AEBek Iranekin lotutako helburuei eraso egin diete Sirian

Igor Susaeta.
2023ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Ekialde Hurbilean areagotzen ari da tentsioa. AEBek jakinarazi zuten Irango Guardia Iraultzaileak eta islamiar errepublika horrek babestutako talde armatu batzuek Siria ekialdean dituzten bi instalaziori eraso egin zietela atzo. Pentagonoak argudiatu zuen erabaki hori hartu zutela azken hilean gutxienez hamasei aldiz eraso dietelako AEBek eta haien aliatuek Iraken eta Sirian dituzten posizioei.

Lloyd Austin AEBetako Defentsa idazkariak ohar batean nabarmendu zuenez, bonbardaketa horiek, nolanahi ere, ez dute zerikusirik Gazaren eta Israelen arteko gerrarekin. Washingtonek Israel babesten du, eta biek etsai dute Iran. Islamiar errepublika horrek plazaratu izan du, hain zuzen, ez duela baztertzen «prebentziozko ekintza bat» egitea Israelen aurka. Iranen aliatua da Hezbollah milizia. Horrek eta Tel Avivek borrokak eduki dituzte, azken asteetan, Libano eta Israel arteko mugan.

Eskualdean tentsioa gora egiten ari den honetan, Irango armadak ariketa militarrak hasi dituherrialdearen erdialdean, hango Mehr albiste agentziak atzo kaleratu zuenez.

Eta Israelgo armadak jakinarazi zuen, sare sozialen bidez, berriro lehorrez sartu zela Gazan, atzo goizaldean. Yoav Gallant Defentsa ministroak agerraldi batean azaldu zuenez, lehorretik egin asmo duten erasoaldia «luzea eta zaila» izango dela espero dute.

Gazako iturri ofizialek jakinarazi dutenez, goizaldeko eraso horiek hogeitik gora lagun hil zituzten. Zisjordania okupatuan ere erasoak egin zituen Israelek, sarekaden bidez. Wafa Palestinako berri agentziaren arabera, lau palestinar hil zituzten, eta hemeretzi atxilotu.

Israelek ez du Gazan lurretik egin asmo duen inbasioa oraindik hasi, AEBek hala eskatuta. Hori kaleratu du asteon The Wall Street Journal egunkariak, Pentagonoko eta Tel Aviveko iturriak aipatuz. Horien arabera, itxarongo du AEBek Ekialde Hurbilean defentsa sistema berriak ezarri arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.