Latinoamerika

AEBek Guaidorik eta zigorrik gabeko plan bat proposatu dute Venezuelarako

Washingtonek «trantsizio demokratikorako» bide orri berri bat aurkeztu du, presidentetzarako bozak egitea helburu. Maduro ere ez lukete onartuko plan hori betetzeaz arduratuko litzatekeen gobernuan.

Juan Guaido, artxiboko irudi batean. EFE
ander perez zala
2020ko martxoaren 31
15:56
Entzun

Ameriketako Estatu Batuek (AEB), urtebetean lehenengoz, Juan Guaidorik gabeko etorkizun politiko bat aurreikusi dute Venezuelarentzat. Guaido izan zen AEBen apustu nagusia Nicolas Maduro agintetik botatzeko, baina aurrerapausorik ezak beste estrategia bat bilatzera behartu du Washington, eta orain bi agintari horien protagonismorik gabeko bide orria aurkeztu du. Plan hori beteko balitz, Etxe Zuriak zigor ekonomikoak kenduko lizkioke Latinoamerikako herrialdeari.

Elliott Abrams AEBen Venezuelarako mandatariak The Wall Street Journal-en publikatu duen artikuluan proposatu duenez, Madurok eta Guaidok ez lukete tokirik izango «trantsizio demokratiko» horretan, horien ordezkariek osaturiko Estatuaren Kontseilu delako batek izango lukeelako prozesua gidatzeko ardura. Hain justu, Abramsen arabera, kontseilu horrek antolatuko lituzke presidentetzarako hauteskunde «aske eta justuak».

«AEBek ez dute alderdi politiko jakin bat babesten Venezuelan. Demokraziara itzultzea babesten dugu, eta uste dugu alderdi guztiek lehiatu behar dutela eremu orekatu batean, baita erregimenaren alderdiak ere, PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuak», zehaztu du AEBetako Gobernuaren ordezkariak.

Guaidok berak duela urtebete egin zuen antzeko proposamen bat, eta hori oinarri hartuta ondu du plana Etxe Zuriak. Hori bai, AEBen Venezuelarako mandatariak ohartarazi duenez, Auzitegi Gorena eta Hauteskunde Batzorde Nazionala berritzea ezinbestekoa izango litzateke, beste hainbat neurri hartzeaz gain: «Demokrazia ez da soilik bozei buruzkoa. Demokrazia zirraragarri batek hedabide libre eta askeak ere exijitzen ditu, erregimenaren zentsura orokortua amaitzeko».

Plan hori betez gero, zigor ekonomikoak kentzeko konpromisoa hartuko luke Washingtonek, Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak baieztatu duenez. Egun, Venezuelako klase politikoa eta PDVSA petrolio elkartea ari dira jasaten zigor horiek, eta horiekin negozioak egiten jarraitzen duen enpresa oro ere bai; Abramsek argudiatu duenez, horien helburua da Maduro presidentetzarako bozak egiteko konpromisoa har dezala behartzea.

Venezuelako presidentearen erantzunaren zain, Jorge Arreaza Atzerri ministroak atzo aurreratu zuen Madurok ez zuela AEBen proposamena onartuko, eta ohartarazi zuen irtenbide bakarra «bide konstituzionalari» jarraitzea dela; hau da, datorren abenduko parlamenturako hauteskundeak egitea: «Venezuelan, erabakiak Caracasen hartzen ditugu».

Testuinguru zailean

Etxe Zuriak proposaturikoa onartzeko testuingurua, ordea, ez da orain arteko egokiena. Iragan astean, AEBek auzitara eraman zuten Venezuelako presidentea, narkotrafikoa egotzita, eta 15 milioiko saria eskaini zuen Maduro atxilotzeko modua emango lukeen informazioaren truke. 

Narkotrafikatzaileentzako «eremu seguru bat» ahalbidetzea leporatu dio Donald Trumpen gobernuak Venezuelako estatuburuari: William Barr fiskal nagusiaren esanetan, «Maduroren zuzendaritzapean» haren ofizialek «droga tratuak» egin zituzten FARCeko kideekin.

Egun berean, Tarek Wiiliam Saab Venezuelako fiskal nagusiak jakinarazi zuen ikerketa bat hasi zuela Guaidoren aurka. Iazko apirilaren bukaeran estatu kolpe bat antolatu izana leporatzen diote Guaidori; Venezuelako Asanblea Nazionaleko presidenteak bere burua herrialdeko presidente izendatu zuen, eta nazioarteko 50 bat estaturen babesa eta aitortza jaso zuen. Hain justu, Saabek gaur jakinarazi du Guaido deklaratzera deitu dutela auzi horrengatik; etzi egingo dute saioa.

Guaidok hainbatetan proposatu du trantsiziorako gobernu bat osatzea, eta Madurok baiezkoa eman izan dio, baldintza bakarra beteko balitz: bera izatea exekutibo horren burua. Urtearen amaieran parlamenturako hauteskundeak egitekoak dira Venezuelan, eta ordurako hauteskunde batzordea berritzean ados jarri ziren Venezuelako presidentea eta Asanblea Nazionalekoa. Harrezkeroztik, ez da adostasunik izan bi aldeen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.