Donald Trump AEBetako presidenteak Iran ekonomikoki itotzea lehenetsi duen honetan, uztail amaieraz geroztik lehen aldiz AEBek Iranen posizioak jo dituzte gaur Persiar golkoan, eta Teheranek erantzun egin du, AEBek Arabiar Emirerri Batuetan eta Jordanian dituen base batzuk bonbardatuz. Iranek jakinarazi du erasoan hiru pertsona hil direla eta hainbat zauritu, eta mendekua hartuko duela.
AEBetako armadaren buruzagitzak X sare sozialean goizaldean idatzi duen mezu batean esan duenez, erasoa «mugatua eta zehatza» izan da, eta Iranek Larak uhartean dituen suziriak jaurtitzeko bi plataforma izan ditu jomuga. Informazio horren arabera, Ormuzko itsasartean hedatu nahi dituzten minak edukitzen dituzte suziri horiek. Buruzagitzaren esanetan, han minak jartzea «mehatxu bat» da. «Laburbilduz, Iranek mehatxu bat eragin du, eta AEBek ezereztu egin dute, marinelak eta komertzio globala babesteko», azpimarratu du.
Ordu batzuk geroago heldu da Teheranen erantzuna. Irango Guardia Iraultzaileak ohar batean esan du AEBek Arabiar Emirerri Batuetan duten base bat jo duela drone batzuekin, eta AEBek han zituzten helikopteroak eta militarrak zituela helburu. Washingtonek Jordanian dituen bi base ere jo ditu Iranek.
Arabiar Emirerri Batuek, baina, ukatu egin dute Iranen droneek bere lurretan dagoen base bat jo dutela. Defentsa Ministerioak ohar batean nabarmendu du «gezurra» dela, eta gaineratu du beren aireko defentsa sistemek Iranek jaurtitako drone bat erorarazi dutela. Horrekin lotuta, Jordaniako iturri ofizialek adierazi dute Iranen zortzi misil erorarazi dituztela.Â
AEBek Iranen posizioei eraso egiten dieten bakoitzean, Washingtonek eskualdean dituzten baseak bonbardatuz erantzun ohi du Teheranek. Guardia Iraultzailearen esanetan, AEBek Jordanian duten base batetik egin diote eraso Larak uharteari.
Eta, horiek horrela, Iranek ez du besoak gurutzatuta geratzeko asmorik. AEBen erasoaren ondoren, Kazem Gharibabadi Atzerri ministrordeak azpimarratu du Washingtonek «lezio serio bat» ikasiko duela. Hori jaso du Fars hedabideak. Atzerri Ministerioak, gainera, komunikatu bat kaleratu du, eta esan du «modu erabakigarrian» erantzungo dutela. Eta mezu hori indartu du Masud Pezezkian Irango presidenteak, Shanghaiko Lankidetza Erakundearen bilerara heldu denean, Bixkekera (Kirgizistan). «Guk ez dugu gerrarik nahi. Hori da guk munduari helarazi nahi diogun mezua. Halere, erasoa ikusita, ez gara erantzun gabe geldituko. Eskualde honen ezegonkortasunak mundu guztiari eragiten dio», esan die kazetariei. Hori bai, Tasnim Irango hedabideak argitaratu duenez, Pezexkianek adierazi du Iranek negoziatu egin nahi duela.
Trumpek, berriz, Fox News hedabidean hitz egin du, eta ohartarazi du AEBek gogor erantzungo dutela Iranek AEBen Jordaniako baseak jotzen baditu. Horrez gain, esan du Iranek Jordaniara jaurtitako misil guztiak eraitsi dituela, bat izan ezik. «Misil hori ez dugu eraitsi ez zuelako inolako arriskurik suposatzen», adierazi du AEBetako presidenteak.
Israelek berriro urratu du iazko urritik Gazarako ezarrita dagoen su etena. Izan ere, gaur zerrenda bonbardatu du, eta bost pertsona hil ditu Gaza hirian, EFE berri agentziak tokiko osasun iturriak aipatuz kaleratu duenez. Aire eraso horretan, gainera, hainbat pertsona zauritu ditu. Azkeneko 11 hilabeteetan 1.300 pertsona baino gehiago hil ditu Gazan.ÂIsraelek bost pertsona hil ditu Gazan
Tel Avivek, gainera, Libano hegoaldeari ere eraso egin dio. Hango berri agentzia nazionalak argitaratu duenez, Houla herria jo du artilleria erabilita. Horrekin lotuta, Joseph Aoun Libanoko presidenteak Israelen jarrera, «etenik ez duten erasoak», kritikatu zituen atzo ohar batean, eta eskatu zion Israeli tropak ateratzeko herrialdearen hegoaldetik, NBE Nazio Batuen Erakundearen ebazpen bati jarraikiz.
Badakite hori Arabiar Emirerri Batuek, eta hango presidentearen aholkulari Anwar Gargaxek X sare sozialean idatzi du eskualdeak «irtenbide politiko errealistak eta egonkorrak» behar dituela. Batetik, tentsioa baretzeko eskatu du, eta, bestetik, Ormuzko itsasartean trafiko komertziala berrezartzeko. Hori bai, iruditzen zaio konponbidearen oinarri bakarra ezin dela izan bi aldeek ekainean sinatu zuten eta dagoeneko paper errea bihurtu den elkarlanerako memoranduma. Hain zuzen, Doha izan da, AEBek hala eskatuta, Iranekin harreman komertzialak eten dituzten herrialdeetako bat.
EB Europako Batasunak, berriz, bere webgunean zabaldutako ohar batean adierazi du AEBekin eta G7koekin «elkarlanean» arituko dela aurrerantzean ere, «Irani presio egiteko». Era berean, berretsi du Iranek bere programa nuklearra «geldiarazi» behar duela, baita Errusiari Ukrainaren aurka abiatutako gerran ematen dion «laguntza militarra» eten ere. Gainera, EBk adierazi du prest dagoela beste neurri batzuk ere hartzeko bere «segurtasuna eta interesak babesteko» baldin bada, «Ormuzko itsasartean nabigatzeko askatasuna barne».
Trump, Kharg ezerezten
Ormuztik igarotzen da munduan kontsumitzen den petrolioaren %20 inguru, eta Iranek ia guztiz blokeatuta dauka hura otsail amaieratik —pasabidearen gaineko kontrola du Omanekin batera—, AEBek eta Israelek Iranen kontrako erasoaldia hasi zutenetik. AEBak esaten ari dira azken egunetan Teheranek han jarritako pertsonen kontrako minak kendu dituztela. Iranek, baina, kontrakoa dio, eta gaur jakinarazi du petroliontzi handi batek su hartu duela itsasarteko uretan, bi mina jo dituela eta. «Legez kanpoko bide batetik zihoan. Su hartu du, eta ez atzera, ez aurrera geratu da», esan du Irango Guardia Iraultzaileak ohar batean, hango komunikabideek jaso dutenez. Ez du zehaztu ez ontziak nongo bandera duen, ez sutean biktimarik izan ote den.Â
Persiar golkoko uretan baina Ormuztik 600 itsas milia ingurura dago Kharg uhartea. Hain zuzen, han dago Iranen petrolio azpiegitura nagusia, eta Trumpek adimen artifizialarekin egindako bideo bat kaleratu du Truth Social bere sare sozialean, zeinean ikusten den uhartea nola ezerezten duten. «Kharg uhartea txikituta! DJT presidentea», nabarmendu du Trumpek bideoari gehitutako mezu batean.