AEBetako Gorenak Texasko migrazio legea geldiarazi du, epemugarik gabe

Auzitegiak erabaki bat hartu bitartean, blokeatuta egongo da SB4 izeneko neurria. Legeak funtzionarioei modua emango lieke ustez legez kanpo sarturiko etorkinak atxilotzeko, auzipetzeko eta deportatzeko.

Mexiko eta AEBen arteko muga, Texas estatuko Eagle Pass hirian, artxiboko irudi batean. ADAM DAVIS / EFE
Mexiko eta AEBen arteko muga, Texas estatuko Eagle Pass hirian, artxiboko irudi batean. ADAM DAVIS / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko martxoaren 19a
10:30
Entzun

AEB Amerikako Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak luzatu egin du Texasko migrazio legeari jarritako blokeoa. Hilaren 4an, Samuel Alito epaileak geldiarazi egin zuen egun horietan indarrean sartzekoa zen neurria. Behin-behinekoa zen erabaki hori; gaur, indargabetzea luzatu du epaile berak. Argitaratutako aginduak dio martxoaren 4ko indargabetzea luzatu egingo dutela epaileak berak edo auzitegiak beste erabaki bat aurkeztu bitartean.

Legea bide luzea egiten ari da epaitegietan. AEBetako Gobernuak urtarrilaren hasieran Texas estatua salatu zuen neurri horrengatik. Justizia Departamentuak argudiatu zuen «konstituzioaren aurkakoa» zela, tokiko agintariei eskuduntza federalak ematen zizkielako. Gerora, AEBetako Askatasun Zibilen Elkarteak salaketa bat jarri, eta Texas estatuko epaile batek legea geldiarazi zuen. Berehala jarri zioten helegitea Texasko agintariek. Orduan, apelazio epaitegiak adierazi zuen legea indarrean sar zitekeela Gorenak aurkakorik erabaki ezean. Alitok, baina, neurria geldiarazi zuen hilaren 4an.

Orain arteko indargabetze eta atzerapenak egun jakin batera artekoak izan dira. Gaur emandako aginduak, ostera, ez du egun jakinik aipatzen; beraz, neurria ez da indarrean sartuko Gorenak behin betiko erabaki bat hartu bitartean. Halere, legea indargabetzeak ez du zertan esan nahi auzitegiak konstituzioaren aurkakotzat joko duenik neurria.

«Auzitegi Gorenak SB4 legea geldiarazi badu ere behin-behinean, Texasek bere eskumenak erabiltzen ditu oraindik ere legez kanpoko etorkinak atxilotzeko».

GREG ABBOTT Texasko gobernadorea

Texasko gobernadore Greg Abbottek —errepublikanoa da— X sare soziala erabili du epailearen erabakiari erantzuteko: «Auzitegi Gorenak SB4 legea geldiarazi badu ere behin-behinean, Texasek bere eskumenak erabiltzen ditu oraindik ere legez kanpoko etorkinak atxilotzeko». Eta gehitu du mugan hesia eraikitzen eta alanbre arantzaduna erabiltzen segituko dutela, eta etorkinek Rio Grande ibaia ez zeharkatzeko buiek bertan dirautela.

Izan ere, neurri horiek guztiek eman dute zeresana AEBetan. Texas estatuak, Abbotten gidaritzapean eta errepublikanoek bi ganberetan gehiengo osoa duten honetan, urrats handiak egin ditu migrazioaren aurka. SB4 migrazio lege gogorra onartzea izan zen azken pausoa, baina, gaur-gaurkoz, ezin izan dute indarrean jarri. Neurriak modua emango lieke funtzionarioei etorkinak atxilotu, auzipetu eta deportatu ahal izateko, AEBetara legez kanpo sartu direla susmatze hutsarekin.

Etorkinen auzia da AEBetako biztanleen kezka nagusietako bat, eta funtsezko gaia izango da datorren azaroko presidentetzarako hauteskundeetan. Hain zuzen, Joe Biden herrialdeko presidentearen agintaldiko ahulguneetako bat bihurtu da Mexikotik muga zeharkatzen dutenen kopurua. Iaz, ia 2,5 milioi migrante legez kanpo sartu ziren hegoaldeko mugatik, Aduanetarako eta Mugak Babesteko AEBetako Bulegoaren arabera. 2021eko urtarrilean Bidenek agintea hartu zuenetik, asko handitu da kopurua: 2020ko abenduan 75.000 etorkin sartu ziren Mexikotik, ezkutuan; iaz, hilabete berean, 300.000. Halere, urtarrilean datuak zertxobait apaldu ziren; azken hamabi hilabeteetan lehen aldiz, 200.000 baino gutxiago izan ziren hegoaldeko mugatik legez kanpo sartu zirenak.

Bidenen migrazio politikei kritikak egin dizkiete bai demokratek eta bai errepublikanoek. Auzia konpondu nahian, iragan otsailaren hasieran, migrazio lege federal baten proposamena aurkeztu zuten Senatuan. Azkenean, baina, ez zuen aurrera egin. Neurri horrekin «elkarrekin» aurrera egiteko beharraz mintzatu zitzaion AEBetako presidentea Donald Trumpi hilaren hasieran, Texasko hiri bana bisitatu zuten egunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.