Kievek eman du erantzuna. Donald Trump AEBetako presidentea presioa egiten aritu zaio ontzat jo dezan Washingtonek Ukrainarako ondutako proposamena, eta jada badu erantzuna. AEBetako Axios hedabideak iragarri duenez, Kievek proposatu du zenbait aldaketa egitea, batez ere lurralde kontzesioei dagokienez. Europako aliatuekin zenbait bilkura egin ostean eman du erantzuna Ukrainak. Eta aliatu horietako batek, Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak, baieztatu du AEBei jakinarazi dietela Ukraina zer onartzeko prest dagoen. Oraingoz, ez dute beste xehetasunik eman.
AEBek Errusiaren oniritziarekin ondu zuten Ukrainarako lehen proposamena. Horren arabera, Moskuren esku geratuko litzake Donbass osoa, baita Errusiako armadak Kherson eta Zaporizhia eskualdeetan okupatu dituen lurraldeak ere. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, ordea, esana du ez duela asmorik lurralde kontzesiorik egiteko, baina Trumpek behin eta berriro exijitu dio proposamena onar dezala. Gaur Merzek iradoki duenez, posible da Kievek onartu izana lurraldearen parteren bat galtzea: «Ukrainak zehaztu du zer lurralde kontzesio egiteko prest dagoen», adierazi du Berlinen emandako prentsaurreko batean.
Alemania, Frantzia eta Erresuma Batua dira Ukrainaren aliatu nagusiak. Atzo Trumpekin telefonoz hitz egin zuten hiru herrialde horietako gobernuburuek, eta, Merzek jakinarazi duenez, asteburuan elkarrizketa gehiago egitekoak dira Etxe Zuriko ordezkariekin. Gehitu duenez, posible da datorren astearen hasieran Berlinen bilkura bat egitea Ukrainako ordezkarien, Europako aliatuen eta AEBen artean.
Mesfidantza
Mark Rutte NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiarekin batzartu ostean egin ditu adierazpen horiek Merzek. NATOko idazkari nagusiak ere hartu du hitza prentsaurrekoan, eta Europa gerra baten atarian egon litekeen ustea hauspotu. Zuzenean esan du: «Gu gara Errusiaren hurrengo helburua».
NATOk Errusiari bezala, Errusiak NATOri ere mesfidati begiratzen dio, eta Kremlinek segurtasun bermeak exijitu ditu berarentzat ere. Ukrainaren eskaera nagusietako bat da behin gerra amaituta herrialdearen segurtasuna bermatzea Errusiak beste erasoren bat eginez bero. Bada, gaur Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak esan du Moskuk ere behar dituela segurtasun bermeak NATOri dagokionez. Vladimir Putin Errusiako presidenteak esana du NATOren zabalkundeari heldu behar zaiola Ukrainako auzia konponbidean jartzeko. Ukraina ez da aliantzako kide, eta Moskuk ziurtatu nahi du etorkizunean ere ez dela izango.
Bestalde, Zelenskik herenegun iragarri zuen prest dagoela 60-90 eguneko epean hauteskundeetara deitzeko, AEBek eta Europako aliatuek horietarako segurtasuna bermatzen laguntzen badiete. Ukrainako presidenteak prentsaurrekoa eman du gaur Kieven, eta esan du parlamentuko diputatuei eskatu diela «lege zuzenketak» aurkezteko, zertarako-eta bozetara deitu ahal izateko.
Izan ere, 2022ko otsailean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, Ukrainan gerra legea dago ezarrita, eta, hango konstituzioa aintzat hartuta, hori indarrean dagoen bitartean ezin da bozetara deitu. Azkenekoz 2019an egin zituzten presidentetzarako hauteskundeak Ukrainan, eta agintaldiak bost urtekoak izaten dira; Errusiak egotzi izan dio ez duela zilegitasunik, berez iaz tokatzen baitziren bozak. «Garrantzitsuena da hauteskunde horiek legitimoak izatea», nabarmendu du Zelenskik.
AEBek bidalitako «segurtasun bermeen zirriborro» bat jaso duela ere jakinarazi du presidenteak. Aztertu egingo dute, eta «zenbait egun barru» Washingtoneko negoziatzaileei bidaliko diete beren proposamena.