Luze jo du AEB Ameriketako Estatu Batuetako administrazioaren itxierak, dagoeneko berrogei egun pasatxoren langa gainditu baitu. Hainbat alditan itxi behar izan dute administrazioa herrialdearen historian, baina oraingoa inoizko luzeena izaten ari da —eta oraintsura arteko luzeena, hilabete pasatxokoa hori ere, Donald Trump AEBetako presidentea zela gertatu zen, haren lehen agintaldian (2017-2021)—. Halere, baliteke laster amaitzea: aurreko asteetan AEBetako Senatuan hamalau bozketa egin ostean, goizaldean errepublikanoak eta zenbait demokrata ados jarri dira aurrekontuen negoziazioetan. Alderdi Demokrata zatituta utzi du bozketak.
Zazpi senatari demokratak eta Angus King independenteak —Alderdi Demokrataren alde bozkatu izan du beti— ez dute kontra bozkatu; horiek horrela, beharrezkoak ziren gutxieneko 60 botoak bildu dituzte errepublikanoek, eta lehen urratsa egin dute azken berrogei egunetan soldatarik jaso ez duten 650.000 langile publiko inguruk beren soldata jaso dezaten.
Oraindik ere badago beste pausorik administrazioaren finantzaketa bermatzeko: Ordezkarien Ganberak onartu behar du, eta, ondoren, Donald Trump AEBetako presidenteak sinatu behar du. Prozedura horrek hainbat egun iraun ditzake oraindik; ikusteko dago noiz egingo duten bozketa, baina Mike Johnson Ordezkarien Ganberako bozeramaileak ordezkariei esan die, egin duen agerraldi batean, «berehala» joateko Kapitoliora. Beste agerraldi batean, AEBetako behe ganberako demokraten buruak, Hakeem Jeffriesek, adierazi du alderdikideek kontra bozkatuko dutela. Baina errepublikanoek gehiengo sinplea beharko dute akordioa onartzeko, eta demokratek baino eserleku gehiago dituzte Ordezkarien Ganberan. Batek daki zeintzuk diren akordioaren xehetasunak, baina argi dago 2026ko urtarrilaren 30era arte administrazioaren itxialdia ekiditeko pauso bat eman dutela.
Administrazioa ixten dutenean, zerbitzu publiko guztiak bertan behera uzten dituzte, funtsezkoak direnak izan ezik. Besteak beste, herrialdeko langile publikoak soldatarik gabe daude urriaren 1etik, eta askok janaria emateko dohaintzak edo larrialdi maileguak eskatu behar izan dituzte; behartsuenak, berriz, elikagairik jaso gabe gelditu dira. Bestalde, aireportuetan atzerapen luzeak izan dira kontrolatzaileen eta segurtasuneko kideen eskasiagatik. Hori dela eta, hainbat hegaldi bertan behera utzi behar izan dituzte.
Negoziazioen arreta nagusia, ordea, Obamacare osasun programa izan da. Demokratek programa horretarako laguntza gehiago nahi zituzten —Barack Obama AEBetako presidente ohiak (2009-2017) osasun sisteman eginiko erreforma bat da, zeinak helburu duen herritar gehiagok edukitzea osasun asegurua bermatuta—. Izan ere, aurten amaitzen da programa, eta Alderdi Errepublikanoak demokratei ziurtatu die abenduan programari buruzko bozketa bat egingo dutela. Horrekin batera, administrazioaren itxiera dela eta lanetik bota dituzten langile publikoak beren lanetara itzuliko dira.
Demokraten haserrea
New Hampshireko senatari demokrata Jeanne Shaheen arduratu da Alderdi Errepublikanoarekin negoziatzeaz. Adierazi duenez, «ulergarria» da hainbat alderdikide akordioarekin ados ez egotea, «baina astebete edo hilabete itxaroteak ez zuen emaitza hoberik ekarriko», nabarmendu du. Akordioa lortzeko botoa aldatu duten senatari demokratek azaldu dute errepublikanoek ez zutela amore emateko asmorik, eta gaineratu dute haien helburua Obamacare programak aurrera egitea dela, hogei milioi estatubatuar baino gehiago bizi baitira laguntza horien menpe.
Demokrata ugari, ordea, Shaheenek adierazitakoaren aurka agertu dira. AEBetako Senatuan demokraten buru den Chuck Schumer, adibidez. Haren hitzetan, administrazioa itxita dagoen bitartean, Trumpek «bahituta» dauzka kaltetutako herritarrak, familiei, adineko pertsonei eta haurrei elikagaiak emateko programa bertan behera utzi baitu. «Osasun arretaren krisia oso larria eta premiazkoa da familia horientzat, eta ezin dut ebazpen hau babestu», esan du X sare sozialera igo duen bideo batean. Bestalde, Elizabeth Warren senatari demokrata ere akordioaren aurka agertu da X sare sozialean, eta «akats handia» dela ohartarazi du.
Akordioa, orain, Ordezkarien Ganberak onartu behar du, eta han ere desadostasunak daude bi alderdien artean. Behe ganberako demokraten buruak adierazi du, sare sozialetan, akordioaren aurka bozkatuko duela, eta Pete Aguilar ordezkari demokrata ere akordioaren aurka agertu da. «Akordioak ez du osasun arretaren krisia konpontzen, ezta estatubatuarren bizitza eskuragarriago bihurtzen ere», adierazi du. Gavin Newsom Kaliforniako gobernadore demokratak, berriz, hitz gogorragoak erabili ditu; akordioa «patetikoa» dela esan du X sare sozialaren bidez: «Hau ez da akordio bat, hau errenditzea da, eta ez gara belaunikatuko».
8Zenbat senatarik aldatu duten botoa. Zortzi senatarik aldatu dute botoa azken bozketan, errepublikanoekin akordioa lortuta. Horietatik zazpi demokratak dira: Dick Durbin (Illinois), Tim Kaine (Virginia), Jeanne Shaheen eta Maggie Hassan (New Hampshire), John Fetterman (Pennsylvania) eta Catherine Cortez eta Jacky Rosen (Nevada). Zortzigarrena, berriz, independentea da, nahiz eta alderdi demokrataren alde bozkatu izan duen beti: Angus King (Maine).