«Deskarbonizazioaren elkarrizketan kontzientziazioa eta aldaketa behar dira, baita eraikinen eta eraikuntzaren alorrean diharduten teknokratekin ere», dio Felix Odhiambok, Kisumuko (Kenya) adituak. Bertako gobernuan egiten du lan, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak babestutako Eraikinetarako eta Eraikuntzarako Aliantza Globaleko zuzendaritza batzordeko kide da. «Eskala nazionala eta globala, eskualdekoa eta azpinazionala» ordezkatzen ditu.
Sektore guztiak ez daude integratuta deskarbonizazioari buruzko elkarrizketan; lan hori egiteko dagoela dio: «Adibidez, gastatzeko ahalmena duen eraikitzaileak material berdeak erabil ditzake, baina ekoizpenerako eta garraiorako erregai fosilak erabili badira, ez dira etxe berdeak. Karbono isuriak balio kate osoan murriztea baita deskarbonizazioa».
NBIP Nazio Batuen Ingurumen Programak maiatzaren 19an kaleratu zuen txostenaren arabera, gas isurien %37ren eta munduko material erauzketaren %50en ardura du alor horrek. Klima ekintza sustatzea eraikinen eta eraikuntzaren eskuragarritasuna lantzeko aukera dela esan du txostenean Inger Andersen NBIPren zuzendariak. Nabarmendu du eraikinen bidez klima arriskuak blokeatu daitezkeela, eta bizi baldintza seguruagoak, osasuntsuagoak eta ordaingarriagoak eskaini. Gainera, zera erantsi du: munduko eraikinen erdia 2050erako eraiki edo berritu gabe egongo denez, gobernuek aukera paregabea dutela isuririk gabeko eraikuntza «erresilientea» bultzatzeko.
«Eskala globalean, benetan konpondu beharreko arazoari dagokionez, horixe bera da erronka: etxebizitzen isurien murrizketak bizkortzea eta tokian tokiko etxebizitza jasangarriak ordaingarriak izatea; gauza biak lotuta daude», azpimarratu du Odhiambok.
Materialak nondik atera eta nola garraiatzen diren, eraikinen erabileraren energia errendimendua eta klima aldaketaren ondorioak jasateko duten erresistentzia aztertu behar dira, energiaren faktura gutxitu eta ordaingarria izan dadin. «Eraikinek eskuragarriak izan behar dute nola ingurumenarentzat hala bizilagunentzat», esan du adituak.
Munduan, astero, Parisen pareko eremu bat eraikitzen dela dio txostenean; hau da, egunero 12,7 milioi metro koadroko eremua. Datozen 25 urteetan eraikin gehienak Hegoalde Globalean eraiki behar dira, baina «klima ekintzarako finantza hutsune handi bat dago», Eraikinetarako eta Eraikuntzarako Aliantza Globaleko kidearen esanetan. «Suspertzen ari diren herrialdeetan etxebizitza eskaera itzela dago, eta auto eraikuntza da nagusi. Afrikan biztanleen %70ek daukate etxebizitza beharra, baina ezin dute ordaindu, ezta etxea eraikitzeko lur zatirik erosi ere. Nola finantzatu etxea edo lurra erosteko aukera, nola finantzatu gastatzeko gaitasunik ez duten eraikitzaileen hipoteka berdea; horiek dira arazo nagusiak».
Banbuzko etxea eraikitzea merkea dela pentsa liteke, baina, egonkorra eta funtzionala izan dadin, egonkortu egin behar da. Buztina erabiliz gero, eskuragarri dago tokian-tokian, baina beroa eta balio erantsi gehigarri batzuk eman behar zaizkio, eta kostua handiagoa bihurtzen da. Mabati edo burdinazko xaflazko etxea eraikitzea merkea izan liteke, baina beroa jasangaitza izango da, eta diru asko gastatu beharko da etxea hozteko. «Ezin zara ibili, gaixo zaude, baina ezin etxean geratu, egun osoan landan egon behar», nabarmendu du adituak.
Justizia, zuzen egitea
Klima eta justizia ekintzek bat egiten dutela esan liteke, deskarbonizazioaren helburua eraikinen eta eraikuntzaren eskuragarritasunarekin batera gauzatzen bada. «Justizia zuzen jokatzea da, norbaiten beharretan oinarrituta, ekitatearen eta ordaintzeko ahalmenaren inguruko gaiak aztertuz», dio Odhiambok. «Niretzat, justiziak esan nahi du denek izan behar dutela etxebizitzarako sarbidea; hau da, etxebizitza egokiak izan behar ditugula».
«Gauzak maila inklusiboan planifikatzen badituzu, biztanleriaren alderdi guztiek egon behar dute elkarrizketan»
FELIX ODHIAMBO Eraikinetarako eta Eraikuntzarako Aliantza Globaleko kidea
Ideia horretan sakondu du: «Plangintza aberatsentzat egin ahal duzu bakarrik, baina gero pobreek etxerik ez badute... Pobreek ere etxe eskuragarri edo jasangarrietan bizi behar dute, azkenean kontu guztiak jasangarritasunera baitatoz. Beraz, bai, klima ekintzari dagokionez, nik askotan esan dut —klima txapelduna naiz eta—: biztanleriaren sektore guztiek etxebizitzarako sarbidea izan behar dutela, etxebizitza nahikoa hain zuzen ere, kalitateari eta eskuragarritasunari dagokionez».
Etxebizitza sistema diseinatzean, ez da zuzena hipoteka ordaindu ezin duen etxe bat ematea alokatzaileari. Horrek esan nahi du noizbait ezingo duela ordaindu eta kanporatu egingo dutela. Horrexegatik, globalki, baita Kenyan ere, eta oro har Afrikan, Odhiambok uste du trantsizio justuaren gaia landu behar dela, eta aldaketaz hitz egitean zera esan nahi dela: «Gauzak maila inklusiboan planifikatzen badituzu, eta gaia etxebizitza bada, biztanleriaren alderdi guztiak egon behar dute elkarrizketan».
Kenyan, Afrikan, jende gehienak ezin du etxerik ordaindu, lanean ari badira ere. Diru sarrerak ez dira nahikoa etxebizitza bat jabetzan eskuratzeko; alokairua ordaintzea besterik ez dago. Argitaratu berri den inkesta baten arabera, Kenyako biztanleriaren %1ek gainerako %99ak adina aberastasun du. Horiek alokatzen dituzten etxeen estandarrek —elektrizitatea, materialen kalitatea eta beste— ez dute modurik ematen era jasangarrian bizitzeko.
Adibide baten bidez azaldu du adituak egoera: «Zoaz Kisumura. Apartamentuen jabeak gutxi batzuk dira, eta bizilagun gehienak bertan alokairuan bizi dira. Eta lurrak jabetzan dituztenak, landa lurrak... Han ez dago etxerik, kokaleku informalak baizik. Jendeak ezin ditu eta etxe duinak eraiki. Hori da benetako egoera. Beraz, esan nahi duguna da: Kenyako deskarbonizazio bide orri nazionala garatzean, eraikuntza berdeen estandarrak garatzean, nola aldatu kontakizuna? Hipotekei erreparatzen badiezu, nork finantzatzen du etxebizitzaren jabetza, apartamentuak bakarrik finantzatu beharrean? Gehienetan apartamentuak estandar barregarriekin eraikitzen dira; gainera, tamainari edo lanen kalitateari erreparatzen badiozu, batzuk hondatu egiten dira. Beraz, dirua inbertitu al genezake etxebizitzaren jabetzarako?».
Desorekaren eta bazterketaren arazoa kontuan hartuta, nabaria da adituak aipatzen duen aldaketa klima ekintzaren funtsezko osagaia bihurtu dela 2050erako lasterketan, eta hori aintzat ez hartzea ez ote den agian deskarbonizazioaren aurrerabidea blokeatzen duena.