AEBetako Senatuko ordezkari demokratek akordio bat egin zuten atzo Etxe Zuriarekin, gobernu federalaren finantzaketa bermatzeko, berriz itxi ez dezaten. Donald Trump presidenteak baieztatu du berria, Truth Social bere sare sozialean: «Espero dut bai errepublikanoek eta bai demokratek baiezko botoa emango dutela, behar-beharrezkoa baita». AEBetako hedabideen arabera, aurrekontuak zatikatuko dituzte, eta gaur Senatuak oniritzia emango dio gobernuaren finantzaketaren zatirik handienari. Segurtasun Nazionalerako Departamentuaren finantzaketa, ordea, aurreragorako utziko dute. Gaur amaituko da gobernuaren finantzaketa adosteko epea.
Defentsa, Osasun eta Altxor departamentuen aurrekontuak onartuko dituzte gaur, baita epaitegi federalenak eta beste hainbat agentziarenak ere. Urte fiskalaren amaierara arte —hau da, irailaren 30era arte— bermatuta edukiko dute finantzaketa. Bestalde, adostu dute Segurtasun Nazionalerako Departamentuaren aurrekontuari bere horretan eutsiko diotela datozen bi asteetan. Aldi horretan, departamentu horren finantzaketa berriaren inguruan eztabaidatuko dute Senatuan.
Departamentu horren aurrekontuek sortu dute desadostasuna demokraten eta errepublikanoen artean, haren menpe baitago ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarra. Herrialdean zehar migranteen aurkako sarekada masiboak egiten ari da, eta azken hilabetean ICEko agenteek bi pertsona hil dituzte Minneapolisen. Hori dela eta, Segurtasun Nazionalerako Departamentuaren aurrekontu proposamen berria ez onartzea erabaki dute demokratek.
Kontuan hartu behar da AEBetako administrazioak 43 egun egin zituela itxita udazkenean —inoizko itxialdirik luzeena izan zen—. 650.000 langile publiko inguru soldatarik jaso gabe egon ziren aldi horretan, hainbat gizarte laguntza programa bertan behera geratu ziren, eta aireportuetan arazoak izan ziren kontrolatzaileen eta segurtasuneko kideen eskasiagatik.