Klima larrialdia

AEBek eta EBk %30 murriztuko dituzte metano isuriak 2030erako

Datozen egunetan beste hainbat herrialdek ere konpromisoarekin bat egitea espero da, tartean Txina eta Brasil. Karbono dioxidoak baino bero handiagoa biltzen du metano gasak, baina hamar urteko bizitza bakarrik du.

Ikatz meategi bat Ukrainan. MARIIAN LYSEIKO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko irailaren 14a
13:52
Entzun

Aste honen amaieran iragarriko dute AEBek eta EB Europako Batasunak akordioa ofizialki. Baina adostasunaren puntu nagusia izango dena aurreratu dute hainbat komunikabidek: biek ala biek metano gasen isuriak %30 murriztuko dituztela 2030erako. Karbono dioxidoak baino berotze ahalmen handiagoa du metanoak, baina, hura ez bezala, hamar urte inguruko bizitza du, eta CO2 bihurtzen da gero. Hala, metanoa murrizteak bultzada bat emango lieke klima larrialdia murrizteko ahaleginei, erregai fosilen erabilera, ikatzarena batez ere, gutxituz doan bitartean —ikatza da erregai fosilik kutsagarriena, eta azken urteetan gora egin du haren ustiaketak—.

Oraingoz Washington eta Bruselak soilik sinatu dute hitzarmena, baina hura ofizial egin ondoren herrialde gehiago batzea espero dute: besteak beste, Txina, India eta Brasil. Erabakiak ondorioak izan ditzake metano gas gehien isurtzen duten alorretan, hau da, energiaren sektorean, nekazaritzarenean eta hondakinen kudeaketan. «Kontuan izanik metanoak bizitza laburra duela atmosferan, neurriak orain hartzeak berotzea moteltzeko balioko luke», nabarmentzen du testuak. Bi aldeek beste dokumentu bat ere izenpetu dute, non beste hainbat herrialderi dei egiten dieten akordiora batzeko. Helburua litzateke iazko kopuruak aintzat hartuta eta hamar urteko epean isuriak heren bat gutxitzea.

Bi dokumentuak ostiral honetan emango dituzte argitara ziurrenik, egun horretan biltzekoak baitira CO2 gehien isurtzen duten herrialdeak, azaroan Glasgown (Eskozia) egitekoa duten goi bilerari babesa emateko. Izan ere, estatuburu eta gobernuburuen gaineko presioa gero eta handiagoa da azaroa gerturatu ahala. Zientzialarien azken txostenek argi utzi dute klima larrialdia okerragotuz doala, eta neurriak berehala hartu ezean ondorioak muturrekoagoak izango direla. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen azken txostenaren arabera, orain arte eragin diren aldaketen ondorioak datozen mende eta milurtekoetan nabarituko dira: itsasoen azidotasuna handituz joango da, eta mendietako glaziarrek izotza galduko dute aurrerantzean ere.

Azken urteetan, nabarmen gehitu dira metano isuriak, ez bakarrik abeltzaintza industrialaren ondorioz, baita gasa ustiatzeko baliatutako haustura hidraulikoaren eta neurri egokirik gabe ustiatutako petrolioaren eraginez ere. Adituen arabera, erraza litzateke neurriok hobetzea, eta industriari ez lioke kostu handirik eragingo. AEBek eta Europako Batasunak iragarria dute metano gasak murrizteko legediak onartuko dituztela urtea amaitzerako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.