AEBetako Gobernua dezentetan itxi izan dute partzialki. Herritarrak ohituta daude shutdown direlakoetara. Baliteke oraingoan itxiera bestelakoa izatea, ordea. Izan ere, Donald Trump herrialdeko presidenteak zera esan zuen atzo ekitaldi batean, gobernua itxi aurretik: «Itxieretatik gauza onak atera daitezke». Eta kontuan hartu behar da Etxe Zuriko maizterrak maiz esan duela baliabideak gutxitu nahi dizkiola administrazio publikoari. Bada, gobernu federala berriro itxi dute, partzialki.
Alderdi Errepublikanoak eta Alderdi Demokratak atzo arteko epea zuten aurrekontuaren finantzaketa publikoa adosteko —AEBetan, urriaren 1ean hasi ohi da zergaldia— . Senatuan egindako bozketan ez ziren ados jarri, ordea, eta horren ondorioz itxi behar izan dute gaur, Washingtonen 00:01 zirenean. Azken zazpi urteotan izandako lehen itxiera da. Azkenekoan ere Donald Trump zegoen Etxe Zurian, eta 34 egun iraun zuen: 2018aren amaieran hasi zen, eta 2019aren hasieran bukatu.
Horrek esan nahi du, finean, administrazioak ezinbestekotzat jotzen ez dituen zereginetan aritzen diren agentzia federaletako langileek jarduna etengo dutela, eta ez dutela soldatarik jasoko errepublikanoek eta demokratek akordio bat egin arte; ezinbestekotzat hartutako sektoreetako langile publikoek, baina, lanean jarraituko dute, nahiz eta ez duten soldatarik jasoko.Â
Kongresuko Aurrekontu Bulegoak kalkulu bat argitaratu zuen atzo, itxialdiaren aurretik, eta hartan dio neurriak 750.000 funtzionario ingururi eragingo diela. Datu ofizialen arabera, duela zazpi urteko itxiera izan zenean, 2,1 milioi langile zituen administrazioak, eta 800.000 inguru geratu ziren soldatarik gabe. Â
Gastu publikoa zerk merezi duen; ohi bezala, horrek eragin ditu errepublikanoen eta demokraten arteko desadostasunak. Errepublikanoek proposamen bat aurkeztu zuten Senatuan —gehiengoa dute ganbera horretan—, eta haien asmoa zen haren bidez aurrekontu federalaren finantzaketa azaroaren 21era arte luzatzea. Hori onartzeko, demokratek konpromiso bat eskatzen zieten: osasungintza publikoko funts batzuei eustea. Errepublikanoek 53 aulki dituzte Senatuan, eta demokratek, 45 —beste bi ordezkariak independenteak dira—. 60 behar dira aurrekontuak aurrera ateratzeko. Ez dute lortu, ordea.
21Zenbat aldiz itxi duten gobernua. Finantzaketa federala adosteko sistema 1970eko hamarkadaren erdialdean sartu zen indarrean AEBetan, eta orduz geroztik 21 aldiz itxi behar izan dute gobernua, Kongresuko kideak ez direlako ados jarri.
Oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dituzten agentzietako langileek lanean segituko dute. Horrenbestez, esaterako, osasun arreta Medicare aseguru federalaren bidez jasotzen duten 65 urtetik gorakoek jarraitu ahal izango dute medikuarengana joaten. FBI Ikerketa Bulegoko Federaleko kideek, CIA zerbitzu sekretuetakoek, aireportuetako aire kontrolatzaileek eta, besteak beste, mugetako agenteek ere lanean segituko dute.Â
Agentzia federal bakoitzak bere itxiera plana osatzen du. Ikusteko dago, hortaz, parke naturalek zer egingo duten, adibidez; ea bisitariak jasotzen segituko duten —400 inguru daude—. 2018 amaierako itxieran irekita egon ziren, baina, langile gutxi aritu zirenez lanean, ekintza bandalikoak areagotu egin ziren.Â
Trumpen asmoak
Trumpek, shutdown delakoa gerta zitekeela jakitun, aurreko egunetan mehatxu egin zuen, eta ohartarazi hori gertatuz gero «atzera-bueltarik» gabeko neurriak hartuko lituzkeela; esaterako, agentzia federaletako langile gehiago kaleratzea. Hainbat ikerketaren arabera, joan den urtarriletik, Trump Etxe Zurira itzuli zenetik alegia, 200.000 funtzionario inguru kanporatu dituzte.
Kongresuak Etxe Zuriko maizterraren aurrekontu proiektua onartu zuen uztailean, zeinak gastu publikoa txikitzea eta zergak murriztea baitzuen helburu. Horren guztiaren harira, eta gobernuaren itxieraren atarian, Etxe Zuriaren Aurrekontu eta Kudeaketa Bulegoak dokumentu bat kaleratu zuen aurreko astean, eta hartan esan zuen agentziek behin betiko kaleratzeetarako prest egon beharko luketela gobernua itxiz gero. Eta itxi dute.