Mundua

AEBetako bederatzi soldadu hil eta beste 15 zauritu dituzte Afganistanen

Ustez ekintzaile talibanek hil dituzte soldaduak, okupazio indarren base batean sartuta. Azken hiru urteetan AEBek jasandako kolperik latzena izan da.

2008ko uztailaren 14a
16:46
Entzun
AEBetako armadak gaur jakinarazi du atzo ustezko ekintzaile talibanek bederatzi soldadu estatubatuar hil eta beste 15 zauritu zituztela Afganistango Wanat herrian duten base militarrera sartu eta gero. Wanat Kunar probintzian dago, ipar-ekialdean, Pakistanekiko mugatik gertu. Erasotzaileak goizaldean sartu ziren base militarrera, granadak kohete bidez jaurtitzeko armekin, metrailetetik eta morteroekin.

Azken hiru urteetan AEBek Afganistanen -2001eko urrian inbaditu zuten- jasandako kolperik odoltsuena izan da igandekoa. Pentagonoko agintariek onartu dute talibanen erasoak iaz baino landuagoak, sendoagoak eta hobeto koordinatuak direla.

Igandean bertan ekintzaile suizida batek Afganistango Poliziaren patruila baten kontra leherrarazi zuen aldean zeramatzan lehergaiak. Bere buruaz gain, 24 lagun hil zituen, tartean 19 zibil eta bost polizia. Egun berean AEBek gidatutako tropek eta Afganistango soldaduek ustezko 40 ekintzaile islamista hil zituzten herrialdean barrena.

Aurten 2.300 lagun baino gehiago -gehienak ekintzaileak, baina tartean zibil franko- hil dira AEBak, NATO eta ISAF nazioarteko tropen eta talibanen arteko borroketan nahiz NATOren bonbardaketetan. Iturri ofizialen arabera, Afganistango ekialdean iaz baino %40 eraso gehiago egiten ari dira aurten talibanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.