AEBek esan dute Irango armada eraso egiteko ahalik gabe ari dela geratzen

Trumpek esan du datozen egunetan ere «oso bortizki» egingo dutela Teheranen kontra. AEBetako sei soldadu hil dira Iraken, zisterna hegazkin bat erorita; AEBek Ekialde Hurbilean dituzten tropei berehala alde egiteko eskatu die Irango Guardia Iraultzaileak.

Irandar batzuk Trumpen poster bat zapaltzen, gaur Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Irandar batzuk Trumpen poster bat zapaltzen, gaur Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Igor Susaeta - Julen Otaegi Leonet
2026ko martxoaren 13a
18:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Behin gerra piztu eta gero, nork mezu bortitzagoa eman: horrela ari dira aldeak Irango gatazkaren bueltan, elkarri erasotzen dioten bitartean. Donald Trump AEBetako presidentearenak dira hitzok: «Ohore handia da Irango lider zoro horiek hiltzea!». Hori idatzi du Truth Social bere sare sozialean, hori da tonua. Haren esanetan, Iran militarki eta ekonomikoki txikitzen ari dira, «guztiz». Eta Irango Guardia Iraultzaileak, berriz, mehatxu egin die AEBek Ekialde Hurbilean dituzten tropei: eskatu die «berehala» alde egiteko handik, «hondakinen azpian lurperatuta» bukatuko dutela bestela. Halaxe esan du ohar batean.

Ez dirudi Trumpek amore emango duenik, eta esana du berak erabakiko duela gatazka noiz amaitu, Iranek ez duela zer esanik. Horixe bera galdetu diote Fox News telebista katean, AEBek eta Israelek noiz etengo ote dituzten erasoak. «Sudur puntan jartzen zaidanean, bale?», haren erantzuna. Datozen egunetan ere Ekialde Hurbileko herrialdea «oso bortizki» joko dutela iragarri du. Are, The Wall Street Journal egunkariak kaleratu duenez, AEBetako itsas armadak zenbait gerraontzi eta 5.000 marine bidaliko ditu Ekialde Hurbilera; hori jakinarazi diote iturri ofizialek.

Pentagonoak ere jarrera bertsua du. Irango armada «triskatzen» ari direla esan du Pete Hegseth AEBetako Gerra idazkariak. «Indargabe» dagoela, kasik eraso egiteko ahalik gabe geratzeraino, munizioa amaitzen ari baitzaio; gerra hasi aurretik zituen misilen hamarren bat besterik ez zaio geratzen Teherani, gaur eman duen prentsaurreko batean ziurtatu duenez; drone bidezko erasoak ere erabat gutxitu direla jakinarazi du: %95, hain zuzen ere —ez du frogarik erakutsi—. «Garrantzitsuena, ez dutela gehiago fabrikatzeko gaitasunik». Armategiei eraso egiten jarraituko dutela iragarri du Hegsethek.

AEBetako armadaren lehentasuna, ordea, Ormuzen minak itsasoratzen dituzten ontzien kontra egitea da, Dan Caine aireko armadako jeneralaren hitzetan; Gerra idazkariarekin batera eman du prentsaurrekoa. Teheranek joan zen astean itxi zuen Ormuzko itsasartea, eta Mojtaba Khamenei Irango lider goren berriak atzo iragarri zuen itxirik jarraituko duela. Lider gorena ere izan dute hizpide Trumpek eta Hegsethek: lehenak pentsatzen du «kaltetuta» dagoela, baina «bizirik, modu batera edo bestera»; besteak esan du «zaurituta» dagoela, «ziurrenik itxuragabetuta».

Izan ere, Israelgo hedabideek azken egunotan kaleratu dute Khamenei zauritu egin zutela otsailaren 28an, aita lider gorena zena, ama, emaztea eta arrebetako bat ere hil ziren bonbardaketan bertan. Oraindik ez du agerraldirik egin, eta hori ea zergatik ote den galdetu diote Hegsethi: «Uste dut badakizula zergatik», erantzun du.

Hortaz, egoerak bere hartan dirau. Ormuzko itsasartea «etsaiari presio egiteko» blokeatuz, Teheranek arriskuan jarri du harreman ekonomiko eta komertzial globalen egonkortasuna. Horren harira, hain zuzen, Turkiako Garraio ministro Abdulkadir Uralogluk adierazi du gaur Irango agintariek handik pasatzen utzi diotela Turkiako itsasontzi bati; Reuters berri agentziaren arabera, hori kaleratu dute Turkiako zenbait hedabidek.

Israelek, berriz, bonbardatzen segitzen du, hiriburua ez ezik, Irango beste leku batzuk ere. Eta drone batzuek Oman eta Saudi Arabia jo dituzte: bi hildako aurreneko herrialdean, eta hainbat zauritu bigarrengoan. Teheranek ukatu egin du eraso horien atzean egotea. Dena den, atzo bezala, Hezbollah Libanoko milizia xiitarekin erasoaldi bateratu bati ekin diola esan du Irango Guardia Iraultzaileak, Tasnim berri agentziak kaleratu duenez.

ZER ESKATZEN DUTEN ALDEEK

Gerra hasi zenetik bi aste bete diren honetan, hauek dira eskaera nagusiak.

AEBek eta Israelek
Otsailaren 28ra arte, AEBek bere egin zituen Israelek Irani egindako eskakizunak: programa nuklearra mugatu zezala, beste hainbeste egin zezala misil balistikoenarekin, eta ez zitzala eskualdeko milizia islamistak finantzatu, hala nola Hezbollah, Hamas eta huthiak. Horri guztiari buruz ari ziren zeharka negoziatzen AEBak eta Iran. 

Baina gerra piztu zen duela bi aste, eta orain Washingtonek baztertu egin du negoziatzeko aukera. Donald Trump Etxe Zuriko maizterra esaten ari da azken egunetan Iranek amore eman beste aukerarik ez duela, eta bitartean erasoei eutsiko dietela. 
Israelek ere antzera pentsatzen du. Gainera, irandarrei eskaera bat egin die: aiatolen sistema barrutik eroraraz dezatela. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak «abagunea aprobetxatzeko» eskatu die herritarrei.

Iranek
Teheranek ez du amore emateko asmorik, eta, orain aste batzuk negoziatzen ari zirenean, argi utzi zuen, defendatzeko eskubidea argudio gisa erabiliz, ez ziela uko egingo misil balistikoei. AEBek eta Israelek eraso egiten jarraitzen baldin badute, Iranek helburu izango ditu bai Israel eta bai Pentagonoak Ekialde Hurbilean dituen baseak ere, nahiz eta Mojtaba Khamenei lider goren berriak adierazi zuen atzo harreman ona eduki nahi duela bizilagunekin. Hori bai, Masud Pezexkian presidenteak asteon esan duenez, hiru baldintza behar dira gerra amaitzeko. Batetik, AEBek eta Israelek Iranen «eskubide legitimoak» aitortzea; bestetik, orain arteko txikizioaren truke kalte ordainak jasotzea; eta hirugarrenik, nazioarteko bermeak ematea ziurtatzeko ez dela halako beste erasorik gertatuko.

Irango Guardia Iraultzaileak txalotu egin du Irak mendebaldean AEBen armadaren zisterna hegazkin bati egindako «erasoa», eta komunikatu batean jakinarazi Irakeko erresistentziaren misil batek bota duela. Geroxeago, hori bera baieztatu du Iranen aldeko milizia batek, beste ohar batean: Irakeko Erresistentzia Islamikoak. Esan duenez, beren herrialdearen «subiranotasuna defendatzeko» erorarazi dute.

AEBetako buruzagitza militarrak baieztatu du hegazkin horrek lurra jo duela eta eskifaiako sei kideak hil direla. Komunikatu horretan, ordea, azpimarratu du ez dela «etsaiaren eraso baten» ondorioz erori. Hegseth Gerra idazkariak esan du «sakrifizioa» dela soldadu horien heriotza, eta AEBek Iranen duten «misioa» berresteko balio duela: «Heroi amerikarrak haiek guztiak».

(ID_15889253) IRÁN GUERRA
Kea gaur Teheranen, Al-Quds egunerako mobilizaziotik gertu. EFE

Israelek Teheran jo du berriro, eta, nahiz eta esan duen Irango Guardia Iraultzailearen instalazioak dituela helburu, jaurtigaiak Al-Quds egunerako antolatutako mobilizaziotik gertu erori dira —ramadaneko azken ostiralean ospatzen dute musulmanek—. Hori kaleratu du Al-Jazeera hedabideak, kazetariek handik kontatu dietena kontuan hartuz. Horren ondoren, Ali Larijani Irango Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkariak esan du eraso horiek «nahasmena eta ahultasuna» erakusten dutela. «Trumpen arazoa da ez dela gai izan ulertzeko irandarrena herri indartsua dela, kontzientea, eta erabakitasunez jokatzen duela». Irango hedabideek mobilizazio horietako argazkiak kaleratu dituzte, eta haietan Masud Pezexkian presidentea, Abbas Araghtxi Atzerri ministroa eta Larijani agertzen dira, besteak beste.

10

Zenbat milioi dolarreko ordainsaria eskaini duen Etxe Zuriak. Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Departamentuak hamar milioi dolarren ordainsaria —8,7 milioi euro— eskaini du «Irango lider terroristen» informazioaren truke. Haien artean daude Mojtaba Khamenei lider gorena, Ali Larijani Irango Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkaria, Esmail Khatib Inteligentzia ministroa eta Irango armadako zenbait buru.

Frantziako soldadu bat hil dute

Manifestazioen harira, hain zuzen, Irango Guardia Iraultzaileak ohartarazpen bat egin du herrialdeko telebista kate nazionalean: sistemaren kontrako mobilizazioei urtarrilean baino «are gogorrago» erantzungo diete —giza eskubideen aldeko zenbait talderen arabera, 7.000 pertsona baino gehiago hil zituzten orduan estatu indarrek; Israelentzat eta AEBentzat lan egiten zuten «terroristei» egotzi zien Teheranek horren erantzukizuna—.

Bestalde, Frantziako armadako soldadu bat hil dute gaur goizaldean Iraken menpeko Kurdistanen, Arbilen, droneekin egindako eraso batean. Horren berri eman du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, X sare sozialean idatzitako mezu batean. «Irango gerrak ezin ditu molde honetako erasoak justifikatu».

Eta Turkiako Defentsa Ministerioak adierazi du Irandik jaurtitako misil bat erorarazi dutela NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko aireko defentsa sistemek. Otsailaren 28an Iranen kontrako erasoaldia hasi zenetik Turkian erorarazitako hirugarren misila da. Teheranek ukatu egiten du berak jaurtiak izatea.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA