Kazetaria

Dipo Faloyin: «Afrikako bizipenetan, pobrezia eta sufrimendua ez ezik, arrakasta ere badago»

Afrikari buruzko estereotipoak desegiten ahalegindu da liburu batean, eta uste du badagoela motiborik «kontinentearen geroaz baikorrak izateko».

Dipo Faloyin elkarrizketa batean, iazko urrian. ALBERTO VALDES / EFE
Dipo Faloyin elkarrizketa batean, iazko urrian. ALBERTO VALDES / EFE
Ricard Gonzalez.
2025eko irailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dipo Faloyin-ek 35 urte besterik ez du, baina esperientzia handiko kazetaria da, Afrikako politikan, kulturan eta gizarte gaietan aditua. Nigeriakoa da, Vice aldizkariko erredaktoreburua, baita Africa Is Not a Country (Afrika ez da herrialde bat) liburuaren egilea ere, zeinak Afrikari buruzko estereotipo txar ohikoenak desegin asmo dituen.

Afrikari buruzko estereotipo guztietatik, zein iruditzen zaizu iraingarriena?

Okerrenetako bat zera da, Afrikan pobrezia, sufrimendua eta animalia exotikoz betetako safariak besterik ez dagoelako kontu hori. Ez du aintzat hartzen askotariko jendea garela eta mota guztietako esperientziak ditugula, munduko gainerako tokietan bezalaxe. Ezgai eta lañoak izango bagina bezala aurkezten gaituzte, pobre izanik helburu bakarra irautea bageneuka bezala. Ikuspegi hori, gainera, [Mendebaldeko] kultura popularraren alderdi guztietan agertzen da. 

Liburuan diozunez, estereotipo horiek zabaltzen lagundu dute lan klasiko batzuek, hala nola Out of Africa filmak. Halakoak ikusteari utzi behar litzaioke? 

Garrantzizkoena zera da, ulertzea zergatik den arazotsua Afrika deskribatzeko modu hori. Hortik aurrera, norberak erabakiko du zer egin nahi duen. Azken batean, kultur lan berrietan halako ideiak zabaltzeari uztea, hori da garrantzizkoena. Gainera, gobernuz kanpoko erakunde batzuen kanpainek ere larriagotu egiten dute arazoa, halako mitoak indartzen baitituzte. 

Zer aholku emango zenioke Afrikarrekin elkartasunez jokatu nahi duen norbaiti?

Jendeak zer harreman duen munduko gainerako tokiekin, ba, harreman hori bera izan behar luke Afrikarekin. Eta harreman horrek errealitatean oinarritu behar du; hau da, jakin beharra dago herrialde edo eskualde bakoitzean egoera nolakoa den, alde batera utzirik Afrikari buruzko nozio mitikoak. «Afrikari lagundu egin behar zaio» dioen ideia ere arazoaren parte da, abiapuntua baita afrikarrak ez direla gai beren burua zaintzeko. Pentsaera horrek ez du kontuan hartzen kontinenteko bizipenetan badela arrakastarik ere; adibide bat aipatzeko, afrobeat musika nazioartekotu izana. Idazle, artista eta musikari bikainak ditugu, eta egunero sortzen dituzte beren lanak, egunero kontatzen dituzte beren komunitateen istorioak. Eta ona litzateke haien sorkariak ezagunagoak izatea. 

«Ezgai eta lañoak izango bagina bezala aurkezten gaituzte, pobre izanik helburu bakarra irautea bageneuka bezala»

Askok ezkor begiratzen diote munduaren geroari. Zu baikorra al zara, Afrikari dagokionez behintzat?

Bai, eta ez hala izateko asmo hutsez, baizik eta ikusten dudalako zer lan egiten ari diren gazteak zein bere arloan, nolako jarrera duten kulturen arteko berdintasunean, klima aldaketaren gaian, tolerantzia erlijiosoaren alde, etnien arteko gatazkak konpontzearen alde… Haiei esker, aurrera egiten ari gara, eta badago motiborik Afrikaren geroaz baikorrak izateko. 

Ikerlan batzuen arabera, demokrazia atzeraka ari da munduan azkenaldian. Afrikan ere berdintsu?

Ez dut uste Afrika guztian hori denik joera nagusia, betiere kontsideratzen badugu jendeari bere buruzagiak aukeratzen uzten dion sistema dela demokrazia. Egia da Frantziaren kolonia izandako toki batzuetan jendeak uste duela onartezina dela Frantziak oraindik ere duen eragina; ondorioz, badago halako grina lehendik jasotako gobernabideak moldatzeko, pentsatzen baitute dauden-daudenean ez direla tokian tokiko kulturaren parte. Halako prozesuak zailak dira batzuetan, etniak bat ez datozenean. Gogoan izan behar da demokrazia eredu bat baino gehiago dagoela: Erresuma Batuko eredua ez da AEBetakoa. Herri batzuk bere bidearen bila ari dira oraindik.

Banaketa etniko arbitrarioak izan dira independentzia lortutakoan estatu berriak egonkortzeko arazoetako bat. Mugak bestela berregin behar dira? 

Jabetzen naiz buruzagiek bere garaian zergatik ez zuten eztabaidatu nahi izan potentzia kolonialek inposatutako mugei buruz. Uste zuten zaila izango zela erabakitzea zer lurralde hartuko zuen bakoitzak, norentzat izango ziren baliabide naturalak. Gainera, beldur ziren herrialde handiek ez ote zuten eragin handiegia izango eta ez ote zieten beren borondatea inposatuko herrialde txikiagoei. Eta oraindik ere hortxe dago erronka hori. Sudanen bai, Sudanen aldatu egin zituzten mugak. Kontinente guztian egiteko, ordea, prozesu organiko bat beharko litzateke, jendeak gidatua.

«Bistan da Afrikako Batasuna boterea galtzen ari dela urteek aurrera egin ahala»

Zer iruditzen zaizu Afrikako Batasunak gatazkak konpontzeko garaian izaten duen jokabidea?

Bihurria da kontua. Batzuetan, pentsatzen dut eragin handiagoa izan behar lukeela, baina horrek arrisku bat ekarriko luke: jendeak pentsatzea urrutiko erakunde bat dela, herrialde handien mendekoa, eta bide jakin bat inposatzen ari dela. Oreka lortu behar da, baina bistan da Afrikako Batasuna boterea galtzen ari dela urteek aurrera egin ahala. Beharbada, hobe da, eta eraginkorragoa, eskualdeetako organizazioak aritzea horretan; esaterako, Ecowas. 

Espoliaturiko artelanak Afrikara itzultzea: horra liburuan jorratu duzun beste gai bat. Zergatik da hain zaila Europak artelanak itzultzea?

Europako erakundeak ideia arrazistez baliatzen dira objektu horiek atxikita edukitzeko. Jendeak uste du afrikarrak ez direla gai izango ondo zaintzeko, kultur ondarea zaintzeko. Eta hori, nola ez, Berlingo Konferentzian sortutako mito bat da. Hobeto ulertuko bagenu kolonialismoa zer izan zen, museoei zailagoa litzaieke argudio horiek erabiltzea. Afrikarrentzat, garrantzizkoak dira artelan horiek, beraiek kontatu nahi baitute beren historia, eta beraiek aurkeztu nahi diote munduari beren kultura.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.