Donald Trump AEBetako presidentea jada ohitu da dekretuak onartzeko erabili ohi duen errotuladore beltzarekin sinatzen. Urtarrilaren 20an hartu zuen kargua, eta, ordutik, 165 onartu ditu, horietako zenbait bulego obalean eseri zen lehen egunean; tartean, AEBetako herritartasunaren esanahia eta balioa babestekoa. AEBetako Konstituzioaren arabera, han jaiotzen den oro estatubatuarra da, eta presidenteak herritartasuna horrela eskuratzea eragotzi nahi zien zenbaiti; hain zuzen, herrialdean aldi baterako dauden migranteen eta paperik gabekoen ume jaioberriei. AEBetako hiru epaitegi federalek dekretu horren kontra egin zuten, baina, Justizia Departamentuak helegitea jarri, eta Auzitegi Gorenak ontzat eman du gaur.
Maryland, Massachusetts eta Washington estatuetako epaitegiek tramiterako onartu zituzten herritartasunari buruzko dekretuaren kontrako tokian tokiko salaketak, eta agindu zuten hura bertan behera geratu zedila, behin-behinean —erabakiek herrialdeko estatu guztiei eragin zieten—. Gorenak, hortaz, ebatzi du bertan behera gera daitezela lehen instantziako auzitegi horien blokeoak. Ez du erabaki dekretua konstituzionala den ala ez, ezpada beheko instantzietako epaileek gobernuaren erabakiak atzera botatzeko gaitasuna duten auzi honetan.
Nahiz eta litekeena den gaurko ebazpenaren ondotik Trumpen administrazioaren aldeko beste zenbait erabaki plazaratzea auzitegiek haren dekretuen kontra egin duten kasuetako batzuetan, horrek ez du esan nahi epaileek ezingo dituztenik atzera bota legearen eta konstituzioaren kontrako presidentearen erabakiak, aldi baterako bada ere; bai, ordea, zailagoa izango dela halakorik egitea.
Gobernuak esan izan du «ezohiko neurria» dela epaile federalek har dezaketen hori —alegia, herrialde osoari eragiten dioten blokeoak ezartzea—, eta migranteen haur jaioberriei eragiten dien dekretuaren auzian ez zegoela justifikatuta hura erabiltzea.
Arrazoia eman dio Gorenak orain: «Auzitegiak ebatzi du auzitegi federalek [barrutikoetakoek eta apelazio auzitegiek] ezin dituztela eman agindu unibertsal deiturikoak», esan du Gorenak ebazpenean. Aintzat hartzekoa da bederatzi epaile daudela AEBetako Auzitegi Gorenean. Norbere erabakiz kargua utzi arte edo hil arte jarduten dute —impeachment bidez ere kendu daitezke kargutik, baina inoiz ez da gertatu—, eta garaian garaiko presidenteak hautatzen ditu, azkenean Senatuak onartzen dituen arren. Egun, presidente errepublikanoek proposatutako sei epaile daude —horietako hiru Trumpek proposatuak—, eta demokratek proposatutako hiru.
Ebazpenak 119 orrialde ditu denera, eta, hartan, epaileen gehiengoak esan du «balitekeela» agindu unibertsalak aplikatzeko ahalak nolabait «gainditzea» AEBetako Kongresuak auzitegi federalei eman dien botere ekitatiboa —hots, auzi honetan ez dutela erabili behar bezala ohiz kanpoko neurriak hartzeko ahala—. Brett Kavanaugh epaile kontserbadoreak iritzi hau eman du epaian: «Auzitegi batek ebazten duenean botere exekutiboak legez kanpo jokatu duela, erantzuna ez da auzitegiak bere gaitasunak gainditzea».
Sonia Sotomayor epaile liberalak, berriz, «trikimailutzat» jo du Trumpen administrazioaren helegitea, eta, are, uste du ez dela «ezkutatzen» saiatu ere: «Lotsagabeki, auzitegi honek atzetik jarraitu dio». Adierazi du auzitegiak «presa» izan duela erabakia hartzeko, eta «alde batera» utzi dituztela «botere ekitatiboaren oinarrizko printzipioak».
Trump, pozik
Trumpen iritziz, «egundoko garaipena» izan da Gorenak haren dekretuei buruzko dozenaka auzien artean eman duen lehen epaia: «sortzetiko herritartasunaren iruzurrari» kolpe latza eman diotela esan du Truth Social bere sare sozialean. Agerraldia egin du segituan Etxe Zurian, eta errepikatu du gaurkoa garaipen bat izan dela «konstituzioarentzat, botere banaketarentzat eta zuzenbide estatuarentzat». Haren ustez, agindu unibertsalek «mehatxu» egiten diote «demokraziari», eta ituan jarri ditu «epaile ezkertiar erradikalak».
AEBetako Konstituzioaren 1868ko hamalaugarren zuzenketak honela dio lehen atalean: «Ameriketako Estatu Batuetan jaiotako edo naturalizatutako herritar guztiak, eta hango jurisdikziopekoak, AEBetako eta bizi diren estatuko herritarrak dira». Dekretua sinatzeko, Trumpek argudiatu zuen paperik gabeko migranteak ez daudela herrialdearen jurisdikziopean. Pam Bondi AEBetako fiskal nagusiak agerraldia egin du Etxe Zurian, eta aurreratu du Gorenak urrian ebatziko duela dekretu horren konstituzionala den edo ez —auzitegiak atsedenaldia hartu aurreko azken eguna izan da gaur, eta urrian hasiko da berriro beharrean—.