Afganistanen gutxienez 2.400 lagun hil dira bi seismoren ondorioz

Lurrikarek Heratetik gertu izan dute epizentroa. Ohartarazi dute ez daukatela nahikoa baliabiderik erreskate lanetarako. Iturri ofizialen arabera, 2.000tik gora dira zaurituak eta 500 desagertuak

Herateko herritarrak bere ondasunak jasotzen. SAMIULLAH POPAL /EFE/EPA.
Asier Gonzalez de San Pedro
2023ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Larunbatean lurrikara gogorra izan zen Afganistanen, Herat hiritik 35 kilometrora. 2.400 pertsona hil eta 2.000 zauritu baino gehiago izan dira, agintarien arabera. Desagertuak 500 inguru direla gaineratu du Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak (OCHA). Larunbatean 6,3 graduko bi lurrikara izan ziren lau orduko aldearekin, eta beste bost erreplika lau gradu baino handiagokoak. Lurrikara indartsuenek hamalau eta hamar kilometroko sakoneran izan zuten epizentroa.

Hondamendiak Kudeatzeko Ministerioko bozeramaile Janan Faiqek adierazi zuen atzo Zendajaneko barrutia izan dela kaltetuena. Barruti horretako 13 herritako 1.300 etxe erabat suntsituta gelditu dira. Faiqek gehitu zuen erietxeak beteta daudela, eta ez daukatela nahikoa baliabide zauritu guztiak artatzeko.

Atzo arratsaldean oraindik erreskate taldeak lanean ari ziren hondakinen azpian zeuden pertsonen bila, baina bilaketarako baliabideak eskasak dira eta horrek bilaketa lanak zailduko ditu. Gainera, herrixka txikien arteko komunikazioa nahiko zaila izaten ari da.

Atzo beste hiru lurrikara izan ziren; indartsuena 5,1 gradukoa izan zen, eta hamar kilometroko sakoneran izan zuen epizentroa. Lurrikara hori ere Herat hiritik gertu izan zen, 37 kilometrora. Beste bi erreplika egon ziren astelehenean 4,9 eta 4,7 gradukoak, eta biak hamar kilometroko sakoneran. Horiek ere Herateko probintzian izan ziren, baina haietako bat Qarabagh herritik 30 kilometro hegoaldera.

Abdul Ghani Baradar Akhund Afganistango lehen ministrordea atzo bidaiatzekoa zen Heratera lurrikaren ondorioak ikusteko eta balorazioa egiteko. Afganistango Informazio Ministerioko bozeramaile Abdul Wahin Rayanek X sare sozialean jakinarazi zuenez, lehen ministrordeak lurrikarak eragindako zona bisitatuko du. Rayanek gaineratu du laguntzak modu «ekitatiboan eta zehatzean» banatzeko arau batzuk ezarriko dituela.

Asiako herrialde hori Hindu Kush mendikatean dago, mugimendu sismiko handia duen eremuan, eta, hori dela eta, arrisku handia du lurrikarak izan eta hondamendi naturalak gertatzeko. Joan den ekainean 5,9 graduko lurrikara izan zen; 1.000 pertsona baino gehiago hil ziren, eta milaka lagun etxe gabe utzi zituen.

1998tik herrialdeak jasan dituen lurrikararik larrienen artean hirugarrena izan da, eta talibanak gobernuan daudenetik izandako natura hondamendirik handiena. Gainera, talibanek ezin dute nazioarteko finantza eta erreserbetara jo nazioarteak ez duelako ontzat jotzen haien erregimena eta blokeatuak ditu estatuaren ondasunak.

Afganistango Gobernuak herritarrei laguntza ekonomikoa eskatu die, dirudunei eta enpresariei batez ere. Kabul, Herat eta Kandahar hiri nagusietan gobernuz kanpoko erakundeak diru bilketak egiten hasi dira lurrikaran kaltetutakoei laguntzeko.

Afganistango Ilargi Gorriak Herateko probintziara iristea lortu du laguntza ematera. Kanpin dendak, olanak, ura, mantak, arropa, sukaldeko tresnak eta elikagaiak gordetzeko materialak eman dizkiete kaltetuei. Boluntarioak larrialdi kanpaleku bat jartzen hasiak ziren atzo, etxerik gabekoei babesa emateko.

Nazioarteko laguntza

Oraingoz, herrialde batzuek bakarrik eskaini diote laguntza Afganistani, horien artean Iranek, Pakistanek, Txinak eta Turkiak. Sendagaiak eta funtsezko elikagaiak bidaliko dituztela iragarri dute.

Irango Atzerri ministro Amir Abdullahinek laguntza humanitarioa bidaliko duela hitzeman du eta Afganistanekin elkarlanean aritzeko prest dagoela iragarri.

Pakistango lehen ministro Anwar ul Haq Kakarrek, berriz, iragarri du Kabulek eskatutako guztia bidaliko dutela; hau da, medikuak, kanpaina-ospitaleak eta mantak. Horrez gain, sorospen artikulu gehiago bidaliko dituztela ere gehitu du. Txinako Gurutze Gorriak 200.000 dolar (189.648 euro) emango dizkio Afganistango Ilargi Gorriari laguntza moduan. Turkiako Atzerri Ministerioak, berriz, esan du kaltetuta dauden lurrak lehengoratzen lagunduko duela. Nazio Batuetako koordinatzaile humanitarioak Afganistango Funts Humanitarioari larrialdiko 5 milioi dolar (4,7 milioi euro) emango dizkio.

Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek elkartasuna adierazi zien Afganistango biztanleei, eta adierazi zuen Europatik joandako erreskate taldeak iritsiak direla eremura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.