Teknikoki, su eten bat ezarrita dago Iranen eta AEBen artean, eta bi aldeak, gainera, beren arteko auziari irtenbide bat nola eman negoziatzen ari dira. Horiek horrela izanda ere, azken orduetan berriro kateatu dira biak, eta elkarri eraso egin diote. AEBek egotzi zioten atzo Irani ordu batzuk lehenago beren eraso egiteko helikoptero bat erorarazi izana Ormuzko itsasartean, eta, Donald Trump presidenteak iragarri bezala, erantzun egin du azken orduetan, eta Iranen helburu batzuk jo ditu. Iranek, bueltan, Washingtonek Persiar golkoan dituen base batzuei eraso egin die. Ez batzuen, ez besteen erasoek ez dute kalte nabarmenik eragin, baina tentsioa are gehiago areagotzen dute.
AEBek atzo egin zuten eraso, Washingtonen 17:00ak —Euskal Herrian 23:00ak— zirenean, hango buruzagitza militarrak gaur goizaldean ohar baten bidez jakinarazi duenez. Horren arabera, Qexm uhartea eta Persiar golkoko urek bustitzen dituzten Irango portuak jo dituzte; hango aireko defentsa sistemak, kontrolguneak eta radarrak, besteak beste. Irango Guardia Iraultzaileak kalteen berri eman du hango hedabideek zabaldutako ohar batean: telekomunikazio dorre bat Sirik hirian, eta bi ur biltegi eremu horretan.
Ordu batzuk geroago heldu da Iranen erantzuna. Guardia Iraultzaileak zehaztu du AEBen hiru base bonbardatu dituztela: bat Bahrainen, bat Kuwaiten, eta Jordania. Misilak eta droneak erabili dituzte horretarako. Atzerri Ministerioak azpimarratu du, bide batez, beren burua «defendatzeko» eskubidea dutela, eta horregatik egin dituztela aire eraso horiek. Hori esan du komunikatu batean.Â
Teheranen esanetan, 21 helburu zituzten jomugan, eta horietako lau jo dituzte; tartean, Jordaniako basean zegoen F-35 gerra hegazkin bat. Adierazi du, gainera, Irango Jam hiriko zeruan —kostaldean— zegoen AEBtako drone bat erorarazi duela. Jordaniako albiste agentzia nazionalak esan du, bestalde, bost misil erorarazi dituztela aireko defentsa sistemek.
Eta Trumpek iragarpena egin eta denbora gutxira heldu dira erasoa eta kontraerasoa. Helikoptero bat erorarazi zuten duela bi egun Ormuzen, eta barruan zihoazen bi soldaduak onik atera dira, iturri ofizialen arabera. Iranek ez du erasoa bere gain hartu, baina iradoki du helikopteroa Ormuz gainean egotea mehatxutzat hartu zuela, eta horregatik bota zuela. Mohammad Baqer Qalibaf da Iranen negoziatzaile nagusia Teheranek AEBekin zeharka dituen elkarrizketetan, eta zera idatzi zuen atzo, sare sozialetan. «Nahiago dugu diplomaziaren lengoaia, baina hitz jario askoz hobea dugu beste hizkuntza batzuetan».