GERRA UKRAINAN

AEBek beren beste marra gorri bat zeharkatu dute Ukrainan

Washingtonek aitortu du irismen luzeko misilak eman dizkiola jada Ukrainari. Etxe Zuriaren arabera, Kievek konpromisoa hartu du horiekin Errusiako lurrei eraso ez egiteko.

Joe Biden AEBetako presidentea, atzo, agerraldi batean. SAWN THEW / EFE
Joe Biden AEBetako presidentea, atzo, agerraldi batean. SAWN THEW / EFE
Igor Susaeta.
2024ko apirilaren 25a
11:00
Entzun

Ukrainako gerran jokatu behar duen rolari buruzko diskurtsoa moldatuz joan dira AEBak azkeneko bi urteotan, eta, horrekin batera, pausoz pauso zeharkatu dituzte auzi horretan bere buruari ezarritako marra gorriak. Hasieran uko egiten zioten, adibidez, Abrams tankeak gerra frontera bidaltzeari, baina iazko urtarrilean, 2022ko otsailaren 22an Errusiak Ukraina inbaditu eta ia urtebete pasatxo geroago, 31 ale bidaliko zituztela iragarri zuen Joe Biden AEBetako presidenteak. Inbasioaren ondorengo lehen urtebetean, Etxe Zuriak askotan adierazi zuen ez zizkiola F-16 gerra hegazkinak emango Ukrainari. Azkenean, baina, iazko udan onartu zuen beste herrialde batzuek Kievi abioi horiek entregatzea. Eta atzo aitortu zuen irismen luzeko misilak eman dizkiola Ukrainari, nahiz eta beti agertu izan den hori egitearen aurka.

Jake Sullivan AEBen Segurtasun Nazionaletako aholkulariak adierazi zuenez, Joe Biden AEBetako presidenteak berak otsail amaieran baimendu zuen Ukrainari era horretako misilak ematea. Pentagonoko iturriak aipatuz Reuters berri agentziak kaleratu du jakin zutela Errusiak molde horretako Ipar Korearen misil batzuk erabili zituela, aurreko urtarrilean eta abenduan, Ukrainaren aurka egiteko, eta horrek bultzatu zituela iritzia aldatzera. Sullivanek ez zuen zehaztu zenbat misil eman dizkioten Kievi, baina kopurua «kontuan hartzeko modukoa» da.

Joan den martxoan Ukrainari laguntza militarrean 300 milioi dolar —280 milioi euro inguru— ematea onartu zuen Bidenek, eta diru sail horretan sartu zituzten misil horiek. Ez dago argi, ordea, zenbat aldiz erabili dituzten. AEBetako iturri ofizialak aipatuz Reutersek argitaratu duenez, lehen aldiz lehengo astean erabili zituzten, Krimean egindako eraso batean —2014an anexionatu zuen Errusiak—. Eta The New York Times egunkariak iturri ofizialak aipatuz kaleratu du atzo goizaldean ere erabili zituztela Berdiansk inguruan, Errusiak okupatutako Zaporizhia eskualdean.

300 kilometro

Sullivanen esanetan, misil horien erabilerak «aldea» egin dezake gudu zelaian, baina azpimarratu zuen ez direla «erabakigarriak» izango. Misil horiek 300 bat kilometroko bidea egin dezakete; irismen ertainekoek, berriz, horren erdia. Orain arte molde horretakoak eman izan dizkio Pentagonoak Kievi, eskatuz, betiere, ez ditzala erabili Ukrainako lurretatik kanpo. Izan ere, horrek gatazka koska bat estutzea ekar dezake, Errusiak kontsideratu ahal izango lukeelako, inoiz ohartarazi izan duen moduan, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko herrialde bat zuzenean ari zaiola eraso egiten. Sullivanen arabera, Kievek konpromisoa hartu du Ukrainatik kanpo ez erabiltzeko.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea aspalditik ari da irismen luzeko misilak eskatzen. AEBek onartu dute, hainbat hilabetetako eztabaida baten ondoren, laguntza militarrean 61.000 milioi dolar ematea Ukrainari —57.000 milio euro inguru—, eta, Sullivanen esanetan, irismen luzeko misil gehiago sartuko dituzte horren barruan. Bidenek atzo sinatu zuen Kongresuak aurrera ateratako lege proiektua, eta nabarmendu zuen «inbertsio bat» dela Ukrainaren, AEBen eta Europaren «segurtasunari» begira. Etxe Zuriko maizterrak gogorarazi zuen Iranek eta Ipar Koreak material militarra ematen diotela Errusiari, eta gaineratu, bide batez, erabakiak mesede egingo diela AEBetan hornigai militarrak ekoizten dituzten enpresei.

Errusiaren betoa

Errusiak betoa jarri zion, atzo gauean, espazioan arma nuklearrak ezartzea debekatuko zuen NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan bozkatutako ebazpen bati, organo horretan aurkeztutako gisa horretako aurrenekoari. Japoniak eta AEBek bultzatu zuten proposamena, eta eskatu espazioan ez ezartzeko eta ez garatzeko arma nuklearrik edo suntsipen handiko armarik. Segurtasun Kontseiluko hamabost kideetatik hamahiruk alde bozkatu zuten, Txina abstenitu egin zen, eta Errusiak betoa jarri zion.

Bi herrialde horiek zuzenketa bat egin nahi zioten proposamenari, eskatuz debekatzeko edozein arma ezartzea edo garatzea espazioan, «ez soilik suntsipen armak». Aintzat hartu behar da, nolanahi ere den, nazioarteko hitzarmen batek debekatzen duela, 1967az geroztik, espazioan suntsipen handiko armak eta arma nuklearrak ezartzea.

Linda Thomas-Greenfield AEBek organo horretan duten enbaxadoreak adierazi zuen, osoko bilkuran, Vladimir Putin Errusiako presidenteak adierazi izan duela ez dutela espazioan arma nuklearrak ezartzeko asmorik. Orduan, galdera bat egin zion Errusiari Washingtonen ordezkariak: «Orduan zergatik ez duzue onartzen erabaki hori berresten duen planteamendu bat? Zer ari zarete ezkutatzen?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.