Beste neurri bat LGTBI kolektiboaren eskubideen aurka. Donald Trump AEBetako presidentearen administrazioak genero aniztasunaren aurkako urratsak egiten jarraitzen du. Gaurtik aurrera, Etxe Zuriak aukera du estatubatuarrei ez uzteko pasaportean beren genero identitatea zehazten. Auzitegi Gorenak arrazoia eman zion atzo Trumpi, eta ezabatu egingo dute X aukera AEBetako pasaportetik. Orain arte, gizona eta emakumea kategoriez gainera, hirugarren aukera hori ere bazegoen. Auzitegi Gorenaren erabakiarekin, ostera, herritarrak «jaiotzean esleitutako sexuarekin» identifikatuko dituzte.
Urtarrilean Etxe Zurira iritsi eta lehen hitzaldian argi utzi zuen Trumpek zein izango zen bere jarrera genero aniztasunaren inguruan: «Gaurtik aurrera, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuarentzat bi genero baino ez dira izango: gizonezkoa eta emakumezkoa», adierazi zuen orduan, eta ordena exekutibo bat onartu zuen. Horren ostean, Estatu Departamentuak pasaporteei buruzko araua aldatu zuen. Ekainean, baina, hainbat trans eta ez-binariok egindako salaketen aurrean, epaile batek bertan behera utzi zuen Etxe Zuriak ezarritako neurria.
Orain, aldiz, Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio Trumpi. Epaitegi horretako bederatzi epaileetatik sei kontserbadoreak dira. Hain zuzen, sei horien botoek ahalbidetuko diote Etxe Zuriari neurri hori aurrera eramatea. Kontra agertu dira hiru epaile aurrerakoiak. Joe Biden presidente ohiaren agintaldian (2021-2025) onartu zuten pasaporteetan X aukera hautatu ahal izatea.
Gorenaren erabakiaren arabera, pasaportean «jaiotzean esleitutako sexua» adierazteak «ez du berdintasun printzipioa urratzen»: «Gobernua, besterik gabe, egitate historiko bat adierazten ari da», jasotzen du epaitegiaren erabakiak. Pam Bondi fiskal nagusiak ere begi onez ikusi du gorenaren hautua: «Erabaki honek gobernuari modua ematen dio herritarrei exijitzeko pasaportean beren sexu biologikoa adieraztea. Bestela esanda, bi sexu daude, eta gure abokatuek egitate horren alde borrokan jarraituko dute», adierazi du sare sozialetan.
Kontrara, Auzitegi Goreneko hiru epaile aurrerakoiak aurka agertu dira. Horietako batek, Ketanji Brown Jackson epaileak, salatu du erabakia «mingarria» dela: «Auzitegi honek, beste behin, bidea ireki dio berehalako mina eragingo duen erabaki bati, justifikazio egokirik gabe —egia esan, inolako justifikaziorik gabe—».