Badirudi ez dagoela negoziazio mahairik. AEBek, gerra berriz areagotu den honetan, Irango zenbait hiri eta iparraldeko irla batzuk jo dituzte. Donald Trump AEBetako presidenteak atzo Pennsylvanian (AEB) egindako prentsaurreko batean, adierazi zuen Iran «estutzen» ari zirela bake akordioa sinatzeko. Bada, Iranek erantzun egin die bart gauean AEBen erasoei, eta Bahrain, Jordania eta Kuwait jo ditu goizaldean. Gainera, azpiegitura guztiak «txikitzeko» mehatxua egin dio Washingtoni. Mohammad Akraminia Irango armadako bozeramaileak, gaur goizean egindako komunikatu batean, adierazi du erasoak «eremu gehiagotara» zabalduko dituztela, eta Iranek «azkeneraino» eutsiko diola.Â
Irango armadak gaur goizean bere gain hartu ditu inguruko herrialdeetan AEBen azpiegiturei egindako erasoak. Kuwaiten, Ali al-Salem base militarrean egin du eraso Irango Guardia Iraultzaileak —AEBen soldaduak elkartzen diren gunea da—. Gauean izandako erasoen ondoren, Irango aire armadak misilak eta droneak erabiliz egin ditu erasoak. Gaur goizean, Guardia Iraultzaileak komunikatu baten bitartez adierazi du Ali al-Salem baseko Patriot defentsa sistema, radar sistema eta AEBetako «armada terroristaren» erregai hornidurak suntsitzea zela helburua, eta radar sistema eta AEBetako soldaduak elkartzen ziren gune bat suntsitu dituela. Kuwaiteko armadak segurtasun arauak betetzeko eskatu die gaur goizean herritarrei, sare sozialetan publikatutako komunikatu baten bidez.
Tasnim albiste agentziak —Irango Guardia Iraultzailearen gertuko hedabidea da— gaur goizaldean adierazi du Iranek drone bidez egin duela eraso Al-Azraqeko hegazkin basean (Jordania), eta azaldu du hango komunikazio sistema eta AEBen erregai biltegia suntsitu dituela. Jordaniako armadaren arabera, ordea, herrialdeko segurtasun sistemek gelditu egin dituzte eraso horiek. Gaur goizean adierazi du hori, sare sozialetan zabaldutako ohar batean.
Bahrainen, berriz, AEBen Super Hawk radarrak eta Patriot segurtasun sistema «suntsitu» dituzte Xeikh Isa-n, Irango Guardia Iraultzaileak komunikatuan adierazi duenez.
Iraken ere erasoak
Irakeko iturri ofizialek gaur goizean adierazi dute drone bidez egindako eraso bat gelditu dutela. Salatu dutenez, AEBek Iraken duten kontsulatua eta koalizio internazionalak Arbilgo —Kurdistan, Irakeko iparraldea— aireportuan duen base bat ziren erasoaren helburua. Kurdistango «Terrorismoaren» Aurkako Zerbitzuak drone horiek «suntsitu» dituztela adierazi dute gaur goizean komunikatu batean.
Irakeko lehen ministroa Ali al-Zaidik «irmo» salatu du Irakek jasandako erasoa gaur goizean, sare sozialen bidez. Al-Zaidi Washingtonen zegoela gertatu da erasoa. Gobernura iritsi zenetik AEBetara egin duen lehenengo bidaia ofiziala izan da; AEBen «laguntza lortzeko» joan da hara, eta Irakeko «segurtasuna bermatzeko». Haren hitzetan, «onartezina» da gauean izandako eraso saiakera; gaur goizean, sare sozialetan salatu du «Irakeko oreka apurtu» nahi dutela.