AEBetako Senatuak ez du onartu abortu eskubidea bermatzeko lege proiektua

Gorenak haurdunaldia eteteko eskubidea indargabetzeko asmoa du, eta haren aurka demokratek aurkeztutako lege proiektuak ez du nahikoa babes lortu

Abortatzeko eskubidea debekatzearen kontrako protesta bat, herenegun, AEBetako Auzitegi Gorenean. JIM LO SCALZO / EFE.
Paulo Ostolaza.
2022ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Abortatzeko eskubidea indargabetzeko prozesuak aurrera jarraitzen du AEBetan. Joan den astean Politico hedabideak filtratu zuenez, AEBetako Auzitegi Konstituzionaleko magistratu gehienak haurdunaldia eteteko eskubidea indargabetzearen alde daude. Horren ondorioz, baliteke 1973. urtean Roe v. Wade esaten zioten epai historikoa baliogabetzea, eta hogeitik gora estatutan abortua debekatzea.

Horri aurre egiteko, Alderdi Demokratak abortatzeko eskubidea bermatzeko lege proiektu bat aurkeztu zuen Senatuan, baina, espero zen bezala, ez dute onartu. Herenegun iluntzean egin zutenbozketa, eta egitasmoak aldeko 49 boto eta aurkako 51 jaso zituen. Aldeko 60 boto behar zituen eztabaidatzen hasi ahal izateko. Alderdi Errepublikanoko 50 senatariek bozkatu zuten aurka, baita demokrata batek ere.

Joe Biden AEBetako presidenteak bozketaren emaitzaren berri jakin ostean hitz egin zuen gaiaz: «Emakumeen eskubide konstituzionalak inoiz ez bezalako eraso bat jasaten ari dira, eta estatubatuar gehienen borondatearen aurka doa hori», nabarmendu zuen. «Herritarrek eskubidea izan behar dute beren gorputzaren, familiaren eta bizitzaren inguruko erabakirik pertsonalenak hartzeko, eta hori oztopatzen ari dira errepublikanoak», gehitu zuen.

Zirriborroa

Politico-k joan den astean zabaldu zuena abortatzeko eskubidea indargabetzeko erabakiaren lehen zirriborro bat da. Testuak ez du uzten interpretaziorako tarte handirik: otsailean emandako boto pribatu horren arabera, Gorenaren gehiengo kontserbadorea 1973an onartutako eta 1992an Planned Parenthood v. Casey auzian berretsitako aurrekaria indargabetzearen alde dago. «Roe oso oker zegoen hasieratik», adierazi du, idatziz, Alito epaileak. «Haren motibazioa bereziki ahula izan zen, eta erabaki hark ondorio kaltegarriak izan ditu. Abortuaren inguruan adostasun nazionala lortu beharrean, Roe eta Casey sententziek eztabaida leundu zuten, eta zatiketa sakondu», nabarmendu zuen filtratutako zirriborroan.

Dena den, lege hori indargabetzen baldin badute, AEBetako leku guztietan ez da legez kanpokoa bihurtuko abortatzea: estatu bakoitzaren araberakoa izango da. Haietako bakoitzak erabakiko du legezkoa izango den, eta zer egoeratan. Estatu askok baimendu egingo dute aurrerantzean ere, eta baimenduko ez dutenetan bizi diren emakumeei laguntzeko asmoa ere erakutsi du estatu batek edo bestek. Legez behintzat, beren estatuetan abortatzea debekatuta daukaten emakumeek posible izango dute hori egitea beste estatu batzuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.