Ez sinadura ekitaldirik, ezta negoziazio bilerarik ere. AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Iran gaur ziren biltzekoak, Suitzako Buergenstock gunean, baina bertako Atzerri Ministerioak gaur goizean jakinarazi du ez direla bilduko, ohar baten bidez. Atzo goizaldean sinatu zuten memoranduma Donald Trump AEBetako presidenteak eta Masud Pezexkian Irango bere homologoak. Israelek Libanon egindako beste erasoaldi gogor baten ostean iritsi da albistea.
Etxe Zuriak bart jakinarazi du JD Vance AEBetako presidenteordeak bertan behera utzi behar izan duela Suitzara egitekoa zen bidaia, «logistika arazoak» tarteko. Baina ez du xehetasun gehiagorik eman, eta saihestu egin du bi aldeak noiz bilduko diren esatea. The Guardian egunkariak zabaldu duenez, bidaia bertan behera uztearen erabakia ustekabean iritsi da, izan ere Vance eta kazetari talde bat aerodromoan zeuden jada, Suitzara bidaiatzeko prest.
Aurrez, atzo arratsaldean, prentsaurreko bat eman zuen Vancek, Washingtonen. Bertan, adierazi zuen Suitzara asteburu honetan bidaiatzeko aukera mahai gainean zegoela, Iranekin aurrez aurreko bilera bat egiteko. «Gure asmoa Suitzara joatea da, zehazki ez dakit noiz. Negoziazio tekniko hori antolatu dugun moduak, jakina, lider politikoen parte hartzea eskatzen du», esan zuen.
Bi aldeek adostutako memorandumak jasotzen du gerra fronte guztietan amaitu behar dela; baita Libanon ere. Igande gauean jakinarazi zuen berria Washingtonek, baina, geroztik, Israelek egunero urratu du itun horretan adostutakoa. Goizaldean, gainera, azken asteko erasorik gogorrena egin du Israelgo armadak Libanon. Bertako albiste agentzia ofizialaren arabera, hemezortzi lagun hil ditu Israelek eraso horietan, eta 30 pertsonatik gora zauritu.
Gaur goizean zabaldutako ohar batean, Israelgo armadak adierazi du Hezbollah Libanoko milizia xiitaren eta haren azpiegituren aurkako erasoak egiten jarraitzen duela. Era berean, ohar berean Hezbollahri egotzi dio su etena «behin baino gehiagotan» urratu izana, eta azaldu du hainbat eraso egin dituela gaur gauean Libano hegoaldean horri erantzuteko.
Eraso horien berri eduki aurretik, Mohammad Ghalibaf Irango Parlamentuko presidenteak X sare sozialean zabaldutako mezu batean adierazi du Teheranek ez duela onartuko Washingtonek memorandumean adostutakoa urratzerik. «Asmo txarrez jokatuz gero, eta aurkariak gehiegizko eskaerak eginez gero, ez dugu zalantzarik izango etsaiari gogor erantzuteko unean», idatzi du goizaldean.
Bestalde, Israelgo armadak gaur goizean Telegram bidez jakinarazi du lau soldadu hil direla Libano hegoaldeak egiten ari diren «operazio militarrean».