AEBek beste erasoaldi bat egin dute, eta Iranek baieztatu du jada ez dagoela akordiorik

AEBetako armadak zazpi egun daramatza jarraian Iran bonbardatzen. Gutxienez 50 pertsona hil eta beste bostehun zauritu dituzte azken asteetan.

AEBetako armadak egindako eraso batean txikitutako errepide bat, atzo, Hormozgan probintzian. EFE
AEBetako armadak egindako eraso batean txikitutako errepide bat, atzo, Hormozgan probintzian. EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko uztailaren 18a
16:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amaituta zegoen, baina orain amaitu dela ere esan dute. Donald Trump AEBetako presidenteak iragan astean jakinarazi zuen, eta gaur, berriz, beste aldeak baieztatu du, Iranek: amaitu dela, bertan behera geratu dela Islamabadeko memoranduma, AEBen eta Iranen arteko bake akordioa jada ez dagoela indarrean. Zazpi gauez jarraian egin diote eraso AEBek Irani, eta gaur goizaldean gutxienez beste zazpi pertsona hil dituzte. Guztira, Irango Osasun Ministerioaren arabera, uztailaren 6tik 50 pertsona hil ditu Washingtonek, eta beste bostehun zauritu.

Teheranek azken egunetan behin eta berriz leporatu die AEBei ekainaren 17an sinatutako akordioa urratzea. Gaur, baina, lehen aldiz Irango Gobernuko goi kargudun batek esan du memoranduma jada ez dagoela indarrean. Fars berri agentziak kaleratu ditu Kazem Gharibabadi Atzerri ministrordearen adierazpenak, eta, haren esanetan, AEBek ez dute bete memorandumean adostutakoa, eta bertan behera utzi dituzte hartutako konpromisoak. Hori dela eta, Gharibabadik esan du Teheranek ere ez dituela zertan bete akordioan adostutakoak: «Nahiko lan badugu gure herrialdea babesten». AEBek beren «egiazko aurpegia» erakutsi dutela adierazi du Mojtaba Khamenei lider gorenak, gaur zabaldutako ohar batean.

Izan ere, AEBetako armadak erasoak egiten segitzen du. Gaur goizaldean gutxienez zazpi pertsona hil ditu Hormozgan probintzian, herrialdearen hegoaldean. Tasnim albiste agentziak kaleratu duenez, hildako guztiak zibilak ziren. Gainera, probintzia horretan bertan, 116 telekomunikazio dorre suntsitu dituzte AEBek azken erasoetan. Helburu militarrez gain, Washingtonek hainbat zubi eta errepide ere bonbardatu ditu Irango hegoaldean, eta erasoak egin ditu herrialdearen erdialdeko hainbat hiritan ere.

Horiei erantzunez, Teheranek Persiar golkoko zenbait herrialdetan egin ditu erasoak gaur ere. Kuwaiteko Petrolio Korporazioak jakinarazi du eraso horietako batean petrolio instalazio garrantzitsu bat jo dutela, eta, kalte materialez gainera, hainbat pertsona zauritu dituztela. Jordaniako Gobernuak ere salatu ditu Teheranen erasoak, eta esan du lau drone atzeman eta eraitsi dituela azken orduetan. Bahrainen ere aireko erasoez abisatzeko sirenak martxan jarri dituzte gaur.

«Gerra krimenak»

Persiar golkoko herrialdeen «gerra krimenak» egitea leporatu diote Teherani. GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseiluak gaur zabaldutako ohar batean salatu du Iran azpiegitura zibilei eraso egiten ari dela, eta hori Nazio Batuen Gutunaren kontra doala.

Bestalde, Teheranek jakinarazi du Irango auzitegiek «gerra krimenengatik» 3.000 salaketa baino gehiago erregistratu dituztela AEBen eta Israelen aurka. Iazko ekainean, hamabi eguneko gerran, eta aurtengo erasoaldian —otsailaren 28an hasi zuten— zehar egindakoak lirateke krimen horiek.

ISRAELEK GUTXIENEZ BESTE BEDERATZI PERTSONA HIL DITU GAZAN

Israelgo armadak Gaza suntsitzen eta palestinarrak sarraskitzen jarraitzen du. Gutxienez beste bederatzi pertsona hil ditu gaur zerrendan, guztiak Gaza hirian. Goizean, Xifa ospitaleak jakinarazi du hiru pertsona hil dituztela Zeitun auzoan, aireko eraso batean. Geroago, Al-Jazeera hedabideak kaleratu duenez, beste eraso batean sei pertsona hil dituzte Naser kaleko eraikin bat bonbardatuta. Guztira, 73.000 pertsona baino gehiago hil ditu Israelek Gazan 2023ko urriaren 7tik, eta 1.100 baino gehiago iazko urrian «su etena» indarrean sartu zenetik.

 

Azken egunetan, areagotu egin ditu zerrendaren aurkako erasoak Israelek; atzo, esaterako, hamalau pertsona hil zituen, erdiak hileta batean. Israelgo armadak esan du hiletan egindako erasoa «aztertzen» ari dela. Tel Avivek zazpi pertsona hil eta 22 zauritu zituen Nurseirat errefuxiatuentzako kanpalekuan, zerrendaren erdialdean, hileta ekitaldi batean bonbardaketa bat eginda. Armadak ohar bat kaleratu du gaur gertatutakoa aztertuko duela jakinarazteko, baina ez du bestelako xehetasunik eman.

 

Bestalde, gaur Belgikako Gobernuak jakinarazi du debekatu egingo duela Israelgo kolonietan ekoitzitako produktuak inportatzea. Udako atsedenaldiaren aurretik egindako azken gobernu bilkuran hartu dute erabakia. Hortaz,  Zisjordanian eta Golango gainetan okupatutako guneak jatorri dituzten salgaiak ezingo dituzte Belgikara inportatu. Hain justu, Belgikak neurri hori hartu du EB Europako Batasunak oroitarazi ostean Israelek okupatutako guneetan ekoitzitako produktuei ez zaiela zerga salbuespenik aplikatu behar. EBk eta Israelek merkataritza itun bat dute, eta talde komunitarioak abantaila komertzialak aplikatzen dizkie Israelgo salgaiei, baina ez ditu Israelgotzat hartzen okupatutako lurraldeetan ekoitzitako produktuak. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA