AEBetako presidente Donald Trumpen aldeko ebazpen bat iragarri du gorenak: Etxe Zuriko maizterraren administrazioak baimena izango du 532.000 migratzaile kanporatzeko. Migratzaile horiek guztiek behin-behineko egoiliar estatusa dute, eta, horren bidez, orain arte aukera izan dute herrialdean behin-behinean bizitzeko eta lan egiteko; Joe Biden presidente ohiaren administrazioak (2021-2025) eman zien estatus hori. Ebazpenak lau herrialdetako migratzaileei eragingo die: Venezuelakoei, Kubakoei, Nikaraguakoei eta Haitikoei.
AEBetako Segurtasun Nazionalerako Departamentuak aurkeztu zuen eskaera Auzitegi Gorenean. Gaur egin dute bozketa: zazpi epailek alde egin dute, eta bik kontra. Asmo horren aurka agertu den epaileetako batek, Brown Jacksonek, ohar bat kaleratu du, eta ebazpenak izango dituen ondorioen inguruan ohartarazi du: «Auzitegiak ez dio gobernuari erantzukizunik exijituko kanporatze horiek kalte konponezinak sortzen badituzte, eta gutxietsi egiten ditu gisa honetako erabaki batek ia milioi erdi pertsonaren bizitzetan izan ditzakeen kalteak».
Horiek hala, Jacksonek adierazi du migratzaileek bi aukera dituztela orain: batetik, AEBetatik irten eta beren jatorrizko herrialdeetara itzultzea, eta hango «arriskuei» aurre egitea; eta, bestetik, AEBetan geratzea gobernuko agenteek atzeman eta kanporatzen dituzten arte. Auzitegi Gorenak Trumpen administrazioaren aldeko ebazpen hau eman baino lehen, asmoa bertan behera utzi zuen Massachussettseko epaile batek, argudiatuta AEBetako Gobernuak ezin zituela kanporatze masiboak agindu migratzaileen kasuak banan-banan aztertu gabe.
Nolanahi ere, oraingoa ez da Auzitegi Gorenak arlo honetan hartzen duen aurreneko erabakia; izan ere, duela hamar egun baimena eman zuen 350.000 migratzaile venezuelarri behin-behineko egoiliar estatusa kentzeko.