Afrika eremu gatazkatsuagoa bihurtu da azken hamarkadan

Kontinenteak zenbait hobekuntza egin ditu sustapen ekonomikorako alor batzuetan eta giza garapenean. Adituek ohartarazi dute azken urteetako lorpenak arriskuan daudela

Sudango manifestari talde bat, armadak protesten kontra erabili duen indarkeria salatzeko mobilizazio batean, iazko ekainean, Khartumen. ELA YOKES / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Afrika eremu arriskutsuagoa da egun, duela hamar urte zena baino. Ondorio horretara heldu da Afrikako Gobernantzaren Ibrahim indizea, bi urtez behin argitaratu ohi duen txostenaren azken alean. 2012tik 2022ra, segurtasun gabeziak handitu ditu kontinenteak, bereziki, gatazka armatuak eta zibilen kontrako erasoak areagotu direlako. Txostengileek ohartarazi dute horrek «arriskuan» jartzen dituela osasunean, hezkuntzan eta aukera ekonomikoen sustapenean emandako pausoak.

«Joera kezkagarri horri azkar erantzun ezean, ezagutu ditugun garapen urteak galduko ditugu», ohartarazi du Mo Ibrahimek, 2007an Ibrahim indizea abian jarri zuen Sudango enpresariak. Azaldu duenez, Afrika modu bereziki larrian ari da jasaten krisi bat baino gehiagoren ondorioen zama, bata bestearen gainean. Klima larrialdiak, COVID-19ak, eta Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerrak eragin dituen kalteak nabarmendu ditu. «Gobernuek aldi berean erantzun behar diete gure gaztediaren aukera faltari, elikagai gabezia geroz eta handiagoari, eta kontinenteko herritarren ia erdiak pairatzen duen energia sarbiderik ezari».

Klima aldaketaren ondorioz Afrikan izan diren muturreko baldintza meteorologikoek elikagai krisiak ekarri dituzte Afrikako zenbait herrialdeetara, eta, bereziki, Afrikako Adarrera. Ia 20 milioi lagun daude eremu horretan gosete larria pairatzen. COVID-19ak osasunean eragin duen kalteaz harago, zailtasun ekonomiko ugari ere sortu ditu, eta egoera makur horri gehitu zaizkio Ukrainako gerraren ondorioak.

Ibrahim fundazioak ez ditu azken horien kalteak neurtu urtarrilean argitaratu duen txostenean, baina Ibrahimek aurreratu du «hondamendia» gertatzen ari direla Afrikarentzat. «Elikagaien prezioei ari zaie kalte egiten, eta erregaien gaineko prezioei».

Ibahimek Afrikaren garapenerako oztopoen artean aipatu ditu baita ere kanpo zorra, zenbait estatutan gobernuek herritarrengan sortzen duten mesfidantza geroz eta handiagoa, eta azken urteetan kontinentean izan diren estatu kolpeak. Zazpi kolpe eman dituzte militarrek 2019tik: Sudanen (2019, 2021), Txaden (2021), Malin (2020,2021), Ginean (2021) eta Burkina Fasson (2022ko urtarrilean eta irailean)—.

Eskubide murrizketak

Segurtasuna, zuzenbide estatua eta giza eskubideak atalean jasotako aldagaiek izan dituzte emaitzarik kaskarrenak. Horietan, okerrera egin dute Afrikako 30 estatuk baino gehiagok. Azterketak ohartarazi du eskubide demokratikoak murrizteko joera bat atzeman daitekeela, eta aipamen zuzena egiten dio manifestarien kontrako polizia indarkeriari eta jazarpenari. Nigeriako eta Sudango gobernuek protesten aurka erabili duten bortizkeria aipatu ditu adibide gisa.

Afrikaren bilakaerak alor horretan atzera egin duela islatzen du datu esanguratsu batek: herritarren %70 bizi dira Segurtasuna, zuzenbide estatua eta giza eskubideak atalean okerrera egin duen estatu batean, 2012ko datuekin alderatuta. Egoera horretan eragina izan du muturreko islamismoaren hedatzeak.

COVID-19aren pandemiak are gehiago sakondu ditu koronabirusaren aurretik Afrikak giza eskubideen alorrean zituen gabeziak. 2019tik lau bider azkartu da segurtasun arloari dagokion puntuazio galera, eta sei bider azkarragoa izan da gainbehera parte hartzeari, eskubide zibilei eta gizarte inklusioari dagokionez. «Hauteskunde demokratikoak» neurtzeko aldagaiaren kasuan, azken hiru urteetako okertzeak ezerezean utzi ditu 2012tik 2019ra bitartean egindako urratsak.

Hobekuntza, motelduta

Txostenak aipatzen ditu zenbait aldaketa positibo ere. Garrantzitsuenak Aukera ekonomikoen sustapena atalarekin daude lotuta. 2012arekin alderatuta, Afrikako 43 herrialdek hobetu dute alor horretan, eta hobetzea lortu duten estatu horietan bizi dira kontinenteko herritarren %88tik gora. Aldiz, datuek diote garapena moteldu egin dela 2017 urteaz geroztik, eta urte horretatik aurrera 28 estatu izan dira soilik hobekuntza joerari eutsi diotenak. Estatu horietan bizi da Afrikako biztanleriaren erdia pasatxo —%52,3—.

Aukera ekonomikoetarako oinarrien garapena azpiegituren sustatzeak eragin du, gehienbat; eta, horien artean, pisu handia izan dute azpiegitura digitalek: telefono bidezko komunikaziorako sarearen, Interneten eta ordenagailuen hobekuntzak. Urrats hori kontinente osoan egin dute.

Dena den, egileek nabarmendu dute kontinenteak «erronka erraldoiak» dituela eremu ekonomikoan. Aurrerapausorik handiena, berriz, giza garapenari lotuta dagoela jaso du azterlanak. Joera horren bultzatzaile nagusiak osasun zerbitzuak izan dira, batetik; eta, haren barruan, haurren eta amen artarako politikak, gaitz kutsakorren kontrolerako neurriak eta ur eskuragarritasuna hobetu dira bereziki. Bestetik, ikertzaileek dagokien garrantzia aitortu diote ingurumen babeserako eman diren pausoei ere; besteak beste, aire kalitatea, biodibertsitatearen babesa eta lurraren erabilera arduratsua hobetzeko urratsak aipatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.