AEBek kanoiak isildu dituzte Amerikako uretan

Iazko irailetik gutxienez 36 eraso egin dituzte narkotrafikoan aritzea leporatu dietenen txalupen kontra, eta 116 lagun hil dituzte. Urtarrilaren 3an Nicolas Maduro Venezuelako presidentea bahitu zutenetik, eraso bakarraren berri eman du Etxe Zuriak.

AEBetako armadaren 'USS Gerald Ford' hegazkinontzia. Venezuela blokeatzen duen flotako ontzi nagusia da. ALYSSA JOY / EFE
AEBetako armadaren 'USS Gerald Ford' hegazkinontzia. Venezuela blokeatzen duen flotako ontzi nagusia da. ALYSSA JOY / EFE
mikel rodriguez
2026ko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Droga trafikoa larrialdia eragiten ari zen AEBetan, eta, hori eragozteko, munduko lehenbiziko potentzia militarra txalupei erasoka hasi zen iazko irailean Karibeko itsasoan —baita, geroago, Ozeano Barean ere—. Narkotrafikatzaileen txalupak ziren, eta gehienek Venezuelan zuten jatorria. Horregatik, flota militar oso bat jarri zuten Hego Amerikako herrialde horren kostaldetik hurbil. Ordutik, 36 erasoren berri eman dute, eta 116 lagun hil dituzte, guztiak «narkoterroristak». Hori da Donald Trump AEBetako presidentearen kontakizuna, gutxi goiti-beheiti. Nicolas Maduro Venezuelako presidentea ere bahitu zuten narkotrafikoaren buruzagietako bat zelakoan. Hilaren 3an gertatu zen hori. Ordutik, eraso bakar baten berri eman dute AEBek. Kanoiak isildu dituzte, bertzelako esplikaziorik eman gabe.

Duela astebete egin zuten tiro azkenekoz: AEBetako armadaren Hegoaldeko Agintaritzak jakinarazi zuen bi «narkoterrorista» hil zituztela Ozeano Barearen ekialdean, txalupa batean «narkotrafikoaren ohiko ibilbide batean zihoazela». Aitzineko kasuetan bezala, bonbardaketaren bideo bat ere argitaratu zuten. Eraso horietan hil duten jendea halaxe izendatu ohi dute, «narkoterrorista», eta, Hegoaldeko Agintaritzak joan den astelehenean erran zuenez, 116 hil dituzte guztira, 36 erasotan, eta txalupa horietan zihoazen bertze hamarren berririk ez dute.

AEBetako Gobernuak ez du lan handirik hartu ontzi horiek narkotrafikoan ari zirela frogatzeko, eta askotariko kritikak jaso ditu: etikoak, politikoak eta metodologikoak. Eraso batean baino gehiagotan, biktimak arrantzaleak direla jakin da, bizirik ateratakoen eta hildakoen senideen testigantzek erakutsi bezala. Kasu horietako bat auzitegira ailegatu da aste honetan.

Chad Joseph eta Rishi Samaroo joan den urriaren 14an hil zituzten, txalupa batean Trinidad eta Tobagora bidean zirela, Venezuelatik atera ondoren. Bertze sei lagun hil zituzten eraso horretan. Joseph eta Samaroo arrantzaleak ziren, eta haien senideek salaketa bat paratu dute AEBetan. ACLU Ameriketako Askatasun Zibilen Batasuna eta Eskubide Konstituzionalen Zentroa arduratu dira auzibidea hasteaz, Massachusetts estatuko auzitegi federal batean. Kalte ordainak eskatu dizkiote AEBetako Gobernuari, eta ez dute inorentzako zigorrik galdegin. Hala ere, salaketa jarrita erasoak geldiaraztea dute helburu. «Espero dugu ebaztea Trumpen administrazioa egiten ari dena legez kanpokoa dela argi eta garbi», adierazi zion Jeffrey Stein ACLUko abokatuak Kanadako CBC irrati publikoari herenegun. 

Petrolioaren arrastoa

Trumpen administrazioak ez du erran erasoak gelditu dituenik, baina geldialdia adierazgarria da. Hiru hilabetean 35 jakinarazi zituzten; Maduro bahitu zutenetik igaro diren 27 egunetan, bakarra. Droga trafikatzaileekin «gatazka armatuan» zirela erran zuen Trumpek joan den irailean. Oraingoz, ez du azalpenik eman gatazka armatu hori zertan den: txalupak ateratzen ez direlako utzi ote dioten eraso egiteari, larrialdia leundu egin ote den, edo Maduro bahitzeak eraginik izan ote duen droga trafikoan. 

Akaso, Maduroren bahiketaren auzian bezala, droga ez den bertze substantzia batera desbideratu da Venezuelako kostaldean hedatuta dagoen flota militarraren arreta. AEBek iragan abenduan blokeo bat ezarri zieten Venezuelarekin hartu-emanean ari diren petroliontziei. Horietako zazpi bahitu dituzte guztira; bortz, Maduro AEBetara eraman ondotik, hil honen 7aren eta 20aren artean.

Trumpek berak, Maduroren kontrako narkotrafiko akusazioak ia ahantzita, aitortu zuen Venezuelaren kontra ekiteko motibazio nagusia herrialde horren petrolio baliabideez jabetzea zela —hura bahitu eta astebete eskasera bildu zituen petrolio konpainietako buruak Etxe Zurian; Repsoleko Josu Jon Imaz, horien artean—. Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak herenegun gogora ekarri zuen berriz ere interbentzio militarrerako jatorrizko aitzakia zein izan zen: Venezuela «narkotrafikoaren erregimena» zela. AEBetako Senatuan mintzatu zen Rubio, eta adierazi zuen ez dutela narkotrafikoaren inguruko akusaziorik Venezuelako jarduneko presidente Delcy Rodriguezen kontra. 

Rubioren adierazpena pistatzat har liteke zer dela-eta gutxitu dituzten AEBek txalupen kontrako erasoak, baina ez diote horregatik Venezuela mehatxatzeari utzi, eta, bidenabar, kanoiak itsaso batean baino gehiagotan tiro egiteko prest dituztela oroitarazi zuen Estatu idazkariak: «Venezuelan Irango droneen fabrika bat agertzen bada, eta eremuan ditugun indarrei mehatxu egiten badie, litekeena da presidenteak hori deuseztatzeko erabakia hartzea».   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.