Venezuela

AEBek Maduroren aurkako salaketa bat jarri dute, narkotrafikoagatik

William Barr fiskal nagusiak iragarri du 15 milioi dolarreko saria emango dutela Venezuelako presidentea atxilotzeko informazioagatik. Herrialde hartako beste hainbat goi kargudunen aurka ere jo du Washingtonek.

William Barr, artxiboko argazki batean, Trump aldamean duela. CHRIS KLEPONIS, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko martxoaren 26a
17:09
Entzun

Inoiz ikusi gabeko urrats bat egin du AEBetako Gobernuak: Venezuelako presidente Nicolas Maduroren eta haren gobernuko hainbat kideren aurkako salaketa jarri du, narkotrafikoagatik. William Barr fiskal nagusiak eman du erabakiaren berri, eta aurreratu du 15 milioi dolarreko saria emango dutela estatuburua atxilotzeko informazioaren truke. Horrez gain, hamar milioirainoko sariak eskaini dituzte Cabello, Carvajal, Cliver Alcala Cordones militar ohia atxilotzearen truke.

Narkotrafikatzaileentzako «eremu seguru bat» ahalbidetzea leporatu dio Donald Trumpen gobernuak Venezuelako estatuburuari. Barren esanetan, «Maduroren zuzendaritzapean» haren ofizialek «droga tratuak» itxi zituzten FARCeko kideekin. «Ez dugu ahaztu behar haiek direla munduko kokaina ekoizlerik handienak».

Fiskal nagusiak «narkoterrorismoa», dirua zuritzea eta ustelkeriaz jokatzea egotzi die estatuburuari, Batzar Konstituziogileko buru Diosdado Cabellori, Defentsa ministro Vladimir Padrinori eta Hugo Armando Carvajal armadaburu ohiari. «Kokaina arma gisa erabili dute AEBen aurka egiteko. Kokainaz bete dute herrialdea».

AEBetako Justizia Departamentuaren arabera, Maduro Atzerri ministro zela hasi zen «narkotrafikatzaileekn harremanetan»; garai hartan, Venezuela eta Kolonbia arteko mugei zabalik eutsi zien, «droga trafikoa errazteko». Barren esanetan, FARCeko gerrillariei armak eta lehergailuak ere eman zizkieten, Kolonbiako Gobernuaren aurka egin zezaten. Gerrillariei «babes politiko eta militarra» eman izana egotzi diote estatuburuari: «FARCekin elkarlanean AEBak kokainaz betetzen ahalegintzeagatik auzipetu ditugu Maduro eta gainontzeko akusatuak».

Venezuelako aireportuak erabilita droga Latinoamerika eta Karibera zabaltzeko FARCekin elkarlanean aritzea leporatu die akusazioak estatuburuari eta haren gertukoei. «Uste dugu 200 eta 250 tona inguru kokaina banatu zituztela horrela. 30 milioi dosi hilgarri lirateke 250 tona».

Eguzkien kartela

Akusazioaren arabera, Maduro Eguzkien kartela deritzonaren buru da. Otsailean, Narkotikoen Kontrolerako Nazioarteko Batzordeak ohartarazi zuen Venezuelako segurtasun indarren artean bazirela narkotrafikatzaileei laguntzen zietenak, baina txostenean ez zuen aipatzen gobernuko kiderik.

Ez da lehen aldia AEBetako Gobernuak Venezuelakoaren aurka jotzen duena ustelkeria eta narkotrafikoan aritzea leporatuz, baina orain arte ez zuen auzitara jo. Barrek azaldu duenez, fiskaltzak New Yorkeko, Miamiko eta Washingtongo auzitegietan aurkeztu ditu salaketak.

Nazioarteko beste hainbat estatuk bezala, AEBek Juan Guaido oposizioko buruaren aldeko jarrera agertu dute argi eta garbi, eta hura jo dute «presidente zilegitzat». «Venezuelako herriak gobernu garden eta arduratsu bat merezi du, droga trafikoaz baliatzen ez dena», esan du AEBetako diplomaziaburu Mike Pompeok. 

Estatu kolpe saioa

Washingtonek Maduroren aurkako akusazioen berri eman eta ordu gutxira etorri da Venezuelaren mugimendua. Tarek William Saab fiskal nagusiak jakinarazi du Guaido eta Cliver Alcala armadaburu izandakoaren aurkako ikerketa zabaldu dutela, estatu kolpe saio bat egitea egotzita. Zehaztu duenez, ordea, kolpea bertan behera geratu zen Santa Marta herrian 500.000 dolarreko balioa zuen arma biltegi bat agertu zenean. Saaben esanetan, Guaidok bazekien non zeuden armak.

Fiskaltzaren arabera, Kolonbian antolatu zuten kolpea AEBen laguntzarekin, eta Venezuela «odolez bustitzeko helburuarekin». Komunikazio ministro Jorge Rodriguezen esanetan, berriz, Kolonbia eta AEBak «elkarlanean» aritu ziren Venezuelan hilketa selektiboak egiteko. «Badira taldeak koronabirusaren krisiaz baliatuta Venezuelan jende ankerra sartzen ari direnak, gero hemen indarkeria bultzatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.