AEBen azken erasoaldiak zortzi pertsona hil ditu Iran hegoaldean

Nagusiki logistika azpiegiturak izan dituzte helburu Washingtonen bonbardaketek. AEBek eskualdean dituzten instalazio militarrak joz erantzun du Iranek.

AEBen azken erasoek txikitutako zubi bat gaur, Hormozganen, Iran hegoaldean. EFE
AEBen azken erasoek txikitutako zubi bat gaur, Hormozganen, Iran hegoaldean. EFE
Igor Susaeta.
2026ko uztailaren 17a
11:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken asteko eguneroko dinamika bera izan da gaur goizaldean Persiar golkoaren bueltan. AEBek Irani eraso egin diote, eta Teheranek, erantzun moduan, Washingtonek eskualdean dituen instalazio militarrak bonbardatu ditu. AEBen azken erasoaldiak gutxienez zortzi pertsona hil eta hemeretzi zauritu ditu herrialdearen hegoaldean. Iranek Kuwaitera, Jordaniara eta Qatarrera jaurtitako misilek eta droneek ez dute hildakorik eragin.

Donald Trump AEBetako presidenteak uztailaren 8an indargabetu zuen Washingtonek eta Teheranek ekainaren 17an sinatutako konponbiderako memoranduma, eta, ordutik, areago gaiztotu da egoera Persiar golkoan. Hala, AEBek seigarren egunez jarraian bonbardatu dute Iran, eta hango Atzerri Ministerioko bozeramaile Hossein Kermanpurrek gaur eman du datua X sare sozialean: azken hilabetean 38 lagun hil dituzte AEBek Iranen, eta 400 inguru zauritu. Asteazkenean, Teheranek Washingtoni egotzi zion azken oldarraldian 30 zibil hil izana; AEBek, baina, ukatu egin dute zibilak ere helburu dituztela.

Baina Teheranek «hipokrisiaz» jardutea leporatu die atzera AEBei. Izan ere, Ebrahim Azizi Irango Parlamentuko Segurtasun Nazionaleko Batzordeko buruak X sare sozialean gaur idatzi duenez, Washingtonek etxeak ere izan ditu helburu. «Eta, gero, haiek mintzo dira giza eskubideez...». Azizik nabarmendu du, bide batez, hegoaldea beti izan dela herrialdearen «defentsa gotorlekua».

Gerra hotsak ozen aditzen dira han. AEBetako buruzagitza militarrak ohar batean esan duenez, azpiegitura logistikoak eta militarrak izan dituzte helburu aire erasoetan. Baina Tasnim berri agentziak iturri ofizialak aipatuz kaleratu du Bandar Abbas hirian zibil bat hil dutela etxebizitza batean. Informazio horren arabera, hango trenbide bat eta herrialdearen hegoaldeko bost zubi ere jo dituzte bonbardaketek. 

Energia, arriskuan

Iranen aireko erasoek ez dute inor hil, baina Qatarko Barne Ministerioak komunikatu batean azpimarratu du jaurtigai baten metrailak adingabe bat zauritu duela. Irango Guardia Iraultzaileak beste komunikatu batean esan duenez, Jordanian, esaterako, AEBen gerra hegazkinak jo dituzte, eta Kuwaiten, berriz, misilak jaurtitzeko plataformak. Kuwaiteko Energia Ministerioak esan du erasoek ura gatzgabetzeko instalazio bat jo dutela.

Bestalde, Ormuzko itsasartea itxita dago oraindik, eta Fatih Birol IEA Nazioarteko Energia Agentziako zuzendariak berriro ohartarazi du munduaren energia segurtasuna arriskuan dagoela. «Petrolio hornikuntzaren segurtasuna bermatzea ezinbestekoa da», esan du erakunde horrek antolatutako hitzaldi batean. «Arduratuta egon beharko genuke; egoerak datozen asteetan hobera egiten ez badu, hala egongo naiz ni behintzat». Ormuztik igarotzen da munduan kontsumitzen den petrolioaren eta gasaren %20 inguru.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA