Afrika Erdiko Errepublikan bozak dituzte gaur, matxinoen mehatxupean

Presidentea eta parlamentuko ordezkariak aukeratuko dituzte gaurko hauteskundeetan

Faustin-Archange Tuadera Afrika Erdiko Errepublikako presidentea, abenduaren 19an, hauteskunde ekitaldi batean, Bangi hiriburuan. ADRIENNE SURPRENANT / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Egoera politikoa egonkortzeko hauteskundeak izan behar zuten gaur Afrika Erdiko Errepublikan egingo direnek, baina giro asaldatuan egingo dituzte, bozketak berak zatiketa politikoa areagotzeko arriskua baitakar. Oposizioko hainbat hautagaik bozak atzeratzeko eskatu arren, aurrera egitea erabaki du Afrika Erdiko Errepublikako Gobernuak. Indarkeriaren mehatxuak ere baldintzatuko ditu hauteskundeak, eratu berria den matxino koalizio batek hiribururako bidea abiatua baitu, bozketa galarazteko.

Faustin-Archange Tuadera egungo presidentea da faborito nagusia. Haren aurkaririk indartsuena izan zitekeen Francois Bozize presidente ohia, zeina erbestetik itzuli zen iaz, baina Auzitegi Konstituzionalak haren hautagaitza debekatu zuen hilaren hasieran, argudiatuta herrialdeko justiziak nazioarteko hainbat krimen leporatzen dizkiola eta NBE Nazio Batuen Erakundeak ezarri dizkion zenbait zigor indarrean dituela. Gainera, gobernuak estatu kolpe bat prestatzen aritzea leporatu zion presidente ohiari joan den astean, matxino talde armatuek Bangi hiribururako hainbat errepide itxi zituztenean. Bozizek ukatu egin ditu gobernuak egotzi dizkionak.

Oposizioak bozak atzeratzeko eskatu dio Tuaderari, «bakea eta segurtasuna ezarri arte». Gobernuak entzungor egin dio eskari horri, eta Auzitegi Konstituzionalak bide beretik jo du oposizioak hauteskundeak gaur egitearen kontra aurkeztu dituen salaketa guztiak baztertuta.

Joan den abenduaren 19an, CPC Aldaketarako Abertzaleen Koalizioa eratu zuten herrialdeko lurraldearen bi herenetan zabalduta dauden talde armatuek. Gobernua hauteskundeak bertan behera uztera behartzeko erasoak hasi zituzten, eta, atzera egiteko, su-etena eskaini zioten asteazkenean Tuaderari. Ostiralean eman zuten hautsitzat menia, presidenteak bozei eutsiko ziela erantzun zien eta. Egun berean, «identifikatu gabeko talde armatu batek» NBEren hiru soldadu hil zituen, nazioarteko erakundeak jakinarazi zuenez.

CPCren hiribururako martxari aurre egiteko, Afrika Erdiko Errepublikako Gobernuari laguntzen ari dira atzerriko hainbat eragile. NBEk herrialdean duen misioa indartu du, 300 kasko urdin gehiagorekin, eta Errusiak eta Ruandak ere soldaduak bidali dituzte bozak babesteko.

Bozak eginda ere, Afrika Erdiko Errepublikako egoera ezegonkortzeko arriskuan da, indarkeriaren gorakadaren eta zatiketa politikoaren ondorioz. Batez ere, oposizioak eta CPC talde matxinoen koalizioak bozen emaitzak ez onartzea erabakiko balute.

Ia hamarkada bateko krisia

Afrika Erdiko Errepublika gatazka odoltsu batek hartu zuen 2012. urtean, Salaka talde armatuen koalizioa —gehiengo musulmanekoa— Bozizeren aurka altxatu zenean. Presidenteak ihes egin zuen 2013ko martxoan, Salaka hiriburua kontrolpean hartzear zela. Michel Djotodia haren liderra ezarri zuten presidente. Kolpearen ostean, Djotodiak Salaka taldea desegin zuen arren, kide ohi ugarik zibilen kontrako erasoak egiten jarraitu zuten, eta anti-balaka miliziak eratu ziren —nagusiki kristauz eta animistaz osatuak—, haien gehiegikerietatik babesteko. Bi aldeek lurraldeen gaineko kontrol sektarioa ezarri dute herrialdeko eremu zabal batean.

Iazko martxoan, bake ituna sinatu zuten gobernuak eta hamalau talde armatuk, baina Salakako kide ohien, anti-balaka milizien eta beste zenbait sektoreren arteko borrokak ez dira eten.

Berriki, talde armatu garrantzitsuenek CPC eratu dute —Salakako kide ohiak eta anti-balaka milizietakoak barne—, Tuaderaren aurka. Bozetan «iruzurra» egin nahi izatea leporatzen diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.