditzera eman dutenez, hainbat misilen metrailak eragindako zauriengatik hil ziren hiru palestinarrak.