Ukrainarako laguntza onartu du AEBetako Ordezkarien Ganberak

Behe Ganberak 57.000 milioi euroko laguntza onartu du, demokraten babesarekin. Onartu dituzte Israelerako eta Taiwanerako diru laguntzak ere.

AEBetako Ordezkarien Ganberako presidente Mike Johnson
MIKE JOHNSON. AEBetako Ordezkarien Ganberako presidente Mike Johnson, atzo, Washingtonen. EFE
maddi iztueta olano
2024ko apirilaren 21a
05:00
Entzun

Ibilbide luzearen ondoren, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberak —Alderdi Errepublikanoak du gehiengoa— onartu egin ditu, azkenean, Ukrainara, Israelera eta Taiwanera bideratutako laguntza ekonomikoak: 57.000 milioi euro jasoko ditu Kievek, 12.100 milioi euro Tel Avivek, eta 7.500 milioi euro Taiwanek. Halaber, baiezkoa eman diote Gazako zerrendara eta «premia handia» duten beste leku batzuetara 8.400 milioi euroko laguntza humanitarioa bideratzeari. 

Ezohikoa izan zen atzoko bozketa saioa; izan ere, diputatu errepublikanoek eta demokratek bat egin zuten proposamenak aurrera eraman ahal izateko. Azkenean, banan-banan bozkatu zituzten laguntza ekonomikoak —lege proiektu bakarrean bozkatu beharrean, hasieran aurreikusita zegoen bezala— Ordezkarien Ganberako presidente Mike Johnsonek hala proposatuta. Ukrainarako laguntzak 311 boto jaso zituen alde; Israelera bideratutakoak, 366, eta Taiwanera bideratutakoak, 385.

Hilabeteotan, Ukrainara bideratutako laguntza ekonomikoak sortu ditu desadostasun gehien. Joan den irailean aurkeztu zuten lehenbizikoz laguntza ekonomiko sorta, eta Alderdi Errepublikanoko sektorerik kontserbadoreena berehala agertu zen Kievi laguntza ekonomiko gehiago ematearen aurka. Jarrera horri eutsi diote hilabeteotan, argudiatuta AEBetako «arazoak» lehenetsi beharko lituzketela; batez ere, migrazioaren afera. 

Asteek aurrera egin ahala, baina, aliatuei gero eta laguntza gehiago eskatzen aritu da Ukrainako presidente Volodimir Zelenski. Errusiak Ukraina inbaditu, eta gerra hasi zela bi urte pasatxo igaro diren honetan, Zelenskik birritan ohartarazi die bere aliatuei «arma eskasia» gero eta handiagoa duela Ukrainak, eta Errusiak irabaz ez dezan euren laguntza behar duela «ezinbestean».

AEBetako zenbait hedabideren arabera, gainera, Ordezkarien Ganberako zenbait diputaturekin bildu zen apiril hasieran herrialdeko inteligentzia zerbitzua, eta Ukrainako gerrari buruzko «informazio klasifikatua» eman zien. Ondoren, iragan astean, laguntza ekonomiko sortaren bozketa beste behin mahai gainean jarri zuen Johnsonek, eta hauxe esan zuen: «Soldadu estatubatuarrak bidali behar izatea baino nahiago dut Ukrainara balak bidali».

Zelenskik berehala eman zizkien eskerrak Ordezkarien Ganberako diputatuei. Hauxe idatzi zuen X sare sozialean: «Bihotzez eskerrak ematen dizkiet AEBetako Ordezkarien Ganberari, bi alderdiei, eta pertsonalki [behe ganberako] presidente Mike Johnsoni». Haren arabera, erabaki horrek «bide zuzenean» jarriko du historia. 

Indarrean sartu baino lehen, AEBetako Senatuak —Alderdi Demokratak du gehiengoa, eta espero da baiezkoa ematea— berriro ere onartu beharko ditu laguntza ekonomikoak; eta, ondoren, AEBetako presidente Joe Bidenek sinatu beharko ditu.

Errepublikanoak, zatituta

Alderdi Errepublikanoko sektorerik kontserbadoreena hasieratik agertu da Ukrainara laguntza ekonomiko gehiago bidaltzearen aurka, eta atzoko bozketak are gehiago areagotu du alderdi barruko ika-mika.  Zenbait alderdi errepublikanok «ahulegia» izatea leporatu diote Johnsoni, eta, gainera, egotzi diote laguntza onartzeko Alderdi Demokratarekin bat egin izana. 

Horiek hala, Alderdi Errepublikanoaren barruko desadostasunek gogora ekarri dute duela hainbat hilabete Ordezkarien Ganberako presidente ohi Kevin McCarthyrekin gertatutakoa: Alderdi Errepublikanoko diputatu kontserbadoreenek bultzatuta, kargutik kendu zuten zentsura mozio baten bitartez. Bada, The Washington Post egunkariaren arabera, hiru diputatu errepublikanok dagoeneko esan dute babestu egingo luketela Johnsonen aurkako zentsura mozio bat.

Ukrainara arma gehiago bidaliko ditu NATO-k

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak jaramon egin die azken asteotan Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik egindako eskaerei, eta Ukrainara arma gehiago bidaliko dituztela iragarri zuen herenegun gauean. Erakundeko buru Jens Stoltenbergen esanetan, «une honetan premiazkoa da» Ukrainari laguntza militarra ematea. Herenegun iragarri zuenez, aire defentsarako material gehiago bidaliko dute Kievera. Nazioarteko erakundeko 32 kideetako Defentsa ministroak «urgentziaz» bildu ziren, bideokonferentziaz, eta bilera horren ondoren hartu zuten erabakia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.