AEBek Iranekin lotutako helburuei eraso egin diete Sirian

Pentagonoaren arabera, Iranek babestutako miliziek hilabete honetan aurrez hainbat aldiz eraso egin diotelako erabaki du bonbardatzea. Israelek beste sartu-irten bat egin du, lurrez, Gazan

Lloyd Austin AEBetako Defentsa idazkaria, joan den urriaren 12an. EFE
Igor Susaeta.
2023ko urriaren 27a
14:01
Entzun

Ekialde Hurbilean areagotzen ari da tentsioa. AEBek jakinarazi dute Irango Guardia Iraultzaileak eta islamiar errepublika horrek babestutako talde armatu batzuek Siria ekialdean dituzten bi instalaziori eraso egin dietela gaur. Pentagonoak argudiatu du erabaki hori hartu dutela azkeneko hilabetean gutxienez hamasei aldiz eraso egin dietelako AEBek eta bere aliatuek Iraken eta Sirian dituzten posizioei, eta horien atzean Iranek babestutako miliziak daudela.

Lloyd Austin AEBetako Defentsa idazkariak ohar batean nabarmendu duenez, bonbardaketa horiek, nolanahi ere, ez dute zerikusirik Gazaren eta Israelen arteko gerrarekin. «Diferenteak dira, eta ez dute aldaketa bat adierazten Israelen eta Hamasen arteko gerrari dagokionez dugun ikuspegian». Washingtonek Israel babesten du, eta biek etsai dute Iran. Islamiar errepublika horrek plazaratu izan du, hain zuzen, ez duela baztertzen «prebentziozko ekintza bat» egitea Israelen aurka. Iranen aliatua da Hezbollah milizia. Horrek eta Tel Avivek borrokak eduki dituzte, azken asteetan, Libano eta Israel arteko mugan.

Eskualdean tentsioa gora egiten ari den honetan, Irango armadak ariketa militarrak hasi ditu Isfahan probintzian, herrialdearen erdialdean. Horien helburua da «borrokarako unitateen gaitasuna aztertzea», maniobren bozeramaile Karim Cheshakek Mehr albiste agentzian adierazi duenez.

Eta Israelgo armadak jakinarazi du duela bi egun egin bezala berriro lurrez sartu dela Gazan, gaur goizaldean. X sare sozialean kaleratu duen ohar batean azaldu duenez, operazio horretan soldaduak eta blindatuak zerrendaren erdialdera sartu dira «helikopteroen eta droneen laguntzarekin», eta «dozenaka helbururi» eraso egin diete. Ondoren Yoav Gallant Defentsa ministroak agerraldi batean azaldu duenez, lurretik egin asmo duten erasoaldia «luzea eta zaila» izango dela espero dute.

Gazako iturri ofizialek jakinarazi dutenez, goizaldeko eraso horien ondorioz hogeitik gora lagun hil dira: hamabi Khan Yunisen, zerrendaren hegoaldean, eta beste hamar inguru Gaza hirian, iparraldean. Zisjordania okupatuan ere erasoak egin ditu Israelek, sarekaden bidez. Wafa Palestinako berri agentziaren arabera, lau palestinar hil dituzte, hamabost zauritu, eta hemeretzi atxilotu.

Israelek ez du Gazan lurretik egin asmo duen inbasioa oraindik hasi, AEBek hala eskatuta. Hori kaleratu du asteon The Wall Street Journal egunkariak, Pentagonoko eta Tel Aviveko iturriak aipatuz. Horien arabera, itxarongo du AEBek Ekialde Hurbilean defentsa sistema berriak ezarri arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.