Enbidoari enbido joaz ari dira AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Iran, eta hordagoa heltzen bada ere eutsi egingo diola iragarri du Teheranek: ohartarazi du AEBek eraso egiten badute «erantzun erabakigarri bat» emango dutela. Hamidreza Hajibabaei Irango Parlamentuko presidenteordearen arabera, «Errepublika Islamikoak ez die mehatxuei, tentsioei eta istiluei ekingo. Hala ere, zuzeneko edo zeharkako erasoei gogor erantzungo die, berehalako erantzun erabakigarri eta proportzionatu baten bidez», adierazi dio gaur Press TV hedabideari.
AEBen aurrean «Iranen eskubideak» defendatuko dituztela gehitu du, NBE Nazio Batuen Erakundearen Gutunaren 51. artikuluari erreferentzia eginez. Artikulu horrek baimena ematen die NBEko herrialdeei beren burua legitimoki defendatzeko, arma bidez eraso egiten badiete.
AEBetako armada Arabiako itsasoan dago dagoeneko, Irandik gertu. Asteburuan iragarri zuen neurri hori Donald Trump AEBetako presidenteak. Esan zuen «flota erraldoi bat» bidaliko zutela, eta atzo iluntzean jakinarazi zuten USS Abraham Lincoln hegazkinontzia Ekialde Hurbilean zegoela jada, «eskualdeko segurtasuna eta egonkortasuna sustatzeko helburuz».
AEBek ez diote beldurrik ematen Irani. «Eremu horretan indarrak metatuta ere ez ditugu gure asmoak alde batera utziko. Are gehiago, indar horiek zaurgarriago bihurtzen dituzte, orain gure eraso eremuan baitaude», esan zion atzo Irango armadako iturri batek herrialdeko telebistari, eta nabarmendu zuen «gertutik monitorizatzen» ari direla Israelen eta AEBen mugimendu oro. Bide beretik, Irango armadako iturri batek Press TVri gaur ohartarazi dio Irango Gobernua agintetik kentzeko «operazio azkar eta garbi bat egiteko ideia» ez datorrela bat Iranek dituen «defentsarako eta erasorako ahalmenekin».
Gaur goizaldean Trumpek adierazi du bi herrialdeen arteko harremana «etengabe aldatzen» ari dela, eta Teheranek elkarrizketa lehenesten duela: «Akordio bat lortu nahi dute, badakit, hainbat aldiz deitu dute. Gurekin hitz egitea nahi dute», esan dio Axios hedabideari. Bidalitako tropen inguruan galdetuta, presidenteak zera erantzun du: «Armada handi bat dugu Irandik gertu. Venezuelan genuena baino handiagoa». Hedabide horren arabera, Etxe Zuriko zenbait iturrik berretsi dute oraindik ere litekeena dela eraso militar bat gertatzea. Antzeko estrategia erabili zuten AEBek Venezuelaren kontra, eta AEBetako armada Venezuelaren itsas eremuan egon zen denbora luzez, erasoa jo zuen arte.

Baina horretarako, bertan gelditzeko baimena behar du. Arabiar Emirerri Batuek esan dute ez dutela lagunduko Irani eraso egiten. Atzo adierazi zuen Abdullah bin Zayed Atzerri ministroak ez dutela baimenduko herrialdeko eremuak Iranen aurka egiteko erabiltzea, zertarako-eta «neutraltasunarekin eta eskualdearen egonkortasunarekin duen konpromisoa» berresteko. Hain zuzen, Irango Guardia Iraultzaileko komandante batek ohartarazi du gaur ezen «etsaitzat» joko dituztela Teheranen kontrako edozein erasorekin zerikusia duten bizilagunak; armadaren hurbileko Fars berri agentziari egin dizkio adierazpenak.
Teheranek ez du hitzez bakarrik erantzun, eta hiriburuko Enghelab plazan mural adierazgarri bat agertu da gaur. Muralean AEBen hegazkinontzia irudikatu dute, erdi suntsituta eta odola dariola; odolak AEBetako bandera irudikatzen du itsasoan. «Hazi txarretik uzta onik ez», dago idatzita irudiaren ondoan, persieraz eta ingelesez.
Krisi ekonomikoa
Irango egoera ekonomikoa ez da ona, eta Irango dibisa, riala, minimo historikoetan dago. Hain zuzen ere, muturreko egoera horrek eragin zituen herrialdean protestak, duela hilabete inguru. Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak AEBak eta Israel jo izan ditu protesten erantzule gisa; mobilizazioak antolatzea egotzi zien, eta «protesta terroristak» izan direla salatu. Irango Gobernuak jakinarazi du 3.117 lagun hil direla protestak hasi zirenetik; HRANA Giza Eskubideen Aldeko Aktibisten Irango agentziak —AEBetan du egoitza—, berriz, gutxienez 5.495 hildako izan direla adierazi du.
AEBetako Estatu Departamentuak zera leporatu dio gaur Araghtxiri, «errealitatea desitxuratzen» saiatzea, «manifestari baketsuak terrorista gisa» hartzen dituztela argudiatuta. Departamentu horrek persieraz duen X sare sozialeko kontuan salatu du hori: «Ausardia handia behar da irandar baketsuak terrorismoaz akusatzeko Errepublika Islamikoak bere herria zapaltzeko indarkeria erabiltzen duela kontuan izanda, eta, aldi berean, atzerrian benetako terroristak babesten dituela aintzat hartuta».
Israelek, AEBen aliatu nagusi gisa eta Ekialde Hurbileko bizilagun gisa, adierazi du helburua Teheranen «aliatuak desegitea» dela: «Desegin egin behar ditugu Iranen aliatuak Ekialde Hurbilean: Hamas Gazan, Hezbolah Libanon eta huthiak Yemenen. Hori da helburua. Hori egin ezean, ezingo da eskualdean egonkortasunik bermatu», adierazi du gaur Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroak Kazakhstanen egin duen agerraldi batean. Ekialde Hurbilaren etorkizunaren inguruan mintzatu da, hango bere homologoarekin batera.
Israelek gertu nahi ditu AEBak, eta, Financial Times egunkariaren arabera, hamar urterako akordio bat negoziatu nahi du. 2016an adostu zuten gaur egun indarrean dutena: besteak beste, urtean 38.000 milioi dolarren laguntza militarra jasotzen du AEBetako armadarengandik, baina 2028an bukatuko da akordio hori. «Bi aldeek jartzen dugu dirua, eta bi aldeak ateratzen gara irabazten. Ea zer dioten AEBek», adierazi dio egunkari horri Gil Pinchas Israelgo armadako finantza aholkulariak.