Afganistango gerra galtzeko arriskuaz ohartarazi du NATOk

Isilpeko txosten batean, McChrystal jeneralak ohartarazi du soldadu gehiago bidali ezean porrot egiteko arriskuaz

2009ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Afganistango NATOko buruzagi goren eta ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarreko komandante Stanley McChrystalek ohartarazi du «arrisku larria» dagoela talibanen aurkako gerra galtzeko, hara tropa gehiago bidali ezean. AEB Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa Departamentuari isilpean bidalitako txosten batean, soldadu gehiagoren beharra dagoela dio, bestela gerra «porrota» izango delako.

AEBetako The Washington Post egunkariak argitaratu du txostena, eta bertan, gainera, tropa aliatuek izaten dituzten zailtasunak zehaztu dituzte: « Erresistentzia garaitzen ez badugu, gerra galtzeko arriskua dugu hurrengo hamabi hilabeteetan». Txostenak 66 orrialde ditu, eta jeneralak abuztuan bidali zion Robert Gates Defentsa idazkariari.

Dena dela, jeneralak dio talibanen aurkako borrokan oraindik «arrakasta» lor dezaketela, egoera «larria» bada ere, baina betiere ekintzaileen aurkako estrategia aldatuz gero. McChrystalek maiatzean ordezkatu zuen David McKierman, AEBek Afganistanen zuten buru militarra, eta herri horretako egoeraren inguruan txosten bat idazteko eskatu zioten.

Jeneralaren arabera, Hamid Karzai Afganistango presidentearen gobernua «usteldurik» dago, eta hori gerra irabazteko «zailtasuna» besterik ez da. Gainera, talibanen armada «sofistikatua» dela dio, eta ekintzarako modua «modernizatu» egin duela. Haren ustez, «oso kontuan» eduki beharreko etsaia da, eta kartzeletako gatibuak errekrutatzeko duen indarra azpimarratu du. Horrez gain, «instituzioen ahulezia, bitartekari batzuen gaiztotasuna, ustelkeria eta boterearen gehiegikeria» salatu ditu McChrystalek. Horiek dira, haren esanetan, Karzairen gobernuak sinesgarritasuna galtzeko arrazoi nagusiak. «ISAFen hutsik larriena afganiarrak babestu ez izana da. Babestu behar genituenengandik urrundu gara; talibanek ez gaituzte militarki garaituko, baina guk geuk garai dezakegu geure burua», dio jeneralak.

Baina hau ez NATOko buruzagiak Afganistango estrategia aldatzearen alde mintzatzen diren lehen aldia. Abuztuan, esaterako, erakunde horretako idazkari nagusi Anders Fogh Rasmussenek esan zuen herrialde horretako operazioa zela aliatuen erronka nagusia. Estrategia militarra aldatzearen alde azaldu zen, baita segurtasuna areagotzearen alde ere. Agintariek boterea uzteko deia egin zien Rasmussenek.

Etxe Zuriko iturriek, berriz, jakinarazi dute ez dutela jaso tropa gehiago bidaltzeko eskaera ofizialik. Barack Obama presidenteak orain dela gutxi eskatu dio Pentagonoari 21.000 soldadu hara bidaltzeko. Iragan astean, bestetik, EB Europako Batasuneko Atzerri ministroak Bruselan (Belgika) elkartu ziren, Afganistango estrategian ados jartzeko asmoz. EBren ustez, Karzaik Kabulgo gobernuan egin dituen bost urteetan ez da gutxieneko aurrerapenik lortu giza eskubideei dagokienez; bereziki, emakumeen egoerari dagozkionak. Erakundeak nahi du herritarrek boterea ematea, modu horretan burujabeak izan daitezen.

Obamak ez du egunik jarri

Obamak herenegun adierazi zuen bere gobernuak ez duela egunik zehaztu, oraindik, soldadu estatubatuarrak herrialdetik alde egiteko, eta politikarako ez dela komeni argudiatu. Presidenteak bost telebista kateri eman zizkien elkarrizketak, eta, iragarria duen osasun erreformaz gain, Afganistango egoeraz mintzatu zen, bere herrialdeko soldaduak han borrokan ari direla eta. «Ez dago erretiratzeko egunik», adierazi du Obamak. Tropa gehiago bidali beharra zalantzan jarri zuen, gainera: «Estrategia egokia finkatzen dugun arte, ez dut gizon eta emakume gehiago hara bidaltzeko asmorik. Ez dut Afganistanen egon nahi egoteagatik». Obamak agerian utzi nahi izan zuen ez dela betiko geratuko herrialde horretan.

Afganistanen dauden tropen helburua Al Kaeda erakunde armatua eta talibanak garaitzea dela nabarmendu du AEBetako presidenteak, eta egin beharrekoa egingo dutela estatubatuarrak babesteko. Osama Bin Laden harrapatzeko herrialde hartako estrategia militarra aldatzea «ezinbestekotzat» jo, eta aurreko presidente George Bushen kudeaketa zalantzan jarri du Obamak. AEBetako iritzi publikoak eta senatari demokratak azkenaldian presioa egin diote presidenteari soldaduak Afganistandik ateratzeko.

Bestalde, atzo eman zieten azken agurra iragan ostegunean Kabulen izan zen atentatuan hil zituzten sei soldadu italiarrei. Bonba-autoak ibilgailu blindatuen parean egin zuen eztanda, AEBek Afganistango hiriburuan duten enbaxadaren ondoan. Hileta elizkizunak Erroman izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.