Igandean egin dituzte hauteskundeak Mecklenburg-Aurrepomeranian, eta, ia boto guztiak zenbatuta, SDP Alderdi Sozialdemokratak lortu du babes handiena: %30,6. Hala ere, AfD Alemaniako alderdi populista xenofoboak eman du sorpresa; eskuinaren esparruan, Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren CDU alderdi demokristauari aurre hartu dio.
SPDk bost puntu egin du behera, baina lehen indarra da oraindik; alde nabarmenaz gainera. AfDk %20,8 boto eskuratu ditu, eta CDUk, berriz, %19. Merkelen alderdia faboritoa da Alemaniako hauteskundeetarako, baina bestelako indarra du Mecklenburg-Aurrepomeraniako landerrean; bertan, SPDren gobernua babestu dute azken hamar urteetan. Datorren urtean dira egitekoak Alemaniako hauteskunde federalak.
Ezkerrak, behera eginda, botoen %13,2 lortu ditu, eta Berdeak landerreko parlamentutik kanpo geratu dira, botoen %4,8 jasota.
Merkel G-20koen bileran dela, Peter Tauber CDUko idazkari nagusiak egin du hauteskundeen emaitzen balorazioa. Emaitza "mikatza" dela aitortu du: "Denbora beharko da galdutako konfiantza berreskuratzeko".