Ondorengo egunetan Irani eraso egiteko prest dago Ameriketako Estatu Batuetako armada. Donald Trump AEBetako presidenteak hilabeteak daramatza Teherani mehatxu egiten, baina, bi herrialdeak Iranen programa nuklearrari buruz negoziatzen ari diren honetan, zalantzak ditu: bonbardatzeko agindu ala ez. Hori guztia kaleratu dute AEBetako bi hedabidek, CNN telebista kateak eta The New York Times egunkariak, Pentagonoko eta Etxe Zuriko iturriak aipatuz. Horren harira, Errusiak gaur ohartarazi du egoera «inoiz ez bezala» estutu dela Ekialde Hurbilean, eta Donald Tusk Poloniako lehen ministroak Iranen dauden poloniarrei eskatu die handik alde egiteko, iritzita gerra arriskua «bene-benetakoa» dela.
Bi hedabide horiek informazio hori kaleratu aurretik, Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak atzo iluntzean adierazi zuen AEBek «arrazoi eta argudio asko» dituztela Irani eraso egiteko —ez zuen azaldu zeintzuk diren arrazoi horiek—; esan zuen, hori bai, Trumpek diplomaziaren bidea ibiltzea lehenesten duela. Bi aldeek zeharka hitz egin zuten Genevan (Suitza), 24 ordu lehenago, eta, orain bi aste hasitako negoziazio sailaren bigarren bilera amaitu ondotik, plazaratu zuten aurrerapausoak eman zituztela, nahiz eta Etxe Zuriak zehaztu funtsezko zenbait puntutan elkarrengandik «urrun» zeudela oraindik. Teheranek nabarmendu zuen, bide batez, ez duela misilez negoziatuko. Izan ere, programa nuklearra mugatzea ez ezik misil balistikoenari ere mugak jartzea exijitzen diote AEBek eta Israelek.
Mehatxuak alboratzeko eskatu izan du Iranek. Washingtonek, ordea, Ekialde Hurbilean duen presentzia militarra handituz erantzun du. Abraham Lincoln gerraontzia Arabiako itsasoan dago jada, eta haren tamaina bertsuko beste gerraontzi bat, Gerald R. Ford izenekoa —AEBetako armadak duen handiena—, harantz doa; mugimendu militarretan espezializatutako hainbat iturrik duela bi egun jakinarazi zutenez, Gibraltarko itsasartea zeharkatu zuen, eta Mediterraneoan sartu. Gerraontzi horiek 90 aireontzi inguru hartzeko lekua dute, gerra hegazkinak tartean; eta plataforma horretatik misilak jaurti ditzakete.
Israel ere bai
AEBak Ekialde Hurbilaren bueltan indar militarra metatzen ari diren honetan, Irango egoeraz hitz egiteko bildu ziren segurtasun nazionaleko goi funtzionario batzuk Etxe Zurian, herenegun. Hori argitaratu du CNNk. Gainera, Israel ere balizko gerra baterako prestatzen ari da. The New York Times-ek hango Defentsa Ministerioko bi iturri aipatuz kaleratu duenez, segurtasun kabinetea horri buruz hitz egiteko batzartuko da igandean.
Hain zuzen, Israelek Irani eraso egin zion iazko ekainaren 13an, eta Iranek erantzun. Bi herrialdeen arteko gerra bat hasi zen. Pare bat aste iraun zuen, eta, tartean, AEBek ere eraso zioten Irani. Ekainaren 22an izan zen. Instalazio nuklearrak jo zituen, eta, Etxe Zuriaren esanetan, Iran arma nuklearrak egiteko ahalmenik gabe utzi. Teheranek beti esan izan du uranioa aberasten ari dela, baina erabilera zibilerako, hau da, ez arma nuklearrak garatzeko. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak iazko ekainean adierazi zuenez, ez dago nahikoa frogarik ziurtatzeko Iranek arma nuklearrak garatzea duela helburu.
10Iranen zenbat urteko zigorra ezarri dioten bikote bati espioitzagatik. Erresuma Batuko bikote bati hamar urteko espetxe zigorra ezarri diote Iranen, espioitzan aritzea egotzita. Hori jakinarazi du haien senide batek gaur, Erresuma Batuko hedabide batean. Bikote hori iazko urtarrilean atxilotu zuten, Iranen bertan, bidaian zebilela. Teheranek ez du zigorraren berri eman.
Horrekin guztiarekin lotuta, Iran bere instalazio nuklearren segurtasuna indartzen ari da. Hori argitaratu dute hainbat hedabidek azkeneko egunetan, satelite bidezko irudiek erakusten dutena oinarritzat hartuta. Irudi horietan ikusten da, adibidez, instalazio batzuen gainean hormigoizko ezkutu bat jarri dutela, eta inguruko tuneletako sarrerak indartu.
Eta Iran beste modu batean ere ari da prestatzen. Errusiarekin batera, maniobra militar bateratuak egin ditu gaur Ormuzko itsasartean —lankidetza estrategikorako itun bat sinatu zuten bi herrialdeek iazko urtarrilean—. Horren berri eman du IRNA Irango berri agentziak. Astelehenean eta asteartean, Teheranek eta Washingtonek Suitzan zeharka negoziatu zutenean, Iranek maniobrak egin zituen han, eta itsasartea partez itxi. Hain zuzen, presio neurri moduan, Iranek mehatxu egin izan du itsasartea itxiko zuela. Eta garrantzi handiko pasabidea da hura, handik igarotzen baita munduko petrolioaren ia herena, eta gasaren bostena ere bai.
Errusiak, hain zuzen, bi aldeei eskatu die bide diplomatikoak ibiltzeko. «Moderaziora jotzeko eskatzen diegu», adierazi du gaur Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. Donald Tusk Poloniako lehen ministroak argi hitz egin die Iranen dauden poloniarrei: «Mesedez, ahalik eta azkarren alde egin, edo bertan behera utzi hara joateko bidaiak. Gatazka armatu bat pizten bada, inork ezingo dizue bermatu handik ateratzea».