Hain zuzen ere, Abdel Aziz Al-Hakim AEBek bultzatutako Irakeko Gobernu Kontseiluko buruzagiak Saddam Hussein Iraken bertan epaitu beharko litzatekeela aldarrikatu du. "Gizateriaren kontrako krimenengatik epaitu behar da Saddam Hussein. Epaile irakiarrek eipatu beharko lukete, Iraken bertan, nahiz eta prozesua nazioarteko adituek ikuskatu", agertu du Al-Hakimek.
George Buhs AEBetako lehendakariak Saddam Hussein "justiziaren esku" lagako dutela agindu zuen atzo; hau da, epaiketa bati aurre egin beharko diola, baina ez zuen zehaztu Iraken edo beste nonbaiten epaitzeko asmoa duten.
Bitartean, Saddam Husseini galdeketak egiten segitzen dutela azaldu dute AEBetako iturri militarrek, hain zuzen ere, erresistentziaren inguruko eta bere erregimenak izan zitzakeen suntsipen handiko armei buruzko informazioa eskuratzeko. Galdeketa horien emaitzen berri ez dute eman AEBetako indarrek, baina zenbait iturrik agertu dutenez, suntsipen handiko armarik zutela ukatzen segitzen du Saddam Husseinek.
Iraken inbasioaren ondorena
AEBetako militarren esku da Saddam Hussein, haien galdeketak erantzuten
AEBetako indarrek atzo Tikrit sorterritik hurbil harrapatu ostean, militar estatubatuarren esku dago Saddam Hussein Irakeko presidente ohia. Zehazki non daukaten ez dute argitu AEBetako militarrek, baina iturri batzuen arabera, Bagdad hiriburuko aireportu ondoan duten basean dute, eta beste batzuen arabera, Quatarren, eskualdeko base nagusian. Irakeko presidente ohiari galdeketak egiten ari direla azaldu dute Washingtongo iturri militarrek. Irakeko egungo buruzagiek beren herrialdean bertan epai dezatela eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu