AEBek eta Europak elkarren beharra dutela nabarmendu dute Municheko konferentzia hasi den egunean

Munduaren ordena berria ikusirik, Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak aliantza transatlantikoen alde egin du, eta Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak adierazi du Europarekin bat eginda jarraituko dutela etorkizunean ere.

Marco Rubio eta Friedrich Merz gaur, Munichen. SEAN GALLUP / EFE
Marco Rubio eta Friedrich Merz gaur, Munichen. SEAN GALLUP / EFE
Igor Susaeta - Aitor Garmendia Etxeberria
2026ko otsailaren 13a
20:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBen eta Europaren arteko harreman onen erakuslekua izan da Municheko Segurtasun Konferentzia (Alemania), 1963an egiten hasi zirenetik. Europako liderrek ez dituzte ahazteko, ordea, J. D. Vance AEBetako presidenteordeak iaz foro horretan esan zituenak, Donald Trump presidentea kargura itzuli eta bizpahiru aste geroago. Gutxi-asko, Europa mehatxutzat hartu behar dela nabarmendu zuen, egotzita alboratzen ari zela bere balio nagusietako batzuk. Bi aliatu handien arteko harremanak gaiztotu egin ziren, eta azken urtean ez dute, ez, hobera egin. Gaur hasi eta igandera bitartean egingo dute aurtengo konferentzia, eta aliantza transatlantikoak «biziberritzeko» beharra nabarmendu du Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak, konferentzia ireki duen hitzaldian.

«Elkarrekin indartsuagoak gara», ziurtatu du Merzek. Haren arabera, munduaren ordena aldatu egin da, eta, testuinguru horretan, uste du ezen, Europarentzat AEBen aliatu izatea «abantaila» den modu berean, AEBentzat ere hala dela Europa alboan edukitzea: «Botere lehia handiko garaiotan, Estatu Batuek ere ez dute behar besteko botererik bakarrik aritzeko».

Horren harira, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, konferentzia berean emandako beste hitzaldi batean, gaineratu du bakea erdiesteko ezinbestekoa dela Europa kontuan hartzea: «Negoziatu daiteke europarrik gabe, baina ez da bakerik lortuko». Ukrainako inbasioaren harira mintzatu da horrela, eta azpimarratu du Errusiarekin komunikazio zuzena eduki behar duela Europak, AEBekiko dependentzia murrizteko. 

Ordu batzuk lehenago, Alemaniako kantzilerrak ere Europak AEBekiko menpekotasuna alboratu behar duela adierazi du. Europa «historiaren oporretatik» bueltan dela azaldu du, eta gastu militarra areagotu «beharraz» aritu da. Gainera, jakinarazi du Macron eta biak hizketan ari direla Europan disuasio nuklearrerako neurri bateratuak hartzeko asmoz.

Bi agintariek Trumpen politikak kritikatu dituzte. Hala mintzatu da Merz: «Guk ez dugu sinesten muga zergetan; merkataritza askearen alde gaude. Eta klima akordioak eta Osasunaren Mundu Erakundea defendatuko ditugu. Nazioarteko erronkei elkarrekin baino ezin zaie aurre egin».

Gavin Newsom Kaliforniako gobernadoreak ere gogor kritikatu ditu Trumpen politikak. AEBetako hedabideen arabera, Newsom 2028ko bozetarako Alderdi Demokrataren presidentegaia izateko hautagaien artean dago; Munichen adierazi du AEBen historian egon den presidenterik «suntsitzaileena» dela Trump. Besteak beste, salatu du Etxe Zuriko maizterrak ez ikusiarena egiten duela estatubatuarrak klima aldaketa nozitzen ari diren arren: «Jendea erretzen ari da, itotzen; lehorteak eta uholdeak ditugu aldi berean, inoizko baso suterik handienak...». Hain justu, Trumpek bertan behera utzi zituen atzo berotegi gasak murrizteko hainbat lege.

Merz eta Newsom baino lehenago mintzatu da Marco Rubio AEBetako Estatu idazkaria, konferentziaren atarian. Hein batean, albo batera utzi du iaz Vancek hartutako bidea, eta adierazi du Europak eta AEBek bat eginda jarraituko dutela etorkizunean ere. Hitz horiek entzunda, interpreta daiteke erasoan ez jokatzea erabaki dutela AEBek.

«Txikizioen aldia»

Municheko Segurtasun Konferentziaren zuzendaritzak errieta egin berri die AEBei. Urteroko biltzarraren aurretxoan, txosten bat kaleratu ohi du —astelehenean argitaratu zuen—, eta aurten Trump bera jarri du jopuntuan. Suntsitzeko bidean izena jarri diote dokumentuari, eta munduaren ordena ezereztu nahi izatea egozten diote Trumpi. Honela hasten da testua: «Mundua txikizioaren politikaren aldian sartu da».

Rubiok, nolabait, puntuari erantzun dio. «Garai erabakigarri batean gaude. Mundua oso azkar aldatzen ari da», adierazi die goizaldean kazetariei, Municherako hegaldia hartu aurretik. Bihar da Alemaniako hiri horretan hitzaldi bat ematekoa. Planteatutako ideian sakondu du. «Mundu zaharra desagertu egin da. Geopolitikoki, aro berri batean bizi gara; horrek gure rola zein den eta zein izango den plantearaziko digu».

Bide batez, beren eta Europaren arteko «lotura sakona» azpimarratu nahi izan du AEBetako Estatu idazkariak. «Etorkizunaz hitz egin beharra daukagu». Gaur-gaurkoz, baina, ez datoz bat, adibidez, hainbat gatazka konponbidean jartzeko moduetan, eta esparru ekonomikoan ohiko bihurtu dira haien arteko xextrak eta haserreak; batez ere, Trumpek muga zergen mehatxua haizatu duenean.  

Egoera globalak ez du laguntzen. «Ez dut gogoan aldi berean hainbeste gerra, krisi eta gatazka handi izan dugun beste garairik», adierazi zuen Wolfgang Ischinger foroaren zuzendariak astearen hasieran, bilera batean. Atariko txostenak dioenez, «zaindutako erreformen» falta sumatzen dute.

Munduko potentzia ekonomiko eta militar nagusiko presidenteak, berriz, Trumpek, mehatxua erabiltzen du diplomazia egiteko tresna gisa, eta, esaterako, Venezuelako presidente Nicolas Maduro bahitu zuen urte hasieran, eta atxilotuta dauka. Ez du baztertzen, gainera, Groenlandia anexionatzea.

Europarren bi herenek uste dute beren herrialdea arriskuan dagoela

EB Europako Batasuneko herritarren %68k pentsatzen dute beren herrialdea eraso bat nozitzeko arriskuan dagoela. Hala jaso dute Europako Batzordearen azken Eurobarometroan. Municheko Segurtasun Konferentzia hasi den egunean argitaratu dute, gaur, eta irudipen hori gailendu da Frantzian (%80), Herbehereetan, Danimarkan (%77), Zipren eta Alemanian (%75) batez ere. Inkestak erakusten du, gainera, hamar herritarretatik lauri iruditzen zaiela beren segurtasuna arriskuan dagoela.

Horiek horrela, bi aliatu historikoen arteko harremanak ez daude bere onenean. Horren erakusgarri, AEBek hartutako erabakia. Ohikoena izan da Munichera presidenteordea bidaltzea ordezkari gisa; aurten, ordea, Estatu idazkaria joan da. 

70 bat gobernuburu eta estatuburu dira datozen egunetan Munichen biltzekoak; baita, adibidez, Mark Rutte NATOko idazkari nagusia eta Ursula von der Leyen EB Europako Batzordeko presidentea ere. Errusiak ez du ordezkaritzarik bidaliko, eta foroak erabaki du Iran ez gonbidatzea, urtarrilean gobernuaren aurka egindako protestetan estatu indarrek izandako jarrera dela eta: giza eskubideen aldeko zenbait talderen arabera, 6.000 pertsona hil zituzten gutxienez. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA