'Estraktibismoa Argentinan' (eta VI). Maputxeak

Aitortza lortzeko borrokan

XIX. mendean panpako lur emankorretatik kanporatuak izan ziren maputxeak berriro gatazka berean daude Argentinako Estatuarekin, erregaien eta meatzaritzaren harira.

LOF NEWEN MAPU
Lof Newen Mapu komunitateko plazaren irudia, ospakizun egun batean. LOF NEWEN MAPU
inaut matauko rada
Neuquen
2026ko irailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

«Hemen dena egiten dugu janariaren inguruan. Desadostasunak argitzeko ere, otordu bat egiten dugu aurrena»; hala mintzatu da Padi ezizena duen maputxea, Lof Newen Mapu komunitateko laguna, kide guztien artean gobernatzen duten etxe komunaren kanpoaldean. Gori-gori dagoen egur gaineko eltzera pasta zatiak botatzen dituen bitartean eman ditu azalpenok, barre artean. Egun hotza eta euritsua bada ere, kaleko sutondoan gustura egoten da. Opil frijituak eta pangkutra izeneko haragi eta barazki zopa prestatzen dabil.

Bakea eta Duintasuna elkartearen OMAL proiektuak Argentinara eramandako euskal birako kide batzuen aurrean esan ditu hitzok, pasta mozten laguntzen ari zaizkion bitartean. Komunitateak oasi bat dirudi basamortuan. Izan ere, zabortegi batetik gertu dago, eta ingurua zikin eta zaindu gabe dago; ez, ordea, maputxeak bizi diren lur zatia. Horrek ez du esan nahi arazorik ez dutenik. Padik zehaztu du desberdinkeria handia dagoela Neuquenen, komunitatea dagoen probintzian.

MAPUTXEAK
Lof Newen Mapu komunitateko Padi, berak egindako pangkutra zopa zerbitzatzen. ANTV NAWEL

Bazkariko plateren osagaiak azaltzen dituen bitartean, gehitu du pangkutra zopa bereziki garrantzitsua dela eurentzat; ez soilik egun hotz eta berezietan jaten delako, baita berek hazten dituzten barazki guztiak dituelako ere. Azaldu duenez, borrokan dabiltza ahalik eta beharrizan gehien beren lurretan ekoitzi ahal izateko.

Haren ostean, Lef Nawelek hartu du hitza, abokatua eta komunitateko autoritateetako bat. Herri maputxea osatzen duten komunitateek Neuquenen eta beste probintzia batzuetan izandako bilakaera esplikatu du, baina, horren aurretik, barkamena eskatu du «berandu iristearren»; izan ere, auzitan ari dira pertsonalitate juridikoei buruzko kontu bat dela eta, eta epaitegian izan da. Hain zuzen, kasu horrek maputxeen bilakaerarekin «harreman zuzena» dutela azaldu du: «Genozidioaren ostean, familiak elkarren artean biltzen hasi ziren iraun ahal izateko».

Maputxeen antolaketa aldatu egin zela azaldu du Nawelek: «Lehen familia handi batek osatzen zuen komunitate bakoitza, baina gero, familia batzuk komunitate bakarrean elkartzen hasi ziren bizik irauteko».

Probetxurik gabeko lurrak

Antza, Neuquen probintzia inguruan dauden komunitate maputxe askoren jatorria Buenos Aires eta Panpa probintzietakoa da, eta Argentinako Estatuak XIX. mendean basamortuaren konkista delakoa egin zuenean, orain dauden inguruneetara mugiarazi zituzten, indarrez: «Herri maputxeak Espainiaren konkistari aurre egin zion, baina, geroago, Argentinako eta Txileko armadek inbaditu egin gintuzten». Izan ere, garai hartan hasi zen Argentinako Estatua laboreen esportazioan oinarritutako ekonomia bat sortzen, eta ipar-ekialdeko lur emankor horiek behar zituzten: horregatik kanporatu zituzten bertatik.

«Atzerriko kapital inperialistaren zerbitzura zegoen gobernuak panpa hezea behar zuen; horregatik bidali zituzten lur horietatik»

LEF NAWEL Lof Newen Mapu komunitateko abokatua

Orain, baina, Neuquengo lurraren azpian topatu dituzte esportatzeko lehengai nagusiak, petrolioa eta gasa, eta horregatik sortu dira berriro ere gatazkak azken urteetan: «Atzerriko kapital inperialistaren zerbitzura zegoen gobernuak panpa hezea behar zuen; horregatik bidali zituzten lur horietatik. Paradoxikoki, gure jendea hona etorri zen, gobernuak gaitzetsi egiten baitzuen inguru hau, etekinik ematen ez zuelako, baina orain lur hauek behar dituzte, petrolioa eta gasa daudelako».

Hala, Nawelek oraingo egoera XIX. mendeko basamortuko kanpainarekin alderatu du: «Basamortuko beste kanpaina moduko bat da, gure jendea desjabetzeko. Baina ez maputxeak soilik, nekazari argentinar asko beren lurretatik bidali baitituzte». Are, azken urteetan kaltetuenak Argentinako nekazariak izan direla uste du, ez daudelako, maputxeak bezala, komunitateetan antolatuta. Hain zuzen, maputxeen komunitateek pertsonalitate juridikoa behar dute aurrera egiteko, eta horregatik jo dute auzitara, aitortza hori lortzeko.

2013an, Maputxeen Konfederazioak epaiketa bat irabazi zion Neuquengo probintziari, eta ordutik komunitateek beren buruari aitortza egiteko eskumena dute: «Hau da, estatuak ez du eskumenik erabakitzeko zein den maputxea eta zein ez». Hala ere, Nawelek nabarmendu du hori ez dela betetzen. Izan ere, uztailaren 15ean komunitate bati maputxe izaera ukatu zioten, argudiatuta ez dituztela maputxeen nahikoa ezaugarri kultural: «Ez da kasualitatea, handik bi egunera meatzaritza esploraziorako baimen bat onartu baitzuten komunitate horren lurretan».

Nawelen ustez, erresistentzia ezabatze aldera ukatzen dute aitortza, legez maputxe komunitate bat dagoen lurrean hari kontsulta egin behar baitzaio proiekturen bat aurrera ateratzeko. Azkenik, azaldu du haiek lurraren jabetza komunitarioaren aldeko borroka egiten dutela, eta ez jabetza pribatuaren aldekoa: «Eta hori arazoa da Argentinako legediarentzat, jabetza komunitariokoa den metro bakoitza merkatutik kanpo geratzen baita, ezin delako ez alokatu ez saldu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA