AEB Amerikako Estatu Batuetako administrazioak 36 egun daramatza itxita, eta, hala, orain arteko marka hautsi du. Historiari erreparatuz, dezentetan itxi izan dute Etxe Zuria partzialki, 21 alditan zehazki, baina oraingoa da inoizko itxialdirik luzeena. Urriaren 1ean hasi zen itxiera, errepublikanoak eta demokratak ez baitziren ados jarri aurrekontuen negoziazioetan. Eta halaxe dabiltza oraindik: ados jarri gabe eta itxieraren errua batak besteari aurpegiratzen.
Aurreikusten zen bazitekeela oraingoa beste era bateko itxiera izatea. Izan ere, Donald Trump presidenteak zera esan zuen administrazioa itxi aurretik: «Itxieretatik gauza onak atera daitezke». Trumpek maiz esan izan du baliabideak gutxitu nahi dizkiola administrazio publikoari. Hainbat ikerketaren arabera, urtarriletik hona gutxienez 200.000 funtzionario kanporatu dituzte, eta itxialdia agentzia federaletako langileen aurka egiten jarraitzeko mekanismo ezin hobea da presidentearentzat. Administrazioa ixteak zera esan nahi du: zerbitzu publiko guztiak bertan behera uztea, funtsezkoak direnak izan ezik; hala, herrialdeko langile publikoak soldatarik gabe daude urriaren 1etik.
Ordutik, langile publiko batzuk jarduna etenda daukate, baina beste batzuek, ezinbestekotzat jotzen dituzten zereginetako langileek hain zuzen ere, lanean jarraitzen dute, baina soldatarik jaso gabe. Aireportuetako 13.000 kontrolatzaile inguru ari dira egoera horretan lanean, eta baliteke AEBek aire espazioko zona batzuk itxi behar izatea, langile horietako batzuk falta izateagatik. Hori adierazi dio Sean Duffy Garraio idazkariak Fox News hedabideari. Indar militarrak ere egoera horretan daude. Aurreko itxialdietan jaso ohi zuten militarrek beren soldata, baina oraingoan, aurrenekoz, ez dute jaso.
Gainera, SNAP Elikadurarako Laguntza Osagarriaren Egitasmoan izena emandako 42 milioi pertsonak baino gehiagok jakiak erosteko laguntzak jasotzeari utzi diote; programa horren bitartez, gobernuak laguntza ematen die diru sarrera gutxiko eta diru sarrerarik gabeko familiei. Lehen aldia da itxierak programa honi eragiten diola.
«Joko politikoa»
Errepublikanoek 53 aulki dituzte senatuan; demokratek, berriz, 45 —beste bi ordezkariak independenteak dira—, eta hirurogei behar dira aurrekontuak aurrera ateratzeko. Dozena bat aldiz egin dituzte senatuan horretarako bozketak, baina ez dira aurrera atera. Demokratek Obamacare osasun programarako laguntza gehiago nahi dituzte, besteak beste —Barack Obama AEBetako presidente ohiak osasun sisteman eginiko erreforma bat da hori, helburu duena herritar gehiagok osasun asegurua bermatuta edukitzea—.
«Estatubatuarrek ez lukete ordaindu behar joko politiko baten prezioa, zeinak arriskuan jartzen dituen herrialdearen segurtasuna eta funtsezko zerbitzuak», adierazi du Chuck Shumer demokraten senatuko buruak, eta Trumpi leporatu dio aurrekontu «orekatu eta justu» batzuk negoziatu nahi ez izatea. Eta alderantziz: Trumpek demokraten bizkar jarri du itxieraren zama, baita haren ondorioak ere: «Ezker erradikaleko demokratek administrazioa irekitzen dutenean bakarrik emango dira laguntzak, ez lehenago. Eta erraz egin dezakete», idatzi du Truth Social sare sozialean.
Etxe Zuriaren aurreko itxiera duela zazpi urte izan zen, eta Donald Trump zen orduan ere presidente. Etxe Zuriko maizterrak marka hautsi zuen orduan ere, eta 35 egunez eduki zuen administrazioa itxita. AEBen eta Mexikoren arteko mugan egin nahi zuen harresiaren finantzaketa izan zen orduan arazoa.