Sinn Fein alderdiko kidea

Martina Anderson: «Aguantatu dugun guztia aguantatu eta gero, orain ezin dugu onartu erdizkako libertate bat»

'Borroka hautatzea' autobiografia aurkeztu berri du Anderson Sinn Feineko kideak; IRAko boluntarioa, Stormonteko parlamentaria eta europarlamentaria izandakoa da. «Espero dut egiten ari garen bideak esperantza ematea borrokan ari diren beste batzuei».

Martina Anderson Ipar Irlandako Sinn Fein alderdiak Derryn duen egoitzan, abuztuan. MAURO GUGLIELMINOTTI
Martina Anderson Ipar Irlandako Sinn Fein alderdiak Derryn duen egoitzan, abuztuan. MAURO GUGLIELMINOTTI
Orsola Casagrande
2026ko abuztuaren 18a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Sekula ez dut segurutzat jotzen katerik gabe ibil naitekeen mundu batean aterako denik eguzkia orain. Gu ekintzaile zorionekoak gara. Bizirik atera baikara. Bizitzea merezi izan duen bizialdi bat izan dugu. Komunitate bat daukagu. Behiala, bizimodu hauxe imajinatzeko ere borrokatu behar izan genuen; beraz, pribilegio hutsa da orain bizimodu hau izatea. Eta pribilegio horrek ardura bat dakar: bermatzea etorkizunak are gehiago eskainiko diela gure atzetik datozenei [...]».

Horra nola bukatzen den Martina Andersonen autobiografia. Choosing the Struggle du izena liburuak (Borroka hautatzea), eta Feile an Phobail edo West Belfast Festivalen eta Derryko festibalean aurkeztu du abuztuaren hasieran. Emozio handikoak izan dira bi aurkezpenak, bi aldeentzat: bai protagonistarentzat berarentzat —norberaren bizitza kontatzea beti baita hunkigarria— eta bai entzuleentzat —askok beren bizitza ikusi baitute islatua haren bizitzan, eta bizirik atera ez direnen falta sumatzen baitute—.

Derryn jaio zen Martina Anderson, 1962an, eta uste eta konpromiso osoz hautatu zuen borroka, beti koherente, bai IRAko boluntario izan zenean, bai Ostiral Santuko Akordioaren ostean Stormont Ipar Irlandako parlamentuan Sinn Feinen diputatu aukeratu zutenean, bai eta Europako Parlamentuko diputatu hautatu zutenean ere. Sinn Feinek Derryn duen egoitzan hartu du BERRIA, bere liburua Belfasten aurkeztu berritan.

Zergatik erabaki duzu autobiografia idaztea? Eta zergatik orain?

Egia esan, sekula ez dut izan liburu bat idazteko asmorik, baina adiskide askok eskatu zidaten, esanez emakume errepublikano gutxik idatzi dutela beren bizipenen eta historiaren berri. Ez nengoen seguru, baina, azkenean, ekin nion idazteari. Hori bai, gauza bat argi utzi nuen hasieratik: gauza zail samar batzuk neuzkala kontatzeko, eta asmo guztia neukala horiek kontatzeko. Liburua idaztekotan, integritatez eta zintzo idatzi nahi nuen. Irakurleari eskatzekoa banintzen bihotza zabalik eta zintzo irakur zezala liburua, orduan nik ere zintzo idatzi behar nuen. Eta halaxe egin nuen.

Borroka hautatzea: hala jarri diozu izenburua liburuari. Bizipen oso pertsonal batekin zerikusia du, baina, aldi berean, bizitzan hartu dituzun erabaki guztiekin. Zergatik hautatu zuen borroka Derryko gazte hark?

Hazi nintzen giroagatik. Umetan eta gaztetan izaten diren esperientziak ezinbestean lotu behar dira gero bizitzan hartzen diren erabakiekin. Ni, hain zuzen ere, gatazka bere ilunenean zela hazi nintzen, eta garai hartan, umeak ginela, estatuaren eta RUC Ipar Irlandako Poliziaren zapalkuntza eta indarkeria sufritzen genituen. 1968an, eskubide zibilen aldeko ekintzaileak alferrik saiatu ziren estatuari jarrera aldarazten eta komunitate nazionalista eta errepublikanoaren kontrako erasoak eragozten eta eteten: estatua ez zegoen entzuteko prest, ezta berdintasuna eta giza eskubideak onartzeko prest ere.

Zazpi urte nituela izan zen Bogsideko bataila. Derry Askeko izkina deitutakotik metro eskas batzuetara bizi ginen gu. Bogsideko biztanleek, azkenean, lortu zuten polizia eta loialistak handik botatzea. RUCek borroka haietan erabili zuen lehen aldiz CS gasa. Herriaren oroimenean, liskar haien ondorioz itzuli zen Britainia Handiko armada Sei Konderrietako kaleetara.

Igande Odoltsua, berriz, 9 urte nituela gertatu zen. Ni sinetsita nengoen eskubide horiek geureganatu behar genituela eta horretarako altxatu eta geure burua defendatu behar genuela. Beraz, handik urte gutxi batzuetara, borrokan hasi nintzen. Badakit mundu guztiak ez zuela hautatu bide hura, baina, kontzientzia lasai izango banuen, ezin nintzen besoak gurutze geratu. 16 urte nituela atxilotu ninduten lehen aldiz.

«Ahalegina egin nahi dut behingoz buka dadin emakumeek gizarte honetan oraindik ere sufritzen duten lotsa soziala eta morala, eta estigma»

Errepublikanoen mugimenduan sartu zinen, eta, horren ondorioz, erabaki oso mingarriak ere hartu behar izan zenituen. Liburuan kontatzea erabaki duzu. 

Bai. 1985ean, ohartu nintzen haurdun nengoela. Ez nuen pentsatua haurdun gelditzea, eta, gainera, jakin nuenerako, konpromisoa hartua nuen IRA Ingalaterran egitekoa zen misio batean parte hartzeko. Haurdunaldia eten edo ez erabaki behar izan nuen. Ez zen erraza izan, baina ebatzi nuen borroka hartan banuela zer egina oraindik, eta haurdunaldia eten nuen. Orduko zirkunstantziengatik hartu nuen erabakia. Eta erabakiaz beraz ez naiz damutzen, baina mingarria zait erabaki hori hartzera bultzatu ninduen zirkunstantzia: hau da, guk nahi ez genuen gerra batean murgilduta egotea. Halako erabakietan badago sekula aldatzen ez den zerbait: emakumeei dagokiela erabakitzea, eta ez beste inori.

Kontatu berri duzun hori plazaratu duzunean, gorroto mezu matxista eta chauvinistak bidaltzen hasi zaizkizu. Argi dago oraindik ere estigma dagoela emakumeek beren gorputzaren eta bizitzaren inguruan erabakitzeko duten eskubidearen gainean.

Bai, oso-oso indarrean dago estigma hori. Isiltzeko esaten digute emakumeoi, berriz ere isilik egon behar dugula, isilik betiko, isilik hilobiraino. Jendeari ez zaio ez politikoki eta ez sozialki onartzekoa iruditzen emakumeek nik hartu nuen erabaki hori hartzea eta gero, gainera, horri buruz hitz egitea. Baina, nire bizitzako garai jakin honetan, isiltasun hori urratzea erabaki dut. Ahalegina egin nahi dut behingoz buka dadin emakumeek gizarte honetan oraindik ere sufritzen duten lotsa soziala eta morala, eta estigma. Mingarria izan da eraso didatela ikustea, baina gorroto horren helburua zera da, nire gisako emakumeak isiltasun gotor batera bultzatzea.

1985ean atxilotu zintuzten bigarren aldiz, Eskozian. Ella O’Dwyerrek eta biok uste zenuten Londresko Holloway espetxera eramango zintuztetela, baina, azkenean, Brixtonera eraman zintuzteten.

Halaxe da. Goiko solairuan, gu biok ginen emakume bakarrak. Seiehun gizon zeuden han. Kartzelatu gintuzten egunean bertan hasi ziren gure eskubideak urratzen, guri jazartzen, eta hori ez zen behin ere aldatu. Etengabe miatzen ziguten gorputza: hasieran, egunean behin, bitan edo hirutan, baina, denbora igaro ahala, gero eta sarriago. Gogoan dut hara iritsi eta bi egunera lehen bisita izan nuela amarekin. Konturatu zen ez neramala oso ondo. Gure ama zen gure etxeko nagusia. Aita nik 9 urte nituela hil zitzaigun. Bisitak hamabost minutu baino ez zuen irauten, eta amak, ordu laurden hura pasatu zenean, nigana hurbildu, besarkada bat eman, hatz bat nire bizkarrezurrean jarri, eta esan zidan: «Martina, jarri tente». Eta hala egin nuen. Ziegara bueltatu nintzenean, esan nion Ellari: «Tente jarri behar dugu». Eta, indarkeriak indarkeria, sekula ez genuen berriz amore eman.

Durhamgo kartzelan ere sufritu zenuen indarkeria, egin zizuten esku hartze kirurgiko baten ondorioz.

Nik banekien esku hartze sinplea zela, baina ginekologoa militar bat zen. Anestesia osoa jarri zidan, eta, bitarte hartan, hemorragia bat izan nuen. Gero, esan zidaten umetokian kaltea izan nuela «istripuz». Ezingo nuen umerik eduki. 28 urte nituen.

«Beti nahi izan dut herrialdea berriz batuta ikusi. [...] Ziurtasunez begiratzen diot etorkizunari. Ez esperantzaz, baizik ziurtasunez»

Ezbairik gabe, aitzindaria izan zara hainbat alorretan. Beti ibili zara borrokan: gatazkan bertan, kartzelan eta hango gose grebetan, Ostiral Santuko akordioan, eta, gero, gogotsu sartu zara politika instituzionalean. Konpromisoa izan duzu ekarpena egin zenezakeen leku guztietan jendearen zerbitzuan aritzeko. Hartu dituzun erabaki horiek guztiak kontuan hartuta, nola definituko zenuke zure bizitza?

Uste dut bizi guztian izan dudala, batetik, egarria eta gosea pertsonak berdintasunez, duintasunez eta giza eskubideak errespetatuz trata ditzaten. Hori lortzeko lanabesak ematen badizkizute, uste dut garrantzitsua dela aldaketak egiteko erabiltzea tresna horiek. Bestetik, beti nahi izan dut herrialdea berriz batuta ikusi. Helburua beti izan da berbera, bai IRAko boluntario izan naizenean, bai preso politikoa izan naizenean, eta bai ekintzaile hautatu nautenean. Herrialde hau berriz batuta ikustea izan da helburua une oro. Ahal beste lan egin dut jendearen alde. Nire eginkizuna bete dut, eta horretan ari naiz gaur egun ere. Edozein dela bakoitzaren rola, denok irrika berberaz betetzen dugu. Liburuaren bukaeran diodan bezala, ziurtasunez begiratzen diot etorkizunari. Ez esperantzaz, baizik ziurtasunez. Zeren, aguantatu dugun guztia aguantatu eta gero, orain ezin dugu onartu erdizkako libertate bat.

Irlanda osoak bat egitea sekula baino gertuago dagoela dirudi. Baina zailtasunak daude oraindik…

Espero dut egiten ari garen bideak esperantza ematea borrokan ari diren beste batzuei, batez ere orain, Palestinan eta Gazan genozidio bat egiten ari diren honetan. Batzuetan, gatazka batean murgilduta zaudenean, iruditzen zaizu sekula ez zarela hortik irtengo. Aitzitik, erakutsi dugu hitz eginez eta modu logikoan pentsatuz aurrera egin daitekeela borroka horretan. Borroka orok ditu fase batzuk, eta, garaia eta abagunea heltzean, ezinbestekoa da lidergo bat prest edukitzea abagune hori aprobetxatzeko eta prozesuari aurrera eginarazteko. Beste askapen borroka batzuetan oraindik ez daukaten tresna bat daukagu guk: Ostiral Santuko Akordioa, Nazio Batuetan aurkeztutako agiri nazioarteko bat. Ez da irlandar errepublikanoen agiri bat, ezta Sinn Feinen agiri bat ere. Baina bertan adostutakoa nahikoa da borrokan aurrera egin dezagun modu demokratiko eta baketsu batean.

«Sekula ez dugu hain gertu izan gure herrialdea berriz batuta egotea. Uste dut ni hil baino lehen gertatuko dela hori, ez bazait ezustekorik gertatzen»

Eta, modu demokratiko eta baketsuan borrokatuta, babes zabalagoa ere lortu dugu. Borroka jakin bateko ikasbidea ezin zaio aplikatu beste bati, baina elkarri norberaren esperientzien berri ematea bada bide bat. Hegoafrikarrei, adibidez, ikasi genien negoziazioak oso garrantzitsuak direla, eta ez dela norberaren jendea atzean utzi behar sekula. Leku batzuetan, sektoreak elkarrengandik bereizegi daude. Nire ustez, beste askapen borroka batzuetan ari direnek kohesioa zein garrantzitsua den ikas dezakete gure bizipenei eta elkarrekin aurrera eginez ikasi dugunari erreparatuta.

Nolakoa irudikatzen duzu Irlanda batu hori?

Sekula ez dugu hain gertu izan gure herrialdea berriz batuta egotea. Uste dut ni hil baino lehen gertatuko dela hori, ez bazait ezustekorik gertatzen —egia esan, ez daukat asmorik luze gabe inora joateko [barrez]—. Sinetsita nago gure oraingo bide honek helmuga bat eta bakarra duela. Irlanda hobe bat ikusi nahi dut. Nik neuk errepublika sozialista demokratiko bat nahi dut, 32 konderriz osatua. Badakit erreferendum batek ez lukeela berehalakoan halakorik ekarriko, baina, herrialdea batzen badugu, modua izango dugu bide horretan lanean hasteko.

Uste dut denentzat izango dela herrialde hobea: protestanteentzat, katolikoentzat, disidenteentzat, tradizio guztietako jendearentzat eta tradiziorik gabeentzat. Gure seme-alabak leku hobe batean haziko dira, eta ordezkari hobeak izango ditugu.

Zer etorkizun ikusten diozu Erresuma ez jada hain Batuari?

Erresuma Batua esaten zaion hori barrutik kanpora desegiten ari da. Eskozian beste independentzia erreferendum bat egin nahi dute; Galesek ere antolatu nahi du berea, eta guk, gurea. Londresko eta beste toki batzuetako little englander horiek denoi ari zaizkigu eragozten erreferendumak. Ez zait iruditzen horrek betiko iraungo duenik.

«Ezinbestekoa da gure garaiarekin eskuzabal jokatzea eta eman dezakegun guztia ematea. Nazioarteko elkartasuna funtsezkoa da askapen borroka guztientzat»

Inoiz ez dituzu ahaztu besteak ere: adiskide kurduak, euskal herritarrak, hegoafrikarrak, palestinarrak, tamilak… Zer leku du internazionalismoak zure bizimodu politikoan?

Irlandar errepublikanoa naizen heinean, nazionalista progresista naiz, eta baita internazionalista ere. Nazioarteko elkartasuna geure-geurea dugu: garenaren parte da. Ahalegina egin dut kurduen, palestinarren, tamilen eta beste askoren borrokaren aldeko elkartasuna sustatzeko eta Europako Parlamentuan haien ahotsa izateko. Aukera izan dut, era berean, Europa guztiko nazioarteko jokaleku askotarikoetan Sinn Feinen ordezkari gisa aritzeko, eta horrek sendotu egin du nazioon arteko adiskidetasuna. Nire ustez, ezinbestekoa da gure garaiarekin eskuzabal jokatzea eta eman dezakegun guztia ematea. Nazioarteko elkartasuna funtsezkoa da askapen borroka guztientzat. Europako Parlamentuaren Palestinarekiko Harremanetarako Ordezkaritzako presidentea ere izan naiz. Sei aldiz egon naiz Gazan eta Palestinan. Gero, Israelek pasaportea zigilatu zidan, eta esan zidan ez itzultzeko sekula. Laborrituta ikusi dut, egunez egun, nola gertatzen zen genozidioa. Nazioarteak lotsagarri jokatu du Israeli egiten ari dena egiten utzita, hura zigortu gabe.

Euskal Herriko lagunei ezer esan nahi diezu?

Beti iruditu zait estimatzekoa euskaldunek erakutsi diguten elkartasuna, eta trukean nik haiei erakutsi diedana. Askotan izan naiz Euskal Herrian, eta presoak bisitatzera joan izan naiz. Euskal ordezkari politikoak lan bikaina egiten ari dira hala beren parlamentuetan nola Madrilen. Esperantza eta optimismoa pizten dute. Iraun dezala luze nazioarteko elkartasunak!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA