Abuztuaren 29an, drone batetik misil bat jaurti zuen Ameriketako Estatu Batuetako Armadak Zemari Ahmadiren autoaren aurka, Kabulgo auzo batean. Leherketak 43 urteko Ahmadi eta haren familiako beste bederatzi kide hil zituen, zazpi haur tartean. Pentagonoak esan zuen orduan jomuga Estatu Islamikoko kide bat zela, eta Ahmadik autoan lehegaiak garraiatzen ari zela misilez eraso egitea erabaki zutenean. The New York Times egunkariak gertaturikoa ikertu du, eta Ahmadiren egun horretako ibilbidearen irudiak argitaratu ditu gaur. Ondorioztatu duenez, Ahmadik bere ohiko lana besterik ez zuen egin, gobernuz kanpoko erakunde bateko langile gisa, eta militarrek leherkaritzat harturikoa, haren familiarentzako ura zen.
Hiru egun lehenago, abuztuaren 26an, ustez Estatu Islamikoak eraso handia egin zuen Kabulgo aireportuan. Bonbaz eta tiroz, gutxienez 170 afganistandar eta hamairu militar estatubatuar hil zituzten. Talibanek boterea hartu ostean herrialdetik ihes egin asmoz aireportuaren inguruan bilduriko jendetzaren aurka jo zuten, eta aireportua kontrolatzen ari ziren tropen aurka. AEBetako Gobernuak erantzun gisa aurkeztu zuen hiru egun geroago misilez eginiko erasoa, eta Estatu Islamikoko kide garrantzitsu bat hil zutela esan zuten, beste eraso bat prestatzen ari zen unean.
Haatik, Ahmadiren bulegoko segurtasun kameren irudiak lortu ditu The New York Times-ek. Kaliforniako (AEB) gobernuz kanpoko erakunde batentzat egiten zuen lan ingeniariak Kabulen, besteak beste errefuxiatuei jana banatzen. Egunkariaren arabera, irudiok eta Ahmadiren egun horretako ibilbidearen azterketak argi erakusten du gizonak ez zuela inongo lanik egin Estatu Islamikoarentzat, drona gidatzen zuten militarrek huts egin zutela, eta Estatu Islamikoarekin zerikusirik ez zuen familia arrunt bateko hamar kide hil zituztela
«Prozedura zuzen jarraitu zen, eta eraso egokia izan zen», adierazi zuen Pentagonoak eginikoaz lehenengo zalantzak agertzen hasi zirenean, hildako gehienak haurrak zirela ikusita. Militarrek argudiatu zutenez, Ahmadiren autoan zamaturiko leherkariak eragin zuen zibilak hil zituen bigarren eztanda. Egunkariak hainbat adituri erakutsi dizkie biktimen etxeko patioaren irudiak, eta ondorioztatu dute ez zela «bigarren eztandarik» gertatu, eta misilak hil zituela guztiak.
Irudietan ikusten da, gainera, Ahmadik bidoiak urez bete zituela, eta autoan zamatu. Haren ingurukoek adierazi dute auzoan ur mozketak zeudela, eta Ahmadik sari eramaten zuela ura etxera bulegotik.
Biktimen senideek zabaldu dutenez, Ahmadik berak eta AEBetako Armadarentzat lan egin zuen familiako beste kide batek, Ameriketako Estatu Batuetan errefuxiatu gisa bizitzeko baimena eskatuta zuten, talibanen beldur zirelako.