AEBek eta Israelek lankidetza indartu dute Irani aurre egiteko

Etxe Zuriak bide diplomatikoari eutsi nahi dio Teheranen programa nuklearraren auzian; tentsioak gora egin du herrialdeanEBk Grezia konbentzitu nahi du Iranen kontrako petrolio bahimendua onar dezan

2012ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
«Garai dinamiko hauetan interes bateratuak ditugu eskualdean, eta bata bestearekin zenbat eta gehiago inplikatu, guztiontzat hobe izango da». Halaxe adierazi du Martin Dempsey AEB Ameriketako Estatu Batuetako armadaburuak Israelera eginiko bisitan. Israelgo armadaburu Benny Gantzek ere dio lankidetza indartu behar dutela segurtasun desafioei erantzuteko. Izan ere, Iranekin tentsioak gora egiten duela, batasun irudia erakutsi nahi izan dute Washingtonek eta Tel Avivek Teheranen aurrean. AEBek, gainera, Israelen berotuta dauden animoak baretu nahi ditu,Iranen aurka erasorik egin ez dezan.

Bi herrialdeen arteko komunikazioa indartzeko asmoz joan da Dempsey Israelera, AEBetan kezkatuta baitaude Israelen hainbat sektore Teherani eraso egiteko gobernuari presio egiten ari direla eta. Washingtonen ordezkariarekin elkartu aurretik, hain zuzen, erasorik gertatuz gero erantzuteko prestatzen ari direla adierazi du Gantzek. «Israel mehatxupean dago. Gurekin aurrez aurre jarri baino,nahiago dute atzeragoardiatik eraso egin. Horregatik operazio sakonetarako prestatzeko beharra daukagu».

Irani erasotzeak eskualdean arrisku larriak eragin ditzakeela badaki, ordea, Washingtonek. Izan ere, Teheranek argi utzi du erasoa izanez gero gogor erantzungo duela. Besteak beste, Ormuzko itsasartea ixtearekin mehatxatu du. Munduan ekoizten den petrolioaren heren bat igarotzen da hortik, eta hori ixteak mundu osoko krisia eragin dezake. Horrexegatik, Irani erasorik ez egiteko konpromisoa lortu nahi dute AEBek Tel Aviven aldetik bisita honetan. Horretarako, Gantzekin, Ehud Barak Defentsa ministroarekin, Simon Peres presidentearekin eta Benjamin Netanyahu lehen ministroarekin bildu da Dempsey.

Frantziak ere bide diplomatikoari eutsi nahi dio, eta gerra saihesteko denbora amaitzen ari dela ohartarazi die Errusiari eta Txinari. Hain zuzen, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kideak —AEBak, Alemania, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia eta Txina—bart Teherani elkarrizketak berriz hasteko proposamena egitekoak ziren. Iranek, dena den, argi utzi du auzi nuklearra negoziazio programatik kentzen ez badute ez dela hitz egitera eseriko.

Nazioartearen presioa

Iranen programa nuklearra Washingtonentzat nahiz Tel Aviventzat «mehatxua» dela nabarmendu du, bestalde, Dempseyk. AEBek, baina, horri aurre egiteko orain arte nazioarteak onartu dituen zigorrak «eraginkorrak» direla uste dute, eta Israelek, berriz, presioa handitu beharra dagoela dio. Benjamin Netanyahu lehen ministroak esan du Irango Banku Zentralaren eta petrolioaren aurka zigor gogorrak jarri behar direla, eta hori lehenbailehen egin behar dela, «ez hemendik urte erdira».

EB Europako Batasunak, hain justu, Irango petrolio esportazioak debekatzeko akordio bat lortu du, eta astelehenean bertan onartuko dutela espero da. Horretarako, Grezia konbentzitu behar dute lehenik, petrolio bahimenduaren kontra baitago Atenas. Bruselaren erabakiak jada kaltetuta dagoen Greziako ekonomiari are kalte gehiago egin ez diezaion berme bila ari da gobernua baiezkoa eman aurretik. Egun Irandik lortzen duen petrolioa baldintza berberetan beste herrialde batetik lortu ahalko duela ziurtatu nahi du. Akordioak Teheranekin petrolio kontratu gehiago sinatzea debekatzea biltzen du, eta egun indarrean daudenak uztailaren lehena baino lehen amaitzea.

Horretaz gain, astelehenean onartzea espero den akordioarekin Irango Banku Zentralaren aktibo gehienak izoztuko dituzte, eta beste finantza erakunde batzuen aurkako zigorrak ere onartuko dituzte. Era horretan, Teheran estutu egin nahi dute, eta programa nuklearrerako finantza bideak moztu. Izan ere, azaroan IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak jakinarazi zuen Iran lanean aritu zela bonba nuklearra lortzeko asmotan. Teheranek, ordea, bere programa erabilera baketsuetarako dela dio behin eta berriz.­

NBEren ustezko filtrazioa

Mostafa Ahmadi Roxan Irango zientzialaria hiltzeko NBEren informazioa erabili zutela salatu du, bestalde, Teheranek. Iragan hilaren 11n hil zuten Roxan, eta Iranek Israel egin du horren erantzule. Atzo hain justu Tel Aviv zigortzeko eskatu zion nazioarteari Iranek.

«Asmo txarreko ekintzak egiteko, terroristek NBEren informazioa erabili izanaren susmo handiak ditugu. Besteak beste, Segurtasun Kontseiluaren zigorren zerrenda eta IAEAk zientzialari nuklearrei eginiko elkarrizketak erabili dituztela uste dugu», adierazi du Irango NBEren ordezkari Exagh al-Habibek. Gainera, hil aurretik Roxan IAEAko inspektoreekin bildu zela jakinarazi du, eta erakundeari konfidentzialtasuna gorde ez izana leporatu dio. Horrez gain, NBEren Segurtasun Kontseiluak hilketa salatu ez izana kritikatu du. Martin Nesirky NBEko eledunak, berriz, esan du salaketak kontuan hartuko dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.